Intsumisioa gerrei: plazatik parkera
Intsumisioa gerrei: plazatik parkera –
Plazak gure hirietako gune garrantzitsuenetakoak dira, jolaserako eta topaketetarako eremuak, zeinetan gatazka eta protestak ere ikusarazten diren. Halaxe gertatuko da bihar, apirilaren 9an, Iruñeko Gazteluko plazan, bertan mundu mailan gerraren aurka altxatu diren ahotsekin bat eginik, intsumisioa, desertzioa eta giza desmilitarizazioa aldarrikatuko baitugu. Protesta uhin hori ezinbestekoa dugu Ukrainan herriak eta bizitzak suntsitzen eta mundua amildegiaren ertzean jartzen ari den ordenamendu globalari aurre egiteko.
Sumindurik eta haserre jasotzen ditugu Ukrainatik heltzen zaizkigun berriak, eta, horiek ikustean, azken urteotan hiriak bonbardatuak izaten ari diren beste eszenatoki urrunak datozkigu gogora (Siria, Yemen, Palestina…), edota hurbilagoak diren beste batzuk ere, Bidasoa ibaia edo Mediterraneo itsasoa, alegia, zeinetan milaka pertsona hiltzen diren urtero gerratik ihesean. Gure iragan hurbila ere badatorkigu gogora. Horrela mintzo zen duela gutxi 36ko gerrako umeetako bat, Ukrainako errefuxiatuen irudiak ikustean: «Nire amak esandakoa gogorarazten dit egoera honek, nola Frantzia aldera pasatu ginen eta kontzentrazio eremu batean sartu gintuzten, nik urtebete eskas nuelarik».
Kasu honetan mina, sufrimendurako makineria, Moskutik gidatzen da, gero eta autokratikoago eta autoritarioago den erregimen batetik, baina aldi berean gerrak militarizazio eta sufrimendu dinamikak ere eragin ditu Ukrainan, milizia neonazien indartzearekin eta 2014tik gerran dagoen Donbass aldean bortizkeria areagotuz. Horrekin batera, Moskuko zein Kieveko gobernuek gero eta gogorrago kriminalizatzen dute barne disidentzia, hainbat zigor ezartzen diete desertoreei, eta gutxiengoen eskubide politiko zein kulturalak zapaltzen dituzte behin eta berriro.
Testuinguru horretan, gure haserre eta protestak norabide bikoitzean bideratu behar ditugu. Alde batetik, gerraren bukaera eta okupazio tropen erretira aldarrikatzen ditugu, eta, bestetik, hausnarketa globalago bat ezinbestekoa zaigu, inbasio hau politika militaristen beste adierazle bat delako, segurtasun promesak baliatuz, arrisku, kalte eta sufrimendu berriak eragiten dituztenak.
Ekialderako hedapena abiatu zuen NATOk 90eko hamarkadan, Europan Errusiarekiko segurtasun konpartituaren ideia baztertuz zein mespretxatuz, Gerra Hotzean izandako garaipen oso eta umiliagarri bat ikusarazi nahian. Horrekin batera, Mendebaldeko potentziek gerra zein parte hartze militarrak mundu osoan jarri dituzte martxan haien interesen mesedetan (behin baino gehiagotan Bardeako poligonoan trebatuak!), horretarako pobrezia eta miseria sortzen duen gastu militar itzela bideratuz. Behin baino gehiagotan, eta azken pandemian berriro ere, horren zentzugabekeria ikusi ahal izan dugu, dirutza hori beste betebehar sozialetara bideratzea askoz onuragarriago bailitzateke. Horrekin guztiarekin batera, bestalde, Europa gotorleku gisa eraiki da, bertara ailegatu nahian milaka pertsona heriotzera zigortuz, edota, behin ailegaturik, milioika lagun apartheid egoera batean bizi izatera kondenatuz, eskubide politiko eta sozialik gabe.
