Gure industria suspertzen hasi al da?

industriaEspainiako Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioak Hego Euskal Herrirako martxoko kontratazio datuak eman berri ditu, eta bertan berretsi dutenez, goranzko joera dago azken hilabeteotan. Industriari begira, badirudi indarra hartzen doala: krisiak gogor kolpatu du sektorea azken urteotan, baina 2014tik aurrera gora egiten ari da kontratazioetan, eta badirudi zerbitzuek azken urteotan kendu dioten proportzioaren zati bat berreskuratzen ari dela.

Datuek hala diote behintzat: 2007an Hego Euskal Herrian egindako kontratazio guztien %78,9 zegoen zerbitzuei lotuta, eta proportzioa %84,1eraino igo zen 2013rako. 2013tik 2014ra, aldiz, ia hamar puntuko jaitsiera gertatu da, hain zuzen, industriako kontratazioak oso nabarmen hazi direlako. Datu bat ematearren, 2013an kontratazio guztien %8,8 baino ez zen etorri bigarren sektoretik, eta zifra %18,4ra igo zen 2014an.

Guztira ia 200.000 kontratazio egin dira industria sektorean Hego Euskal Herrian 2014an. Kopuru handi horietan, oso kontuan hartzekoa da Nafarroa Garaiko kontratazio guztien %28a etorri zela industriatik iaz, eta %21a Araban.

Enpleguaren kalitatea da, ordea, txanponaren ifrentzua. Industria enplegu duinarekin lotu izan da gurean, azken hilabeteotan sortu den enplegu berri honen kalitatea zalantzan jartzeko arrazoiak badaude: Nafarroa Garaian %24 igo da aldi baterako kontratazioa 2007tik 2014ra, eta tarte berean kontratazio mugagabeak gehien murriztu dituen herrialdea ere bada (%56ko jaitsiera 2007tik 2014ra).

Kontratazioak Euskal Herrian, 5 minututan:

Informazio gehiago: gaindegia.eus