Inoiz ez ahazteko bizipenak begi aurrean, EuskarAbentura piztu da

Inoiz ez ahazteko bizipenak begi aurrean, piztu da EuskarAbentura –

31 etapa eta inoiz ez ahazteko bizipenak begi aurrean, piztu da EuskarAbentura 2022 espedizioa!

125 parte-hartzaileak (jzioquitarrak) hiriburuetatik atera diren autobusetan iritsi dira, Euskal Herriko bazter ezberdinetatik, Maulera. Zuberoako hiriburua baita EuskarAbentura 2022 espedizioaren abiapuntua. Bertako JaiAlai-n pasatu dute herenegungo harrera-eguna eta bertan igaro dute gaua ere, atzo Pagolarantz abiatuko aurretik.

Inoiz ez ahazteko bizipenak begi aurrean, piztu da EuskarAbentura

Hasi da! EuskarAbentura 2022 espedizioa martxan da! Euskal Herria oinez zeharkatuko duten 125 gazteek eta hauekin batera esperientzia nomada biziko duen familia urdina (xerpa edo begiraleak eta osasun-, komunikazio-, nahiz logistika-taldeko 32 kideak) Maulen elkartu dira eguerdian. Harrera labur baten ostean, espedizioak iraun bitarte soinean eramango dituzten elastikoak banatu dituzte. Jzioquitarrek elastiko laranjak eramango dituzte (bakoitzak lau izango ditu, eta espediziokideen ardura izango da horiek aldiro-aldiro garbitu eta lehortzea). Xerpek eta gainontzeko partaideek, aldiz, elastiko urdinak izango dituzte.

Segidan, jzioquitarrak taldeka multzokatu dituzte eta, hilabete osoan erreferentziazkotzat izango duten xerparekin batera, kideak ezagutzeko saio motz bat egin dute. Bazkalostean espedizioari eta honen antolaketari buruzko informazio praktikoa jaso dute eta Maule bisitatzeko tartea ere izan dute. Gaua JaiAlai-n pasako dute eta, goizean goiz, bideari ekingo diote oinez.

“Inoiz ahaztuko ez duten esperientzia bat” bizitzera doazela ohartarazi diete EuskarAbentura elkarteko kideek aurtengo jzioquitarrei: “Gozatu une bakoitza intentsitatez; oso zorionekoak zarete hemen egoteko beka lortu duzuelako, probestu!”

Datozen egunetako aurreneko etapak (uztailak 2: Maule–Pagola; uztailak 3: Pagola–Duzunaritze; uztailak 4: Duzunaritze–Donibane Garazi) 11, 20 eta 20 kilometrokoak izango dira, hurrenez hurren. Ez dira ibilbideko maldatsuenak, ezta luzeenak ere, baina baliteke gogor xamarrak suertatzea, hain justu, lehenengoak direlako. Jzioquitarrek zangoak indartzeko eta gorputz nahiz gogoak datozen hilabete osoko martxa eta errutinara ohitzeko balio izango dute, bai eta taldea trinkotzeko ere.

EuskarAbentura 2022 espedizioaren ibilbidearen %95 baino gehiagok Donejakue bideko hiru adarretan egiten du aurrera: bide frantsesa Mauletik Lizarrarantz, barnealdeko euskal bidea Gesaltzatik Iruñeraino (kontrako norabidean) eta euskal kostaldeko bidea Baionatik Getxoraino.

.

Ikerketa soziolinguistikoa berriro martxan

EuskarAbentura 2022 espedizioa martxan jartzearekin batera berrabiaratu da EuskarAbentura elkarteak esku artean duen ikerketa soziolinguistikoa. 2021eko espediziokoa izan zen aurreneko behaketa-aldia eta, beraz, iazko jzioquitarrak izan ziren lehendabiziko lagina. Aurten, bigarrenez, EuskarAbentura elkarteko kide bat arduratuko da uztaila osoan, espedizioak iraun bitarte, gazteen hizkuntza-ohiturak behatzeaz. Horrez gain, jzioquitarrei euskaraz aritzeko autokonfiantzaz eta hizkuntza- ideologiaz galdetuko die, besteak beste. Erantzunak espedizioaren hasieran zein amaieran eta ostean jasoko ditu.

EuskarAbentura elkartea bera, eta Euskal Herriko Unibertsitateko nahiz Soziolinguistika Klusterreko ikerlari-taldea arduratuko dira jasotako informazio guztia interpretatzeaz eta datu zein ondorioetan islatzeaz. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika Sailak babestutako ikerketa sozionlinguistikoa da hau eta 2021eko esperientziatik pozik egoteko moduko 2 ideia borobil ondorioztatu dituzte:

1.- Hizkuntza mudantza prozesuak azkartzeko EuskarAbenturak baldintza sozial “idealak” eskaintzen ditu: gune linguistikoki zainduak izenekoak. Arnasguneetan ez bezala, espazio hauetan euskaldun profil anitzagoak topatzen ditugu eta hizkuntza- alternantza edota hizkera informala ohikoagoak dira.

2.- EuskarAbenturak euskararen aldeko hizkuntza mudantzak eragiten ditu gazteengan. Mudantza horiek, hizkuntza ohituretan ez ezik, gaitasunean eta honen pertzepzioan, kultura kontsumoan, autokonfiantza linguistikoan edota ideologia linguistikoan gertatzen diren aldaketetan somatzen dira.

Eta, gainera, hainbat datu esanguratsu:

GAITASUNAri dagokionez:
* Partaideen %63k euskaraz aritzeko gaitasuna hobetu izanaren pertzeptzioa izan zuten
* Euskaraz erdaraz bezain ondo edo hobeto moldatzen direla diotenen kopurua %8 hazi zen (%86 orotara)

ERABILERAri dagokionez:
* Espedizioan, elkarrizketen %89 euskaraz izan ziren
* %6 hazi zen euskaraz erdaraz bezainbeste edo gehiago egiten dutenen kopurua (%73 orortara)

AUTOKONFIANTZAri dagokionez:
* Bikoiztu egin zen euskaraz hitz egiten bere burua “eroso” sentitzen dutenen kopurua

KULTURA KONTSUMOAri dagokionez:
* %24 igo zen eskolaz kanpoko jarduerak euskaraz erdaraz bezainbeste edo gehiago egiten dituztela esan dutenen kopurua
* %17 igo zen sare sozialetan euskaraz erdaraz bezainbeste edo gehiago aritzen direla esan dutenen kopurua

KONTZIENTZIAri dagokionez:
* %20 hazi zen euskara bere hizkuntza gisa definitzen duten partaideen kopurua

Bai Euskarari Saria 2022

EuskarAbentura ekimenak jaso du Bai Euskarari 2022 sariketako garaikurretako bat. EuskarAbenturaren bitartez gazte askok “euskaraz bizi daitekeenaren froga positiboa” jasotzen dutelako egin dio aitortza Bai Euskarari Elkarteak.

Ekainaren 23ko ekitaldian Rober Gutierrez Bai Euskari elkartearen zuzendariak gogorarazi zuenez, “aisialdian eragitea ezinbestekoa da” gazteen artean euskararen erabilera areagotzeko eta “EuskarAbenturak zuzen-zuzenean eragiten du euskararen presentzia handitzeko”. Izan ere, espedizioan parte hartzen duten gazte askok euskaraz bizi daitekeenaren “froga positiboa” jasotzen dute.

EuskarAbentura elkarteko ordezkariek esker onez hartu zuten errekonozimendua. Eta uztailaren 1ean gurasoak agurtzen dituen gaztea eta uztailaren 31n etxera itzultzen dena ezberdinak direla baieztatu zuten Irati Labaien eta Iker Goñi elkartekideek: “Gehienentzat etxetik kanpo hainbeste denbora pasatzen duten lehen aldia izaten da, eta esperientzia berri hori euskaraz bizitzen dute”. Hilabeteren buruan etxera “adiskide- sare euskaldun” berri batekin bueltatzen direla azpimarratu dute, eta gerora garatzen diren harremanetan euskaraz egiteko ohitura mantentzen dutela; “hori sekulako garaipena da gure ikuspegitik”, borobildu dute.

Uztailaren 1etik 31ra bitarte Euskal Herria oinez eta euskaraz zeharkatzen duen espedizioa da EuskarAbentura. Aurten, orotara, 16 eta 17 urteko 125 gaztek hartuko dute parte eta, beste 32 lagunek osatutako lantaldearekin batera, 700 kilometroko ibilbidea osatuko dute 31 etapatan, Mauletik Getxora, Zazpi euskal lurraldeak zeharkatzen dituzten Donejakue bide ezberdinetan barrena. UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatutako leku eta eraikinak bisitatuko dituzte, baita Euskal Herriko natura- ondasun eta ondasun historiko nahiz kulturalaren adierazle diren beste asko ere. Hala nola: Orreagako Kolegiata, Donemiliaga Kukulako Yuso eta Suso monastegiak, Añanako Gesaltzak, Amaiurko gazteluaren hondarrak, Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktoria; Ekain, Zugarramurdi nahiz Santimamiñeko leizeak; Euskal Kostaldeko Geoparkea; eta Gernikako Juntetxea eta Bizkaia zubia.

Inoiz ez ahazteko bizipenak begi aurrean, piztu da EuskarAbentura