Independentziaren atarira, Diagonaletik
Miloi eta erdi laguneko uholde kontrola ezinak independentziaren bidea hartzera behartu zuen Mas; 400 km-ko giza katearen indar erakustaldiak Madrilgo gobernua izutu eta Kataluniaren aldarrikapena mundura zabaldu zuen; eta hirugarren Diadak, balizko erreferendumaren bezperatan, berau gauzarazi eta baiezko bikoitza nagusitzea lortuko du, kataluniarrak independentziaren atarira eramanez. Hori da, bederen, azken urteotan mugimendu independentista gidatu duen ANCk nahi duena.
Baina horretarako, 2012ko manifestazio jendetsua eta 2013ko Via Catalana gaindituko duen zerbait behar dute antolatu 2014ko irailaren 11rako. Ez da lan makala izango. ANCren ordezkaritza nazionalak 300 proposamen bildu ditu jada, eta larunbatera arte behin-betiko plangintza plazaratuko ez badute ere, TV3k ekimen nagusia zein izango den aurreratu zuen atzo: Diagonala beteko dute, Bartzelona gurutzatzen duen etorbide erraldoia.
Irudian ikus daitekeenez Bartzelona mutur batetik bestera gurutzatzen du etorbideak. 50 metroko zabalera du, eta ia 11km-ko luzeera. Kotxe batetik hartutako irudiotan zenbakiekin baino argiago antzematen da zeinen zabala den.
Esan bezala, larunbatean baieztatuko du ANCk Diagonala edo beste kaleren bat beteko duten, baina argitu dutenez, edozein kasutan “askoz aberatsagoa izango den ekimenaren parte izango da soilik”. Erreferenduma azaroaren 9an da egitekoa, eta egitaraua ordura arte luzatuko dute, besteak beste, CiUk atzera egin ez dezan. Beste behin komunikazio eta antolakuntzarako gaitasun paregabearekin harrituko gaituztelakoan nago. Adi kataluniarrekin, badoaz eta. Badoaz, gutxienez, independentziaren atariraino.