Mundu mailako ordenamendu militarizatu honen eta bere tresna nagusienetakoa den NATOren aurka, eta aldi berean Putinen asmo inperialisten aurrean, iragan apirilaren 9an Intsumisioa gerrei leloarekin hainbat hiritan (Iruñea, Bilbo, Zaragoza, Bartzelona, Albacete, Granollers, eta abar) zabaldu zen uhinarekin bat egin genuen. Lurralde, gizarte eta gorputzen militarizazioaren aurrean, desorekak, injustiziak eta sufrimenduak eragiten dituen ordenamendu kapitalista eta patriarkala gainditzeko beharra aldarrikatu nahi dugu, horretarako desobedientzia zibil ez-biolentoaren balioa azpimarratuz.
Plazatik parkera abiatu ginen, mundu osoko ejertzitoen —hurbilenetik hasita— funtzioak salatuz eta gazteluak zein gerra makineriak eremu desmilitarizatuak bihurtzeko beharra aldarrikatuz, jai zein intsumisio eremuak, alegia.
SINATZAILEAK: Artikulua intsumisioagatik Iruñean preso egondako hauek ere sinatzen dute: Lander Aurrekoetxea Ezkurdia, Aitor Balbas Ruiz, Juan Kruz Lakasta Zubero, Fernando Mendiola Gonzalo, Daniel Mihura Garate, Saul Arangibel Reinaldos, Gaizka Aranguren Urroz eta Sergio Salinas Ariz.
Putinek Errusia inbaditzen du eta hara nola gure euskal ustezko abertzale andana ari dira NATOrekin gora ta behera.
Ba NATOk Ukrainia lagunduz lortuko balu errusoek alde egitea oso ondo irudituko litzaidake niri.
Ikusten da herri honetako sektore batek oraindik ez duela behar beharrezkoa duen aldaketa mentala eman eta oraindik mundu politikak gidatzen duela bere ideologia. Euskal abertzale batek inperialismoari aurre egin behar dio beti eta oraingoa Errusiakoa da dantzan dagoena.
Nik uste dut, gainera, ukrainiarrek beren herria defenditzeko eskubidea dutela eta hori armakin bada ba ala bedi. Baina garai bateko ETAko zaleek orain pazifistaren txorimaloa pasiatu nahi dute.
Nik uste dudana zera da, une honetan, goikoa bezalako mezuek ez dutela deus balio, Moskura eta inguruetara bidali eta Errusieraz idatzita ez badaude. Oso erraza baita insumisoa izatea aurrean ez dugun errealitate baten aurka…
(Tronpatu zara, Gontxal, baina bestalde asmatu ere bai: “Putinek Errusia inbaditzen du”)
oso ongi zegok artikulua, baita goiburua: intsumisioa armei, gerrei…! Izan ere GERRA hitzaK horixe esan gura baitu euskera-amazighean: “AGER ERRA”
bAIÑA ETA kontua duk ea hori benetakoa
“DAN edo EZ DAN
AGER DAGIELA
DERIOKO PLAZAN”
eta nronek behintzat, San Tomasena,
“nisi videro non credo”
Zeren eta lehenbizi egin beharreko duk Basque Countyko armmentistak (arma ekoizle eeta trafikatzaileak dalatzea izen-abizenekin, eta krafin edo delakoa egitea euren borthaletan!
Eta zuek, Gontxal eta aingerutxuok, jakin ezazue jada lerratu gaituztela OTAN-zaleek hango herri autodeterminatuen kontra (Donbass, Lugashk, Odessa…) eraso armatua egitera, gure izenean hara bidaldu ARMEKIN! Eta horretan dihardugula, motelak!
eTA espero dut nonbait inoiz geure krimenen kontuak eskatzea. Putin bai gaizto begien bistakoa, eztok?
Eta geu zer kamaradak?
Nazaretekoak ongi esan zian bere maitale prostutura harrikatu nahi zuten FARISEOI zuzenduta: “bere burua bekaturik libre uste duenak, JAURTI BEZA LEHENENGO HARRIKADA”
Eta orduan Fariseoek (gu baino pixkat zintzoago antzá) buru-makur urrundu ziren”, Mateok idatzi zuenez.
Eta joan da Putin auzo herrialdera eta jaurti ditu lehenengo ehun mila harrikada!!
Ora pro nobis!