Euskal booktuberren lehen hazia landatzen

Euskal booktuberren lehen hazia landatzen hasi gara

Galtzagorri Haur eta Gazte Literatura elkarteak eta Galdakaoko Udaleko Euskara zerbitzuak euskarazko lehen booktube lehiaketa jarri dute martxan: Galdakaoko I. Booktube Lehiaketa. Bertatik sortuko dira euskarazko lehen booktuberrak eta Galdakao eta galdakoztarrak aitzindari izango dira mundu mailan gazteen artean sekulako arrakasta izaten ari den fenomeno kulturala euskarara ekartzen. Lehiaketa herri mailakoa izango da eta bertako DBHko ikasleek (12-16 urtekoek) hartuko dute parte.

Eguzkibegi Ikastolako eta Bengoetxe BHI ikastetxeko DBHko ikasleek, nahiz Topaguneak (herriko gazteen topalekuak) elkartzen dituen adin horretako herriko neska-mutilek bat egin dute ekimen honekin.

Booktube Lehiaketa urrian jarri da martxan eta abenduan amaituko da, Galdakaoko udaleko Euskara Arloak abenduaren 17tik 20ra bitartera antolatuko duen Liburu Azokan egingo den sari-banaketa ekitaldiarekin.

Parte hartu ahal izateko Galtzagorri Elkarteak proposatutako liburu bat irakurri (bi zerrenda dituzte aukeran), banaka edo binakako taldeak osatu eta gehienez minutu biko erreseina bat (liburuari buruzko erreseina edo iruzkin digital bat) grabatu beharko dute.

Guztia urratsez urrats nola egin jakiteko, Galtzagorri Elkarteak irakasle eta hezitzaileei zuzendutako formazio saioa eman zuen duela bi aste Galdakaon. Baina, horrez gain, lehiaketari buruzko informazio guztia biltzen duen bloga sortu dugu . Parte hartzaileek eta irakasle/hezitzaileek bertan aurkituko dituzte booktube fenomenoari buruzko xehetasunak eta lehiaketa honetan parte hartzeko argibideak.

Parte hartzaileek euren booktubea egin ostean, youtuben argitaratu beharko dute. Gero, azaroaren 23tik 27ra bitartean lehiaketara bidali beharko dute. Baina adinez nagusi ez direnez, irakasle edo hezitzaileek emango dieten gurasoen baimena sinatuta atxiki beharko dute parte-hartze orriarekin batera.

.

Sariak

Lehiaketa honek sari nagusi bat izango du kategoria bitan banatuta (DBH 1-2 eta DBH 3-4) jasotako booktuberik onenentzat: ebook bana egile bakoitzarentzat.

Horrez gain, ikastetxe edo topagune bakoitzeko booktuberik onenak ere saria izango du: selfiak egiteko makilatxoa eta 30 euroko bonoa Galdakaoko azokan gastatzeko.

 

Booktuber gazteak irakurketa sustatzen

Mundu mailan orain dela 7 bat urte sortu zen fenomeno berria dira BOOKTUBE-ak eta haien sortzaile diren Booktuber-ak.

Booktube hitzak book (liburua) eta tube(youtube) lotzen ditu. Hau da, booktube bat youtube plataforman zintzilikatzen den liburu bati buruzko kritika edo iruzkina da; liburu baten irakurketa gomendatzeko norberak bere buruari egindako bideo-grabazioa. Grabazio hori, ondoren, Youtuben zintzilikatzen da eta nonahi barreiatzen da sare-sozialen bidez.

Booktubeen egileak booktuber izenez ezagutzen dira; bideoblogger gazteak dira (10-18 urte bitartekoak), baina haien berezitasuna da liburuei buruz mintzatzen direla, eta, dagoeneko, sare ikaragarriak sortu dituzte Interneten, bai nazioarte mailakoak, bai tokian tokikoak. Milaka eta milaka jarraitzaile biltzen dituzte haien kanaletan, eta guztiak, liburuen inguruan ari dira.

Hori guztia, noski, azpi-kultura digital bat sorrarazten ari da: booktuber horiek, azken finean, euren esperientzia literarioak besteekin konpartitu nahi dituzten neska-mutilak dira eta neurri horretan literatur kritikari berrien sare eta plataformak ari dira sortzen. Irakurle gazteen plataforma berriak sortu dira eta Youtuben komunitate bat sortu dute; booktuber-ena. Bertan, irakurtzeko zaletasuna eta liburuekiko duten pasioa partekatzen dute.

Irakurle gazteak gero eta gutxiago direnaren ustea geroz eta zabalduagoa dagoen arren, era honetako mugimendu edo proposamen berriek gazteen bestelako irudi bat ematen digute. Eredugarria askotan.

.

Arrakasta itzela

Gazteen artean harrera oso ona izan duen fenomeno horri indar gehiago eman nahi izan diote zenbait erakundek. Mexikon, esaterako, booktuber gazteen komunitatea geroz eta handiagoa da, eta, dagoeneko, booktube lehiaketak antolatzen ere hasiak dira. Horren adibide da Guadalajarako Nazioarteko Liburu Azokaren baitan bigarren aldiz antolatu dutena: Somos Booktubers lehiaketa. Mexikon izugarri hedatu da fenomenoa eta dokumental bat ere egin dute gaiari buruz: “Booktube” el documental.

Venezuelan ere Fondo de Cultura Económica fundazioak Nazioarteko Booktuberren Lehen Lehiaketa antolatu du, eta Chilen zenbait Udal Liburutegik gazteak bertara erakartzeko bitarteko gisa hartu dute fenomenoa eta kanal bat sortu dute Chileko booktuber gazteei leku egiteko. Horrez gain, geroz eta gehiago dira, booktuberrak aintzat hartu eta gonbidatzen dituzten Nazioarteko Liburu Azokak ere. Hitzaldiak, lantegiak… denetarik antolatzen da boktubeen eta booktuber ospetsuenen parte hartzearekin.

Galtzagorri Elkartea kide den IBBY erakundearen (The International Board on Books for Young People) Mexikoko atalak ere booktuber-en gorakada baliatu du gazteen artean irakurketa sustatzeko jarduera berri bat sortzeko. ImaginaLee egitasmoa jarri dute abian IBBY Mexico/A Leer eta Televisa Fundazioak elkarlanean. Youtube kanal bat sortu eta bertan herrialde horretako hainbat booktuber-ek kolaboratzen dute bakoitzak bere kanal propioan egin ohi duen moduan: irakurri berri duten liburu baten inguruko iruzkina grabatuz.

.

Lehen euskal booktuberrak

Euskal Herrian ez dugu oraindik euskarazko booktuberik ikusi, baina Galdakaoko udaleko euskara zerbitzua zein Galtzagorri Haur eta Gazte Literatura Elkartea ere, ziur dira gure gazteen artean ere harrera ezin hobea izan dezakeela fenomeno horrek. Hori dela eta, Lehen Booktube Lehiaketa antolatu dute elkarlanean. Lehiaketa honen bidez Galdakaoko neska-mutilak izango dira euskarazko booktubeak sortzen lehenak. Horrela, mundu mailan gazteen artean izugarri zabaldu den fenomeno hori euskarara ekartzeko lehen ahalegina egingo dute galdakoztarrek, eta aitzindari eta eragile izango dira euskal booktuber mugimenduaren sorreran.

Euskal booktuberren lehen hazia landatzen hasi gara
gazteak, literatura

Euskal Haur eta Gazte Literatura Elkartea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude