Iñigo Urkullu Guapoa Ote Da?
Angel Errok errana du nonbait Tuterakoa bere bihotzeko alkatea dela; nik, berriki hurbildik ikusteko aukera izan baitut –alkatea, ez Angel–, berresten ahal dut zinez mutil ederra dela –alkatea, berriz ere; baina Angel ere bai, erran beharrik ez da–, eta inoiz bertze pertsuasiokoa eginen banintz, horrelako gizon bat nahiko nuke niretako –oraingoan irakurleak erabaki dezala zein den esaldi horren erreferentea–. Momentuz heteroa naizen honek badu, halere, bere ranking pertsonala: Arantza Quiroga eta Bakartxo Ruiz dira hor zerrendaburu. Neurri batean, Alfred Hitchcocken filmetako gizon anitzen dilema daukat: haren pelikuletan, maiz, protagonistak –gizonak– bi emazteki izaten ditu tentazio, ilehori interesgarri baina gaizto eta arriskutsu bat eta ilebeltz zintzo baina motelxeago bat; horrelakoxea da nire dilema ere, baina akaso horren terminoak –zein den zintzoa, zein arriskutsua– alderantzizkoak dira.
Aipaturiko politikariek, bistan da, bertzelako merituak badituzte: Quirogak, niretako politikoki arerio bada ere, nire errespetu guzia du bakearen alde egin zuen eginahala egin ondotik –garesti atera baitzitzaion–, eta Ruizen jarduna aspalditik dut gustuko. Arestiko komentarioa, beraz, ez dut egin bi emazteki politikarien merezimenduak itxura fisikora mugatzeko asmoz –hain ergela ez naiz–, baizik eta erakusteko ez nagoela itsu boterearen erotikaren aitzinean.
Segur aski horregatik, joan den astean, Pedro Sanchezek hiri buruzagian bisita egin zigularik, burura etorri zitzaidan lehendabiziko gauza zera izan zen: “hara, zer guapoa!” Edo ez, ez dakit hain guapoa den. Susmoa dut hedabideek eragindako erreakzioa izan zela, mundu guziak planta oneko gizona dela erraten baitu, baina aitortu behar dut ni ez nauela bereziki erakartzen. Hala eta guziz ere, guapoa dela adieraztearen aldekoa naiz; are gehiago, haren agerraldi guzietara joanen nintzateke –tira, edo bertze norbaitek joan beharko luke, ez nahitaez nik–, “Pedro, hi bai mutil katxarroa!” dioen pankarta handi bat eskuetan. Zeren, ongi pentsatuz gero, zer gelditzen zaio bertzenaz Sanchezi?: ez du karismarik, ez du xarmarik, ez du deus esplikatzeko graziarik, ez du ideologiarik –“gauza arriskutsu bat erran behar dut”, bota zuen La Sextako saio famatu batean, “monarkia gustuko dut, kitzikatu egiten nau”; hori da hori arriskua, motel!–, ez du ezkertiar itxurarik ere. Erruki gaitezen eta onar diezaiogun, beraz, guapoa dela, sekretuki Eneko Larrarte –Tuterako alkatea– edo Bakartxo Ruiz nahiago baditugu ere.
Baina txutxu-mutxuetan ari naiz gaur, hau prentsa arrosa balitz bezala. Maila pixka bat igateko –baina pixka bat, bertzerik ez–, aipatu behar dut liburu bat ari naizela irakurtzen, alemanez –oker ez banabil, alemana hona dakardan hirugarren aldia da; nork bere obsesioak–: Ibon Zubiaurren Wie man Baske wird, edo Nola bihurtu euskaldun –edo horrelako zer edo zer–. Azpititulua ere badarama: Nazio exotiko baten asmazioa. Horretan, ordea, ez du asmatu egileak, asmazio hori ez baita inon azaltzen liburu osoan; hortaz –eta zer-nolako gauzak idatzi dituen ikusita–, hobe zuen honelako azpititulua paratu izan balio liburuari: Jon Juaristik egiten dituen interpretazio berberak egin behar ditut, baina grazia gutiagorekin, edo, Urteetan metatu dudan arrangura, irakurle alemanei azaldua.
