Independentziarako bidea “alde bakarrez” hasteko proposamena

Independentziarako bidea “alde bakarrez” hasteko proposamena –

Nork proposatu du?, zein alderdi politikok?, Puigdemonten alderdiak Kataluniarako? Ez ginen batere harrituko; oso ulergarria egingo zitzaigun. Baina ez, ELA euskal sindikatuak proposatu du Euskal Herrian independentziarako bidea alde bakarrez hastea, azaroan egingo duen XV. Kongresurako txostenean (Ikus Berrian Ion Orzaiz eta Paulo Ostolazararen erreportajea. 2021-10-05).

Independentziarako bidea “alde bakarrez” hasteko proposamena
Arg: Aritz Loiola, FOKU (BERRIA)

Berehala datozkit galderak: 78ko Konstituzioaren aginduz, alderdi politikoei esleituriko arloa eta eginkizuna lehiatu nahi ote die ELA sindikatuak? Alderdi politikoen gabeziak salatu nahi izan ote ditu? Bietarik?

Historia hurbilari begira, nire akorduan, Franco hil ondoko urteetan, diskurtso ideologiko-politikoak baztertu, delako iraultza nazional eta sozialaren amets urdinak errepikatzeari utzi, eta langileen patrika gizentzearen aldeko diskurtsoa eta praxia burutzen ahalegintzeagatik nabarmendu nahi zuen ELAk. Honela laburbil liteke orduko ELAren goiburua: hemengo langileak soldata eta lan-baldintza hobeak behar ditu; eta guk, sindikatu gisa, horretan jarri behar dugu gure ahaleginaren ardatza, eta ez helburu politiko handietan; horretarako daude alderdiak. Denok dakigu hori iragan zela, eta beranduenez, 1997an, Elorrietak autonomi estatutua hilda zegoela aldarrikatzean, ELAren gurari politikoa argiro aditzera eman zuela: gure lan-harremanen esparrua Euskal Herria da, eta horrenbestez, euskal errepublika independentearen premia dugu.

Handik hona, ETA desegin da, baina autonomi estatutua beti hortxe da, erabat bete gabe, eta horren erabateko betetzeak, Espainiako gobernuarekiko nolabaiteko bitarikotasunaz gainera, EAJren xede nagusi izaten jarraitzen duela;  eta hara non agertzen zaigun orain ELA, ez bakarrik baina bereziki Puigdemonten jokabide politikoarekin identifikatzen dugun alde bakarreko independentziarako bidea aldarrikatzen.

Autonomi estatutuarekin zer gertatu den jakinik, aldarri horrek ere antzeko patua ez ote duen izango etortzen zait lehenbizi burura; bestalde, atsegina gertatzen zait aldarrikapena. Gurean, ez dugu, tamalez, ANC bezalako erakunde indartsurik, indar abertzaleak euskal errepublika sortzearren batu eta bideari ekin diezaioten bultzada emateko, eta halakorik ezean, 100.000 afiliatu inguru omen dituen sindikatuak hartu nahi luke eragile papera.

ELAk alderdi abertzaleei egindako kritika, zorrotza bezain sinesgarria da. Honelatsu dio: bozetan arrakasta izan arren, indar abertzaleetan aldaketa ideologiko eta programatikoak gertatzen ari dira. Aldaketa handienak “agintean den nazionalismoan” sumatzen ditu ELAk; EAJrentzat autonomismoa da gaurkoz hipotesi politiko bideragarri bakarra, eta autonomismoa eta neoliberalismoa txanpon beraren bi aldeak dira.

Ezkerreko indarrei, berriz, nazio eta klase auzian, 2017ko irailean ELAk eta LABek sinatutako Alde bakarreko prozesu subiranista sozial baten alde izeneko agirian zehaztutako eskarietatik urruntzea leporatzen die; zehazki, Uxue Barkosen gobernua osatzeko ituna, Maria Txibiteren gobernuari egonkortasuna emateko akordioa, Eusko Jaurlaritzari aurrekontuak adosteko egindako proposamenak eta Madrilen Pedro Sanchezen aurrekontuei eta Europako Funtsen Errege Dekretuari emandako babesa, besteak beste.

Eusko Ikaskuntza ez da Omnium Cultural; “Gure esku dago” ere ez ANC; eta hemengo alderdi abertzaleak ere ez Kataluniako alderdi independentistak, eta horrenbestez, alde batetik, gure egoera soziopolitiko anormalaren erakusgarri da ELAren aldarri hori, eta, bestetik, ELA bera ere horren oso jakitun da, hots, gaur-gaurkoz ez dagoela gehiengo instituzional nahikorik estatus politiko berri bat lortzeko, aski indar ez dagoela estatuarekin hausteko, ez eta gure aitortza nazionala iristearren negoziazio politiko bat lortzeko ere, eta hortik aldebakartasuna aldarrikatzea, atxikimendu zabalagoa lortze aldera eta beste eragile batzuen posizioa mugiarazteko. Ildo horretatik, diote, alde bakarreko prozesu subiranista sozial batek klaseko bektorea, euskararena, bektore feminista, ekologista, dekoloniala… bilaka ditzakeela indarrak metatzeko funtsezko bektore.

Zer deritzozue? Eszeptiko uzten zaituzte?, bektore horien aktibazioarekin, aldebakartasunak izan lezake ibilbiderik epe ertainean? Indar abertzaleen batasun eta herritarron aktibaziorako presio moduan balio ote lezake?

Independentziarako bidea “alde bakarrez” hasteko proposamena Independentziarako bidea “alde bakarrez” hasteko proposamena

Saiakera-idazlea

5 pentsamendu “Independentziarako bidea “alde bakarrez” hasteko proposamena”-ri buruz

  • Artikulu bikaina!
    Guztiz ados idatzitakoarekin

  • Eskerrik asko

  • artikulubikaina 2021-10-13 16:09

    Artikulu bikaina baiba! zera irakurri dut nik … Franco … ETA … Espainiako gobernua … Eusko Jaurlaritza … EAJ … ELA … LAB … Puigdemont … Uxue Barkos … Maria Txibite … Madril … Pedro Sanchez … Eusko Ikaskuntza … Omnium Cultural … Gure esku dago … ANC …

  • “artikulubikaina”k hausnarketa sakon baten adibide garbia utzi digu…
    Euskal txotxolismoak kritikatzen du, ezer auzitan jarri gabe, ta proposamen zehatzik gabe… Penagarria

  • Alde bakartasunak ezin hobeki ildaska utziren luke norabide horretan. Baina, elea baizik ez da antzematen oraino. Hau guziok nahiago izanen dugu abian ikusi, prefosta! Alta, hausnarketa ona.