Internazionalista kriminalizatuek Bilbon eman duten prentsaurrekoa
Gaur manifesturako atxikimendu kanpaina hasi dugu
Gure helburua espaniar estatuaren izaera ez demokratikoa salatzea da, etxean eta nazioartean ahalik eta babes gehien lortzen saiatuko gara, elkartasun internazionalistari eginiko eraso honen nondik-norakoak azalduz (irakurri manifestua: Elkartasuna eta internazionalismoa ez dira delitu). Eleak mugimenduak Urriaren 1ean Iruñan antolatu duen manifestaziorako deia ere zabaldu dugu.
Gaur, Irailak 28, egiten da urtebete hain zuzen ere, armaz ondo hornitutako ehundaka polizi espaniarrek 7 lagun internazionalista atxilotu gintuztenetik. Poliziekin batera, hamarnaka kazetari ere etxe guztien aurrera joateko deituak izan ziren, gero beren kroniketan gu espaniar poliziak atxilotutako terrorista arriskutsutzat aurkezteko.
Beste lagun bat atxilotu zuten geroago eta beste 4 komisaldegira aitortzera deituak izan ziren hurrengo egunetan. Guztira 12 lagun izan gara kriminalizatuak operazio honetan gaur arte.Hil honen hasieran, Pablo Ruzek, auzitegi nazionaleko epaileak, 5 lagunen auzipetzea erabaki du, Unai Vázquez, Walter Wendelin, Dabid Soto, Gabi Basañez eta Aritz Ganboa. AVT eta Diginidad y Justicia elkarteek epai horren kontrako helegitea jarri eta Ruben Sánchez eta Uberka Bravo-ren auzipetzea ere eskatu dute, oraindik ebazteke dagoena.
Gaur guk adierazi nahi duguna da guretzako epai onargarri bakarra, gu guztion errugabetzea dela eta gure izenak eta jarduera garbitzea: internazionalismoa eta elkartasuna ez dira delitu.
Auzi honen kontra kanpaina bat abiarazten dugu gaur espaniar estatuaren izaera ez demokratikoa salatzeko, etxean eta nazioartean ahalik eta babes gehien lortzen saiatuko gara, elkartasun internazionalistari eginiko eraso honen nondik-norakoak azalduz:
* Harro gaude elkartasun internazionalistaz, mundu duinago eta bideragarriago bat lortzeko ezinbesteko tresna baita.
* ‘Munduko edozein lekutan edozeinek jasotako injustizia barne-barnean sentitzea’ eta ‘munduko herriak maitatu eta herrien mundu baten alde borroka egitea’ ez da delitua, beharra baizik.
* Eraso hau gertatu da Euskal Herriak mende asko daramalako 2 inperio handik zapalduta. Gauzak horrela, gure herria menderatzeko, kosta ala kosta beren inperioaren parte ezartzeko, giza eskubideak bata bestearen atzetik zapaltzen dituzte: eskubide zibil eta politikoak gure kasuan bezala bai, baina baita komisaldegietan torturak, kartzeletan mendekuak, bizi osorako kartzela zigorrak, desagerpenak eta erailketak, alderdi politikoen eta beste hainbat sektoreen ilegalizazioak…
* Euskal Herriak, ordea, segitzen du autodeterminazio eskubidearen aldeko indarrak biltzen eta guk uste dugu horixe dela biderik zuzenena gure herritik munduko herriekin batzeko.
* Palestina, Kolonbia, Kurdistan, Kuba, Països Catalans, Eire, El Salvador, Venezuela, Hego Afrika, Sahara, Sardinia, Txetxenia… Euskal Herria: elkartasuna eman eta jaso behar dugun herriak gara, bakoitza bere kolorearekin, bakoitza bere bidearekin, autodeterminazioa, burujabetza eta elkartasuna dira gizon-emakume libreez osatutako herrion mundu bat eraikitzeko bide bakarra.
Bukatu aurretik eleak, eskubide zibil eta politikoen aldeko mugimenduak, larunbat honetan, Urriaren 1ean, Iruñean deitutako manifestazioarekin bat egiten dugu eta euskal herritar guztiak eta bereziki euskal internazionalista guztiak manifestazioan parte hartu dezagun dei berezia egiten dugu hemendik.
Eskubide guztiak guztiontzat!