EITB eredua auzitan

EITB eredua auzitan

EITBko langile talde batek EAEko aukera politiko guztietako ordezkariei eta Administrazio Kontseiluko kideei helarazi dien bost puntuko idazkiak berriz  ekarri du desadostasuna.

Publikoa, kalitateduna, independentea, mugak gainditzen dituena, euskararen normalizazioa bultzatuko duena, inpartziala, euskal kulturaren sustatzailea… Horretan bat egiten dute denek. Baina, berriz ere, eztabaidu sortu du EITBn euskarak izan behar duen tokiak, edo, zehatzago izate aldera, gaztelaniak izan behar duen lekuak.

BOSTPUNTU dokumentura atxikitu direnek zera diote hizkuntzari buruz:

  • “Euskarari lehentasuna” eman behar zaiola.
  • “Euskara bultzatu eta normaltzeko helburu estrategikoa” izan behar duela.

Dena ondo ordura arte. Akordiorik eza lehenengo puntuko esaldi batek ekarri du:

  • “(…) euskaraz eta gaztelaniaz kalitatezko programazioa (…)”

Zenbait euskaldunek bostpuntu dokumentuaren atal hori kritikatu dute publikoki:

Luistxo Fernandezek Sustatun esan du ez zaiola iruditu agiria “ETB euskaldun baten aldeko aldarria denik”, eta twitterren “2012. urte honetan, gaztelaniazko komunikazio publikoa subentzionatzearen alde, nik EZ DUT sinatuko #bostpuntu” dio. Gainera,  Jesus Egigurenek esanak hartu ditu gogoan.
Adierazpen hauek guztiek bat egiten dute lehenago Emilio Guevarak eta J.A. Del Moralek  adierazitakoarekin, nahiz eta, erabili den argumentu sorta ez duten guztiek berdina, azken bi hauek ez baitira sekula bereiztu, hain zuzen ere, euskararen alde eginiko lanagatik edo kezkagatik.   Aritz Galagarrak ere Berriako Lau puntu eta erdi artikuluan idatzi du “gaztelaniazko telebista bat diru publikoz elikatzeko eskaera” ezin duela sinatu. Galarragak dio “gaztelania eta euskara elkarrekin dituen etxe batek, borondate onena ukatu gabe, beti hartuko duelako azkenerako gaztelaniaren aldeko jaidura”.

BOSTPUNTU dokumentuaren alde agertu dira, besteak beste, pertsona hauek:

Iñaki Soto, Javier Vizcaino, Ramon Zallo, Josu Mendicute, Aitziber Laskibar, Ramon Saizarbitoria, Hasier EtxeberriaMaddalen Iriarte, Juancar Etxeberria, Elixabete Garmendia, Mariano Ferrer, Xabier Euzkitze, Bernardo Atxaga, Urko Aristi… Zerrenda osoa hemen.

 

Bi dira, beraz, jarrera nagusiak:

  • Gaztelaniazko zerbitzuak kentzearen alde, hots, ETB2, Radio Euskadi eta gaztelaniazko EITB.COM,  besteak beste.
  • Gaztelaniazko zerbitzu horiek mantendu, baina euskarari lehentasuna emanez.

Albistea hedabideetan:

EITB eredua auzitan

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

15 pentsamendu “EITB eredua auzitan”-ri buruz

  • 25 urte ez dira alferrikakoak izan: gaztelaniazko euskal telebista publikoa erditzeaz gain, zentralitate osoa lortu du, eta euskara bazter batean utzi du. Gauzak horrela, iritzi publikoari begira, ez dirudi gaztelaniazko kateak orain eta bat-batean kentzea erraza izango denik.
    Baina argi dagoena da euskarak zentralitatea berreskuratu behar duela -hanka sartze edo euskaldunon porrot izugarria izan zen ETB2 sortzea- eta, Aritz Galarragak dioen bezala, bi hizkuntzak parez pare jartzeak badakigu zer ekarri ohi duen praktikan.
    Gainera, egia bada ere adierazpenean euskararen sustapenaz hitz egiten dela, oro har, lausoegia iruditzen zait eta interpretaziorako aukerak ematen ditu: nahi duenak ikus dezake euskararen defentsa argia agian, baina nahi duenak ikus dezake elebitasun ingenuoaren defentsa ere.
    Horregatik, nik ere ez dut sinatuko. Uste dut euskaldunok ausartagoak izan behar dugula. Egoera minorizatuak exijitzen duena da ausardia eta arriskatzea; are gehiago, EITBren audientzia eskasa ikusita. EITBk ez du askorik galtzeko, euskaldunok berriz, dena irabazteko.

    • Haitzekin guztiz ados nago. Nik uste beldur ikaragarria dagoela gaztelerako katearen dependetzia galdu ezkero EITBk izango lukeen bilakaerarekin. Ematen du, euskarazko katea ez dela bakarrik ibiltzeko gauza, Anaia haundia behar duela ondoan eskutik helduta eraman dezan. Audientziak dira agian ardura sortzen dutenak? Ez dakit…

      Orain arte hizkuntza POLITIKA (bai ondo esan dut, politika; horri ere beldurra zaio eta) leunegiak ezarri direla esaten duen bakarrak ez gara: http://www.kontseilua.org/index.php?id_saila=54&id_edukia=464&lang=eu

      Nik ETB EUSKARAZKO telebista publikoa defendatzen dut. Gaztelerak kaltea besterik eragiten ez diolako, ez dagoelako modurik berezko hizkuntza erabili gabe beste hizkuntza bat erabiltzera konbentzitzeko, ezin duelako gazteleraren itzulpen kutre bat izan, bere edukiak izango dituen eta hizkuntz laborategi bat izango den telebista bat nahi dugulako…

      Eztabaida zabalagoa ere irekia dago nahi duenarentzat: http://sustatu.com/1338794288

      Eta azkenik esan, ez dudala ulertzen ETB2 kate bat, tresna politiko bezela ez bada. Hau da, mezu politikoak bi hizkuntz komunitateetara bideratzeko estrategiarekin ez bada. Hizkuntza ikuspegitik ikusita suizidio bat iruditzen zait.

  • Gaztelerazko zerbitzuak kentzea? Erotu al gara?
    Faborez, gogora dezagun Euskal Herrian gazlterazko hiztun gehiago daudela euskarazko baino, eta onerako edo txarrerako, publikoa izan dadin guztien beharrak asetu beharko lituzke. Argi dago orain arte ez dela hala izan, eta EITB barruan dauden gaztelerazko hedabideak euskarazkoei nagusitu zaizkiela, baina eman diezaiogun BostPuntu-ri aukera, ETB2, Radio Euskadi… desagertzea EITBrentzat ezin kaltegarriagoa izateaz gain, esaten duzuena (edo dutena) utopia besterik ez delako. EITBk kenduko balitu beste norbaiten eskuetan egongo litzatekeelako, eta berriz ere, euskarazko hedabideak xurgatuko lituzkeelako, gehiengoa osatzearen ondorioz.
    Beharrezkoa dena ez da gaztelera desagertzea (ezinezkoa baita), baizik eta jendeak euskaraz mintzatzeko ohitura hartzea, txikitatik eta gehiengoa osatuz, eta horrela bai, gutxinaka posible izaten hasiko litzateke euskararen nagusitasuna

    • Gogoratu nahi zaitut, Euskaldun ia denok elebidunak garela, eta asko eta askok ETB2 bakarrik ikusten dutela pelota partiduetarako ez bada. Hau horrela, aipatu beharrik ez dago 20 bat katetatik 3 bat daudela euskara hutsean (nik dakidala)… zer logika du gaztelaniari leku gehiago egiteak? Zer ba Aita, Ama eta beste lau hitz esanda kontzientzia lasaitzen dugu ala?

      Ze ikastetxetan ikusi duzu euskara gaztelaniatik erakusten? Edota Ingelerako klaseak gaztelaniaz ematen? D eredua EH osoan jartzea horrenbesterako erokeria da? Ez al dugu ba Euskaldunok ezinbestean gaztelera ikasten? Nola da ba hori? Euskarak ez ditu hizkuntzaren beraren komunikazio tresnak bakarrik eskeintzen… euskaldunon beste ikuspegi bat eskeintzen du. Gaztelerako kateak inoiz lortuko ez duena. Euskaldun identitatea sortzen du beste gauza askoren artean. Hori ezin da beste hizkuntza batetik lortu, ezinezkoa da.

      Gaztelera ez da desagertuko ezta EH osoan euskaraz %100 hitz eginda ere, gaztelerazko kateak soberan daude! Gogoratu hasera batean ETB1 bakar bakarrik hasi zela lanean. Horrenbesterainoko erokeria izan al zen? Orduan gainera hizkuntz komunitatea orain baino ere ahulagoa zen.

      Ez dugu Euskaragan sinisten… ez dugu Euskaragan apusturik egin nahi, hori da arazoa eta punto. Ez dugu Euskara balio erantsi bezala ikusten, pega bat bezala baizik eta horrela ez goaz inora.

  • Urtzai, zein sinpleak diren gauzak, ez da?
    Jar dezagun kate bakarra euskaraz eta kito. Ederki. Norentzat, baina? Ba al dakizu zer ikustea atsegin duen euskaldun jendeak? Jakingo duzu, ba, EITBren historian izan dela kalitatezko saio mordoa, arlo guztietakoak, inork gutxik ikusi dituenak? Anitzele, Azpimarra, Mihiluze, EITBkultura, Orain… Eta beste ziento bat, gutxienez.
    Erraza da errua EITBko gidariei eta hango profesionalei botatzea, baina ez al zaizu iruditzen beste faktore batzuk ere badirela euskaldunon telebista-kontsumo  ohituretan eragiten dutenak? Esate baterako, euskaldunon demografiak ez duela gehiegitarako ematen, beste hizkuntzak ere ezagutzen ditugula, gizarte handiagoen gertakariek erakartzen gaituztela… Ez al zara oraino ohartu euskaldunok ez garela oraindik oso normalak? 
     
    Atzo, esaterako, ETB1en unerik gorenean, EAEko euskaldunen artetik -eta euskal hiztunez bakarrik ari naiz EAEko erdaldunak kanpoan utzita-, %4egon zen euskarazko emisioari begira. Horrek esan nahi du, EAEko euskaldunen %96k nahiago izan zuela gaztelaniazko eskaintzari behatu, nahiz eta, bat etorriko zara nirekin, askoz emisio kaskarragoak ziren, euskaldunen artean ordu horretan ikusiena izan ziren Gran Hermano eta El Hormiguero  bereziki… Ez dut pentsatzen hasi nahi ere, euskal katearen audientzia kopuru horiek zenbatekoak izan ote ziren EAEkoak ez diren euskararen lurretan, ez dizkizt aipatuko saio horren atzetik eta aurretik egon ziren zuk eta nik “kalitatezko” programatzat hartuko genituzkeen batzuk eman dituzten zifra are negargarriagoak…
    Jakina EITBk ere baduela erantzunkizuna, eta galanta. Merkatuaren aldaketak, Internetek eta horrek guztiak ere badakar berea… nahi duzun guztia, baina euskaldunak beste pantaila batzuetara begira egon ziren, teorian berean programa “hobea” zuten mementuan. Eta ez da atzo bakarrik izan, jakingo duzunez.
    Horiek dira zure herritarrak, horrelakoa da zure herria. Ez nahastu erralitatea eta fikzioa.
    Eta zuk proposatzen duzu, komunikazioan eskarmentu handia duten hainbat eta hainbat profesional euskaltzaleren iritziari muzin eginez, gauzatuta dagoen errealitate bat kolpetik aldatzea, dena itzali eta soilik uztea piztuta EAEko biztanleen %20ak baizik ezin uler dezakeen zerbitzu publiko bat, unerik gorenean euretako %5ek inguruk  ere ikusiko ez duena… 
    Ene irudikotz, gauzak apur bat konplikatuagoak dira, kamarada.
    Badakit dena ez dela zenbaki, baina zenbakiak ere badira eta, zoritxarrez, euskaldunon oso kontrakoak. EITB zerbitzu publikoa nahi duzu antolatu “besteei” zeuretzat eskatzen duzun eskubidea ukatuta, errealitate hori gurean ez balitz bezala, “beste hizkuntzan” aritzeak erakar dezakeenari uko eginda, gureganako interesatu edo liluratu baino, derrigortuta…
    Ez dakit ba, apurtxo bat  arraroa egiten zait zure sistema, ez behintzat oso asanblearioa edo demokratikoa, nire irudikotz. Baina nahi nuke, neuretzat, zeuk bezain argi gauzak ikustea, zinez.
    Eta Iparraldea eta frantsesa demagogikoki ez dezala aipa inork, mesedez, botalarria eragiten du eta.

  • Hasier, ados nago zeuk esandako askorekin. Errealitatea dagoena da eta ezin dugu hori ukatu.
    Ez dut jarrera maximalistetan erori nahi (egun batetik bestera dena irauli…), eta ez dut ulertzerik nahi adierazpena kakatzat dudanik ere. Gainera, ez dakit zein nolako prozesua eman den EITBn puntu horietara iristeko, zein puntualizazio eta zesio egin dituzten alde guztiek adostasun hartara iristeko.
    Baina euskaldun bezala eta azken urteetan EITBren norabidea ikusita, beldurra dut adierazpen honek indar nahikorik ez izatea; hau da, nire iritziz euskararen eta gaztelaniaren paperaz interpretazio asko egin daitezke, ez da oso argia, eta sorrerako asmoetatik urruntzeko aukerak ditu. Neuk zehaztasun handiagoa nahi nuke: euskara zertarako eta agztelania zertarako.
    Bestalde, kalitatezko programena eztabaida luzea iruditzen zait (zein da telebista publikoaren eginkizuna, zein da lehentasuna, jendea euskarara hurbiltzea ala “kalitatezko” programak egitea, ala biak…), ez naiz horretan sartuko. Baina galdera bat egingo dut, erabat erraturik egon naitekeela jakinik ere (ez naiz komunikazioan aditua): “Conquis” euskaraz balitz ez al luke euskarazko telebistak audientzia irabaziko? Ez dut uste hori egitea hain zaila zenik… Ah, eta beste bat: Zenbatek euskaldunek ikusten dute teleberri, ez dagoelako kirol ordutegien kulunkan eta “prime time”-ean delako?

  • Hasier,

    Ez dut inondik inora ere sinplea denik esan. Ikaragarrizko erronka iruditzen zait EITB-rentzat hemen eztabaidatzen ari garen bidea egitea. Bestalde sentitzen dut mindua sentitu bazara baina arazoaren errua ez dut uste telebistarena bakarrik denik, sakonagoa da, dudarik gabe. Ez dut ezta telebistan lan egiten duzuenon profesionalitatea ere dudan jartzen. Eta bai oso gustuko ditut eta izan ditut ETBko hainbat eta hainbat programa.

    Nik badakit zein den errealitatea, eta badakit ez direla audientziak derrepentean aparra bezala haziko ezta gutxiago ere! Baina zein da hemen helburua? Lehen ere esan dut, audientzia? Horrela bada, akabo. Adibide bat jartzearren, garraiobide publikoa ere gutxiengo batek erabiltzen du gaur egun, baina horrek ez dio kentzen jendarteari egiten dion mesedea.

    Bestalde “EAEko biztanleen %20ak baizik ezin uler dezakeen zerbitzu publiko bat” diozunean beste %13 bat edo ahaztu zaizula uste dut (euskaldun pasiboak deiturikoak, hitzegiteko gai ez baina ulertzeko gai badirenak). Nik uste ikusle potentzialak badaudela… Gainera diozu “‘besteei’ zeuretzat eskatzen duzun eskubidea ukatuta”, hau ere lehen esan dut, “besteek” 20 katetik gora dituzte eta zure datuek baieztatzen dute indar betean daudela gainera. Eta horrezgain, “gureganako interesatu edo liluratu baino, derrigortuta”, inposaketen lekzioak nik baino nafarroako gobernuak agian hobeto emango dizkizu, edo ahaztu duzu orain dela gutxi Iruñeako antena batekin gertatu dena? Edota vascuencearen lege “liluragarria”k Tuterako euskalzaleei eskeintzen dizkien abantailak zeintzuk diren… Okerrena gainera gero gu, inposatzaileak eta ilegalak antena txatxu bat jartzeagatik. Berriz diot, “besteen” hizkuntz eskubideak ondo ziurtatuta daude.

    Azkenik esan, “Esate baterako, euskaldunon demografiak ez duela gehiegitarako ematen, beste hizkuntzak ere ezagutzen ditugula, gizarte handiagoen gertakariek erakartzen gaituztela… Ez al zara oraino ohartu euskaldunok ez garela oraindik oso normalak?” esaten duzunean, bai arrazoi guztia duzu. Eta hori aldatzeko mekanismo guztiak jarri behar dira martxan (badaude dagoeneko batzuk martxan…). Telebista batek bakarrik ez ditu gauzak aldatuko… hemen, hasi herri mailako eragileetatik eta politikarietaraino DENOK hartu behar ditugu erantzunkizun eta betebeharrak. Bakoitzak ahal duen mailan.

  • ETB2k ez badu desagertu behar, lifting bat beharko du gutxienez:
    -albistegiak utzi, oinarrizko informazioaren berme bezala gaztelerazko hiztun komunitatearentzat
    -ETB2ko albistegietan euskarazko adierazpenak txertatu (alegia, euskarazko kortea badago, eman euskaraz… agian azpititulatua)
    -gainontzeko magazin, tertulia, entretenimenduetan gastatzen dena ETB1era eta ETB3ra bideratu nagusiki (EgunonEuskadi,Ni Mas Ni Menos, De Boca en Boca, Conquis…). Euskarazko bi kate horiek indartu eta sendotu saio erakargarri, kalitatezko eta onak egiteko.
    -ETB2ko gainontzeko programazioa, ba bete produktu merkeekin. Sentitzen dut, baina guri urteeetan adarra jo digute prime-timean “ero eta bero”, Mister Bean eta Just for Laughs emanda…. zenbat horrelako. Horiek guztiak ETB2ra. Goizeko 8:00etatik goizaldeko 01:00ak arte euskarazko programazio eder bat egiteko dirua ta jendea badago. Lehentasuna hori da. Eta gaztelerazko minimoak bete lehenbizi, ta gero ikusiko da…

  • Proposatuko nuke Teleberri eta Gauregunek bat egitea; albistegi bakar eta elebidun bat, azpitutuluekin ETB1en.
    ETB2 eduki kulturalei loturiko katea izatea, euskaraz edo elebiduna eta azpititulatuta.

  • Ze bitxia egiten zaidan euskara hutsezko aukeraren alde zaudetenok, PSE-EE eta PPko agintariek aitortzen dutenarekin bat egiten ikustea. Haiek ere horixe nahi dutela aitortzen dute, euskara hutsezko EITB bat egiteko prest daudela. Zergatik ote? Haiek ere, zuek bezala, euskararekin kezkaturik ote daude?

  • Sanson, baliteke bitxia izatea, kointzidentzia edo nahi duzuna… baina zein ekarpen egiten dio horrek eztabaidari?
    Niri bi ekarpen posible bururatzen zaizkit: foroan euskara hutsezkoa defendatzen dutenak PP eta PSOEkoak direla esan nahi diguzu (hipotesi aldrebesa dudarik gabe eta, gainera, zer inporta du horrek? argudioek balio dute), edo besterik gabe eztabaida-gaia desbideratu nahian ari zara (agian eztabaida saihesteko?).

    • Nik uste iradoki nahi duena zera dela: PP-PSEk ez dutela nahi eragin politiko-kulturala duen komunikabide publiko euskaltzale (“abertzale”) bat. Horretarako, nahiago ei dute euskal telebista minoritario bat. Badu zentzua, ezta? Dena den, Sanson, gauzak argi esan, bestela normala da eztabaida pozoitzea.

      • Eskerrik asko Peru, hala ere, onartu behar dut jakin badakidala zer esan nahi zuen, edo imajinatzen dut behintzat. Kontua da, eztabaida sanoa egin ordez, badirudi hobe dela “españolekin zaude!” moduko mezua bidaltzea; antza, aberasgarriagoa da.

  • Urko Aristik ere bere blogean argitaratu du honetaz daukan iritzia