Interneta nobela beltza izorratzen ari da, eta ez zaio inori inporta!

Alberto Ladronen Zer barkaturik ez eleberriarekin gertatu zait, eta ez da lehengo aldia. Internet-a nobela beltzetan sartu denetik, dena da errazago. Lehen, detektibe edo dena delakoak pertsona bat bilatu edo bere arrastoari jarraitu behar zionean milaka saiakera egin behar zituen: erakundeetako artxibategietara jo, bertan arakatu, funtzionario, salatari zein mihiluzeak erosi, eta ororen gainetik, kalean gora eta behera ibili. Zer esanik ez bilatzen zuena, pertsona bat izan beharrean,  ezkutuko erakunde edo elkarte bat bazen. Bilaketa horrek bazuen bere xarma, eta helburua bezain garrantzitsua bilakatzen zen jorratu beharreko bidea, hutsean emandako pausoak, hanka sartze bakoitzak eragindako ezusteko egoerak. Apurka apurka, eta  gehienetan bilatu gabe, protagonista, eta bere eskutik irakurlea, arazo berrietan korapilatzen ziren, arriskua arriskuari lotuz, in crescendo etengabean.

 

Egun, baina, badirudi nahikoa dela klik egitearekin. Erraza, ezta? Kasu askotan errazegia, eta oraingoan ez naiz Alberto Ladronen liburuaz ari, orokorrean baino. Google-ra jo, izen bat idatzi, eta  beste bilaketa pare bat eginez gero edonor, edonon dela ere, aurkituko duzu. Errealitatea, ala fikzioaren izterrak, askotan zabalegiak direla? Egongo da batetik zein bestetik: Gauzak benetan horrela badira, anai handia txiki uzteko bidean goaz. Idazleen baliabidetzat hartu behar badugu, baliabidea baino, iruzurra iruditzen zait, lana, irudimena eta orrialdeak eskatzen duten egoera deserosoak  internet ex machina hala-moduzko batez konpontzeko amarrua. Eta larriena zera da, ez zaiola inori inporta! Halakorik!

Interneta nobela beltza izorratzen ari da, eta ez zaio inori inporta!

MARTITZENA 13