Informazio eskubidea jokoan: baietz 200.000
Informazio eskubidea jokoan: baietz 200.000
Atzo bertan, Lapatxeko zabortegia itxiko duten egunaren bezperan, bertako bizilagunen pozaren berri izan dugu irrati publikoan. Gipuzkoan geratzen zen azken zabortegia ixtea zein berri ona den azpimarratu dute albistean. Ondoren zehaztu dute: “azken zabortegi publikoa”. Zeren Mutiloako zabortegira errefusa eramaten jarraituko baitute. Eta hau ere entzun dugu: “Mutiloako zabortegi pribatura”. Etxe ondoko zabortegia pribatua izateak arazorik eragingo ez balu bezala bizilagunen bizimoduan. Baina, Mutiloako bizilagunei ez diete ahotsik eman irrati publikoan.
Albiste berean esan digute, hemendik aurrera, zaborra Meruelora (Kantabria) bidaltzen jarraituko dutela, eta baita Tuterara ere, 2020an Zubietan erraustegia egin arte. Baina, Zubieta edo Lasarte edo Usurbil edo Añorga inguruko herritarrei ez diete mikrofonoa jarri irrati publikoan. Atzoko albistean gipuzkoarren poza besterik ez zen agertu behar.
Horrelako asko ikusten ari gara azken garaian EITBn. Batetik, herritarren aldarrikapenak (aldarrikapen batzuk) ezkutatzen dituzte. Bestetik, sekulako oihartzuna ematen diete agintean dauden EAJ eta PSEren interesekin bat datozen albisteei, behar den adina puztuz. Ez da berria jokabide hori, herritar guztien diruarekin kudeatzen den komunikabide publikoan. Baina ohituta gauden arren, larria da.
Azken aurrekoa, larunbatean (azaroak 26) gertatu da. Milaka herritar atera ginen kalera, GuraSOSek deitutako manifestazioan, Donostian erraustegia baztertu eta konponbide bateratua eskatzeko Gipuzkoako Aldundiari. Eta ETBko albistegian aipamenik ez.
Ez dute nahi egiazko informazioa jakin dezagun. Gaur egun Gipuzkoako Foru Aldundian dauden alderdiek ahal den isilen eta ikusezin gordetzea nahi dute, badakitelako errausketaz zenbait eta informazio zabalago eta sakonago izan, garbiago ikusten direla dituen arriskuak. Eta horretan ahalegintzen dira, eskuetan dituzten tresna guztiekin. Eta publizitate-trikimailu guztiak erabiltzen dituzte errausketa kaltegabekoa dela sinetsarazteko.
Horren harira, prentsaurrekoa eman du gaur GuraSOSek, ekinbide juridiko berriak eta bide orriaren sozializazioa aurkezteko. Eta, bertan, Azaroaren 26ko mobilizazioaren aldarriak eta irudiak biltzen dituen bideo bat aurkeztu du: ETBk larunbatean eman ez zuen albistearena. Egun horretako audientzia gainditzea da erronka, beraz, Euskal Herriko 200.000 pertsonek ikusi behar dute bideoa. Egoera bidegabeari buelta emateko.
Lagunduko diguzu? Zabaldu bideoa! #Baietz200000
Lotsa. Nazka. Sumina.
Inposatzaile zikinak.
Zentsuratzaile zikinak.
Eman hitza herritarrei!!!