Iragarritako sute baten kronika

Iragarritako sute baten kronika –

Fermin Calbeton 15. zenbakiko bizilagunak garen aldetik, gure etxepeko sutea dela eta, haserre eta lur jota gaudela agertu nahi dugu, iragarritako sute baten kronika baita gurea.

Iragarritako sute baten kronika
Parte Zaharreko Zumelztegi tabernako sutea. Arg: Agus Rodriguez

Alde Zaharrean ordainsari handiak ordaintzen ditugu bizilagunok: zarata, turismoaren masikfikazioak eragindakoak, zikinkeria, gentrifikazioa eta gaurkoa bezalako gertaerek auzoko bizilagunoi eragiten diguten kezka eta beldurra. Non izango ote da hurrengo sutea? Seguru al gaude?

Datuak beldurgarriak dira, azken urtebetean, 4 sute izan dira eta atzerago egiten badugu, 2009tik hona 16. Hau ez da kasualitatea, hemen arriskua etxepean dugu, auzoa bolborategi bat da.

Batetik, gogorarazi nahi dugu suhiltzaileak aspaldi ari direla borrokan gu guztion segurtasuna bermatzeko eta baliabide nahikorik ez dutelako. Udalak entzungor jarraitzen du. Noiz arte? Suhiltzaileak kamioietan protesta kartelak itsatsita daramatzatela ikusi ditugu gure etxeko sua itzaltzeko lanetan gogor ari zirela. Mila esker zuei!

Nabarmentzekoa da EH Bilduk urtarrilaren 25eko plenoan, hilabete lehenago Abuztuaren 31 kalean gertatutako beste sute baten harira, mozio bat aurkeztu zuen Udalak tabernetan ikuskaritzak egin ditzan eta Udal Gobernuak, PNVk eta PSEk, aurka bozkatu zuten aipatutako suteak ohikoak direla esanez, alegia, hemen gertatzen ari denak ez duela arreta berezirik merezi.

Zeren beldur dira? Zergatik ezin dira ikuskaritza lan horiek aurrera eraman?

200 taberna eta 60 biltegi inguru ez al da nahikoa Udalak gai honi merezi duen seriotasunez heltzeko? Bizilagunok hala uste dugu eta gure etxepeko sutean denok onik atera bagara ere, zer gertatu behar du Udalak arduraz jokatzeko?

Iragarritako sute baten kronika

Parte Zaharrean Bizi auzo elkartea, Donostia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude