Independentzia, ekialdetik ere
Independentzia, ekialdetik ere –
Logika asimetrikoaren arabera, pentsatu da independentzia lortzetik hurbilen dagoen eremua dela Euskal Herri mendebaldea (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa bloke bakar gisa harturik), eta urrunago legokeela ekialdea.
Kataluniako haizeak berotu ditu batzuk; hoztu besteak.
Berotu direnek oportunismoz jokatu dute independentismoaren gaia berriz ekartzeko gure artera: proiektu politiko bat garatzeko ordez, “eta guk zergatik ez?” ideiak motibaturik aritu dira edo Kataluniarekiko elkartasun mugimendu batera mugatu dira. Funtsean, lidergoa duten talde politikoek ez dute erakutsi independentzia agenda politikan jarri dutenik eta estrategiarik badutenik. 155. artikuluaren mamuak hoztu ditu beste batzuk. Kataluniako auzia hainbeste aldiz konparatu da EAErekin (azpimarratzeko Kataluniak nahiko lukeela EAEko autonomia maila eta EAEkoa dela Europako autonomia handiena), non hainbatek pentsatu duten ez duela merezi estatutu hori arriskuan ezartzeak. “Ez al gara, ba, ongi?” Buruan ideia hori duen jende anitz baldin badago, menturaz, independentismoa loratzeko lur emankorrena ez dago Euskal Herri mendebaldean.
Paradoxikoki, abertzaleen ustezko indarra ez ote da ahulgune, independentziaren bidean? Bistan da, esplikatu behar da autonomia estatutu horrek ez duela herri hau askatzen Espainiarekiko menpekotasunetik (155. artikuluaren aplikazioak garbiki erakutsi duen bezala), ez dauzkala uste dugun indar guztiak herria euskalduntzeko…
Baina gaur egungo usteen arabera, zergatik litzateke zentzugabeagoa independentziaren aldarrikapena ekialdetik abiatzea, mendebaldetik abiatu beharrean?
EAEko autonomia iruzurra bada, are penagarriagoa da Nafarroa Garaiaren eta Ipar Euskal Herriaren egoera. Beraz, independentziaren aldeko mugimenduarekin gutxiago luke galtzeko ekialdeak, eta gehiago irabazteko. Ergelkeria ote da independentzia aldarrikatzea Ipar Euskal Herrian? Zeren beldur gara? Gure –ustezko– ahuleziaren beldur? Ez ote da ahulezia handiagoa energia gastatzea, urteetan eta urteetan, zinezko askatasunik emanen ez digun erakunde baten alde? Zenbaterainoko erakargarritasuna du Frantziaren menpeko erakunde batek, askatasunarekin eta independentziarekin konparatuz? Pragmatismoa dakarrena da gure baitako segurtamen falta. Eta pragmatismoaren bidetik ez da sortu independentziaren aldeko kontzientziarik, eta ez da lortu herri hau askeago eginen duen egoerarik. Aldiz, utopikoa badirudi ere, independentziaren aldeko lanketa eta herri proiektu aske baten garapena zabaldu bagenu azken urte eta hamarkadetan, ez da pentsatu behar independentismoak indarrik hartuko ez zuenik Ipar Euskal Herrian ere. Alderantziz, gure baitako segurtamen eta konfiantza adierazle litzateke, sendotasunaren erakusle.
Utopikoa badirudi ere,
independentziaren aldeko lanketa
eta herri proiektu aske baten garapena
zabaldu bagenu azken urte eta hamarkadetan,
ez da pentsatu behar independentismoak
indarrik hartuko ez zuenik
Ipar Euskal Herrian ere.
Herri elkargoaren sorrerarekin, ziklo bat bururatu da. Beharbada mementoa etorria da euskal estatu baten ideia hedatzeko, halako proiektu bat lantzeko eta herritarren artean zabaltzeko. Herri gisa dena dugu galtzeko Frantziak eskaintzen duen menuarekin. Dena irabazteko askatasunarekin. Jendeak harriduraz hartuko duela? Hastapenean, hain segur. Baina harriduratik lortzen da jendearen gogoetak aldatzea, pentsamenduak mugitzea.
Ez dakit zer mundutan bizi den jendea. Barkatuko didazu, baina gipuzkoarra izanda ere nahiko datu eta testigantza ditut azken urte luzeetako joera aldatu ezean hemendik 50 urtetara Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoa erabat erdaldunduta egongo direla baieztatzeko. Tristeki han-hemen sakabanatutako familiek baizik ez dute biziraungo euskaldun, erdararen presio ikaragarriaren pean. Nafarroa garaian bertan orain arte erabat euskaldunak izan diren herrietan geroz eta erdara gehiago entzuten hasi da arriskutsuki. Hau ez dut gutxitzeko esaten, izan ere, EAE ez dago etxaferoak botatzeko moduan, eta orain arte naziogintzan egindakoa goitik behera eror daiteke demografia negatiboa bezalako arazo potoloekin.
Orokorrean euskal nazioa kristo egina dago, atzerakada betean. Hau datu objektiboek diote. Goazen errealistak izatera, prozesu subiranista bat hasteko ere ez dago baldintzarik. Nazio mailako atzerakada honi galga jartzea eta euskal komunitatea batu eta gotortzea tokatzen da orain, joera demografiko, linguistiko eta politikoei buelta ematea. Lortzen badugu euskal nazioa berriz ere indartzea, gure seme-alabek, bilobek edo ondorengoek joko dute ofentsiba eta lortuko dute euskal estatua. Baina argi eduki dezagun zein den errealitatea, arduraz jokatzea eskatzen du eta egoerak. Ondo izan
Diozun guztia egia da. Horregatik uste dut independentzia dela baita Nafarroa Garaian eta Ipar Euskal Herrian ere aldarrikatu behar dena. Ez erdibideko zerbait, horrek galbidea handituko bailuke. Horiek horrela, bistan da, diozun bezala, euskal komunitatea batu eta gotortzea tokatzen dela. Eta nire begietan, batzea eta gotortzea da ez sartzea zatiketa administratiboa indartzen duten logiketan.
Gotortze horren bidean, nola ikusten duzu euskal komunitatearen baitako barne-egiturak sortu eta sakontzearen ideia, aldarrikapen politiko independentziazaleetaz gain?
Hau da, euskal korporatibismo baten bidez posible litzateke zatiketa administratiboaren logikari erresistentzia egitea edo alternatiba bat aurkeztea, hamarnaka etnia eta herri minoritarioek egiten duten antzera eta euskaldunok garai batean egiten genuen modura.
Mexikoko komunitate juduak, adibidez, estatu propio baten gisa funtzionatzen du: euren zerga-sistema propioarekin, mutualitate edo elkartasun-babes sistema propioarekin, euren barne-lege eta autoritateekin (errabinoak), segurtasun sistema pribatu propioa, euren hospitale eta asistentzia-sistema propioa, familia-sare kontsolidatua, eskola eta talde kultural propioak, sinagogak… Komunitatearen barne-estruktura horiek euren arteko kohesioa mantendu eta indartzen dute, euren nortasun “judutarra” perpetuatuz. Antzera funtzionatu ohi dute siria eta irakeko kurduek, libanoko shiitek, AEBtako mormoiek…
Zer iritzi duzu ideia horri buruz??
Aipatzen dituzun barne-egituren alde nago ni ere, osoki. Ekarri dituzun adibideak zinez interesgarriak dira, aztertzea merezi dutenak, ikusteko nola aplika daitezkeen Euskal Herrian. Mila esker.
Ez ote dira xinpleki biak egin behar ?
Alde batetik Euskal komunitatea gotortzeko barne-egiturak sortu, sakondu eta errekuperatzekoak errekuperatu ere. Horrek erregailu eta gai ausarki emanen dio mobilizazio herrikoiari.
Bestetik independentziaren helburua eta estatuaren beharra aldarrikatu. Horrentzat partidu eta administrazioetaz aparteko estruktura egoki bat beharko litzateke hain segur.
Izan ere Herriaren mobilizazioa da gakoa eta ez da sortuko bakarrik independentzia nunahi oihukatuz, beharko du aritzeko arlo zabal bat, aplikazio puntu konkretuak nun garatzeko.
Bestetik erakunde bat ( CNR bat bezalako zerbait) independentzia eta estatua gogoraarazi eta prefiguratzeko behar da bestenaz arriskua da iparrorratzik gabe aritzea eta betirako egoitea preso geto batean Herria libratu gabe.
Mexikoko adibideak funtzionatuko du bakarrik ez desagertzeko ( ez baita guti) bainan, ezbanaiz makur, juduek ez dukete bertan herri independiente bat sortzeko gogoa.
Eta zenbaterainoko erakargarritasuna du Espainiaren menpeko erakunde batek, askatasunarekin eta independentziarekin konparatuz? Pragmatismoa dakarrena da gure baitako segurtamen falta. Eta pragmatismoaren bidetik ez da sortu independentziaren aldeko kontzientziarik, eta ez da lortu herri hau askeago eginen duen egoerarik.
Ikusi besterik ez dago non eta nola dagoen egun EAE.
Entzun besterik ez dago gure Lehendakari txikia, Agirre Lehendakariaren memoria zikintzen duena Puigdemont eta katalanak iraintzen dituenean.
Baldintzapeko Autonomismoak deusez izatera garamatza, gero eta abiadura azkarragoan.
Benat, bat nator zurekin diozunean ezin dela ortzimugatik kendu independentzia eta euskal estatuaren helburua. Tamalez, hain da larria gure egoera nazionala ezen euskaldunak nahitaezkoa duen lehenik kualitatiboki (nortasuna, batasuna, auto-estima, balio osasuntsuak) zein kuantitatiboki (demografia, jendeartearen euskalduntzea) indartu eta gotortzea.
Euskal Estatua epe luzerako kontu bat da, belaunaldietakoa nahi bada, hain zuzen ere, diasporako juduek mendeetan zehar euren lur santura itzultzeko ibilbidearen hainakoa edo. Horren harira, lantzen dihardugun Korporatibismo Nazionalaren ideia ez da helburu bat, ez eta utopia bat. Aitzitik, estrategia bat da. Gure lurrean ezarri den distopia bati aurre egiteko epe luzeko estrategia bat.
Nahitaezkoa da independentziaren ametsa elikatzen jarraitzea, ahazturan geratu ez dadin, baina gure nazioak independentzia lortu dezan lehenik biziraun egin behar du. Gauzarik esentzialenean erreparatzen ez badugu, independentziak ez du ezertarako balioko.
Ondo izan
Mikelats eta zu, kapable zarete errealitatea nola den ikusteko eta erraiteko. Asko da eta oso bakan ikusten da.
Zuen estrategia, alegia, nazio barne egiturekin euskal populua gotortzea bizirauteko independentzia eguneraino, ezinbestekoa ikusten dut. Independentziarako preparakuntza bera izan daitekelako . Ez ote ?
Gainera, horretaz kanpo ez diot esannahi guti baizik aurkitzen erabiltzen dugun indar metaketaren ideiari.
Aldiz Baiona ttipiko gettoaren faktibilidadean ez dut sinesten.
Izan ere Siriako kurdoek ez bezala, edo Libaneko hezbollak ez bezala, BBko gure diasporak ez eiki du inundik ere pertzibitzen ingurumenaren etsaitasunik. Hara joan da lan egitera eta asko zeduzitzen duen fantses bizimodu hiritarra gosatzera. Erran behar da estatu frantsesak horrentzat baliabide guziak jarri eta jartzen dituela.
Erabat estonatu ere nauena hau da : agerian eta konplexurik gabe, asumitzen duzuela intelektualki eta politikoki gure etnizitatea.
Gehienok, nik batez ere, sekulan ez dugu egin ez intelektualki ez eta bizi portaeran, salbu beharbada naturalki lankideak hautatu eta kontratzeko aukeretan. Anitz hobe Bidarraitarra izaitea edo euskara jakitea…
Garen kinka larrian, postura horrek badu abantail, zentzu, eta arrisku morala serio ere. Bainan, gerorako utziko nuke gogotik beste koska bat lehenik aipatzeko.
Independentzia ez dela bihar biharko ? hau gogotik nahi dut nahiz eta, jakina, hunela segitzen badugu biharko ere ez da izanen.
Bainan, justu enetako puntu horrek inportantzia zentrala duelako gaurdaino ez segitzeko, galdera xinple bat eginen dizuet :
Zergatik ez irudikatu zure estrategian eta jagoiti erakunde nazional bat?
Egungo Euskal Herria, bere euskal nortasunari dagokionez, pipiak jandako altzaria bezalakoa: Zuloz eta hutsunez betetakoa. Independentziak ez du zertan euskal nortasunaren biziraupena ziurtatu.
Gure politikari eta agintari abertzaleen euskaltzaletasun epela kontuan harturik, gaur egun balizko independentzia batek Euskal Herrian Irlandar Errepublikaren porrota errepika lezake. Errepublika hark 1922. urtean Erresuma Batutik independentzia lortu arren, eta naziogintzarako tresna guztiak bere eskutan izan arren, ez du lortu irlandera irlandarren nortasunaren ardatz izatea (irlanderaren eguneroko erabilerak etengabe behera egin du independentziaz geroztik eta hizkuntza bizi bezala desagertzeko zorian dago). Ez hori bakarrik, irlandar gehienen nortasuna ingeleraren inguruan garatu da (keltiar ukitu folkloriko batzuekin nortasunari irlandar kutsua ematen diotenak).
Nik ez dut Euskal Herria “Irlandar Errepublika bis” izaterik nahi. Ez dut ezertarako behar (ezta nahi ere) espainieraren eta frantsesaren inguruan ardaztuko den Euskal Herri independentea, non euskal hizkuntza eta kultura apaingarri folkloriko hutsak bilakatzen diren.
Barkatuko didazu, JJ, baina ez zait iruditzen katalanak oso ondo jokatu dutenik, bere erakundeak izorratu dituzte, noraeza eta jakinezeko hilabeteak pasa arazi dizkiete katalanei eta Urkulluk Agirrek egin bezala bere erakundeen nortasuna eta boterea besterik ez du defenditu. Bestelakoak izango lirateke gauzak Puidgemont berak konbokatu izan balitu hauteskundeak, Urkullurekin hasieran erabaki zuen bezala, independentzia deklaratu beharrean herriaren babesarik gabe.
Ustezko helburu baten atzetik estatuarekin talka etengabea eta erakunde koloka bada estrategia ni abertzale bezala kontra nago zeren eta frustrazioa eta erredura ezpaitira inongo gizartearentzat gauza ona. Abertzale bezala gure gizartearen beharrei eta nahiei begiratu beharko genuke.
Independentzia aldarrikatzea folklorismo hutsa litzateke, erdiko biderik gabe, hausturarako okasioa izango ez balitza. Helburuak lorpenen arabera neurtu behar dira eta lorpena bada zenbaitzuen kontzientzi ustez independentistaren asetzea, oso gauza kaskarra iruditzen zait. Pankartismo eta forofismo hutsaren bidea da hori. Baina noski hemen Euskal Herrian badira batzuk, ezker abertzalekoak, erradikalismoa azenari giza astintzen dutenak azken batean berriz ere gatazka eramateko, inongo bermerik gabe.