Batek daki, akaso monografiko bat mereziko luke liburuak; bitartean, onartu behar dut lehendabiziko esaldiak anitz gustatu zaizkidala. Honela diote: “Euskalduna naiz. Niretako, esaldia konstatazio neutrala da; datu hotz batez ari naiz, Ibon dut izena erratea bezala, edo 1’83 cm altu naiz. Enpirikoki ez da hori eztabaidatzeko aukera handirik”. Euskaldun edo euskal herritar –ez baitago argi nola itzuli beharko litzatekeen hasmentako ich bin Baske, ezta Zubiaurrek berak biak bereizten ote dituen ere– naturala da, edozein ideologiaren gainetik, edo azpitik, edo gibeletik da euskalduna gure Ibon.
“Euskalduna naiz” hori interesgarria da, batez ere liburuaren tituluarekin alderatzen badugu, hor kontua euskaldun bihurtzea baita. Zubiaur ez da euskaldun bihurtu; Zubiaur euskalduna da, hotz eta neutral adierazita gainera. Jendea euskaldun bihurtzeko martxan jarritako mekanismo guziak, ordea, artifizialak dira, ideologikoak; beraz, normala den bezala, euskaldun artifizialak bertzerik ez dute ekoiztu mekanismo horiek, historia mitoarekin nahasi eta euskara sinbolo gisa –ezen ez egiazko komunikazio tresna gisa– erabiltzen duten euskaldunak. Edo hala kontatzen digu Zubiaurrek bere liburuan.
Euskal herritar naturala den aldetik, uste izatekoa da hedaduraz –hedadura naturalaz– espainola ere badela gure Ibon, hori liburuan aipatzen ez badu ere. Errealitateak –nortasun agiriak eta albistegi gehienek, egunkariek eta kartelek– bat egiten du pertzepzio horrekin. Beharbada, horregatik da Ibon euskaldun naturala, ideologiarik gabeko euskalduna, errealitateak berarekin bat egiten duelako; azken batean, ideologiarik ez izatea zera pentsatzea baita, gauzak diren bezala baizik ezin direla izan, eta gauzen gaurko egoera, egoera naturala dela, ez prozesu historiko jakin baten emaitza.
Bertze adibide bat emate aldera, egin dezagun salto: “Nafarroa Nafarroa da” adierazi zuen joan den astean Mariano Rajoyk Iruñean, hura ere etorri baitzen gure hirira (baina orduan –badaezpada diot– ez nuen “hara, zer guapoa!” pentsatu). “Nafarroa Nafarroa da”: aldaketak gertatzen direlarik, ideologiarik ez dutenei –edo ideologiarik ez dutela nabarmentzen tematzen direnei– tautologiak bertzerik ez zaizkie gelditu, deus adierazten ez duten mantrak, mundua begi-bistakoa dela azpimarratu nahiko balute bezala, nortasuna adierazteko konstatazio neutralak aski –edo posible– balira bezala.
Katalunian ere aldaketak gertatzen ari dira aspaldi honetan; horren aitzinean, baina, zenbait etengabe ari dira erraten gertatzen ari dena ezin dela gertatu, gertatzen ari bada ere –“Estatu bat ezin da hilabete batean egin”, erran du EAEko lehendakariak–; zenbait tematuak dabiltza euskaldunok ustez berezko dugun bidearekin, eta Espainiako estatuarekin egin beharreko elkarrizketarekin –Espainiako estatuak elkarrizketa bortz axola zaiola aski argi erakutsi ez balu bezala–, eta foruekin –autonomiaren aitzakian, gure espainiartasunaren berme bilakatu baitira–. Herenegun Euskadi Irratian Maite Artolak Patxi Huarte Zaldi Eroak egin dizkion kritika batzuk aipatu zizkiolarik, Iñigo Urkulluk erantzun zuen “marrazkilari horrek” bere ideologia daukala. Zer nahi duzu erratea, nik espero nuen lehendakariak ere berea izatea, errealitatea aldatzeko tresna izaten ahal baita ideologia; horren ordez, nonbait errealitatea maite du gure lehendakariak, errealitate neutral eta ideologiarik gabea. Martxa honetan segituz gero, errukitu eta Iñigo Urkullu guapoa dela onartzen hasi beharko dugu.
[Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua]