Harresi bat, arazoei ez begiratzeko

Harresi bat, arazoei ez begiratzeko –

Hegoi Belategik, Uriola atarian.

Bilboko Portuaren garrantzia ekonomikoa ukaezina da. Milaka lanposturen iturri zuzena da, eta beste hainbati eragiten die zeharka. Euskal Herritik inportatu eta esportatzen diren produktuentzako (%76 eta %42 hain zuzen ere) funtsezko azpiegitura da. Hori gutxi balitz, portuak balio sinboliko handia du Bilborentzat eta eskualde osoarentzat, historian zehar izan duten loturagatik. Azkenaldian ordea, portuaren barruan gertatzen dena eztabaidagai bihurtu da; dirudienez, Bilboko Portuan, gizakiei harresiak jartzen zaizkie eta armei alfonbra gorria.

Harresi bat, arazoei ez begiratzeko

Gauzak ez dira hain sinpleak noski. Baina neurri handi batean hori da azken hiletan Bilboko Portuan gertatu dena. Iazko udaberritik aurrera, Portsmouthera doan ferryra sartzen ahalegindu diren migratzaileak albiste izan dira.  Portuko iturriek, Asier Atutxa presidentea buru dutelarik, Santurtzin errefuxiatuak ez daudela adierazi dute behin eta berriz, etorkin ekonomikoak baizik (pobrezia norberaren herrialdea uzteko arrazoia izango ez balitz bezala) eta gainera albaniarrak, hortaz, ez doaz gerra batetik ihesi. Atutxak argi utzi zuen bere ikuspegia: “Ez da arazo humanitarioa, segurtasun arazo bat da”. Portuko agintariek, eta Eusko Jaurlaritzak egoerak segurtasun baldintzak hobetzera behartu dituela diote, ferrya balio ekonomiko handiko aktiboa baita, eta segurtasuna bermatu ezean, Brittany Ferries enpresa Santanderrera mugitzeko mehatxua egin zuelako. Galerak portuaren irudiari ere kalte egingo lioke, lehiakortasunari eraginez, etekinak murriztuz eta, azkenik, Euskal Herri osoko ekonomia kolpatuz. Beldur ekonomikoaren diskurtsoak eraginkorra izaten jarraitzen du.

Dena delakoa, Eusko Jaurlaritzak adierazi du, errefuxiatuen giza eskubideak beti bermatuko direla. Atutxak berak esan du segurtasun eta legez kanpoko migrazio afera zela eta ez humanitarioa, migratzaileak kriminalizatuz. Lehentasuna, ferrya portuan mantentzea da, helburu ekonomikoa pertsonen humanitatearen gainetik jarriz. Eusko Jaurlaritzarena, giza eskubideak bermatzeko modu benetan bitxia da.

Albaniarrak izan ala ez, ukaezina da Bilboko Portuan gertatzen ari denak Europa osoan zehar dauden lagunen ibilbidearekin duela zerikusia. Hedabideetan maiz ‘errefuxiatuen drama’ edota ‘inbasioa’ deitzen dute, betiere kutsu negatiboa izan dezan. Bilbon iazko maiatzean izan ziren lehen albisteak, Calais (Frantzia) kanpoaldeko kanpalekuak era bortitzean hustu ostean. Ordura arte Britainia Handira joan nahi zuten migratzaile gehienak, Frantzia iparraldeko hirian biltzen ziren, Eurotunela igaroko zuen garraioren batean ezkutatzeko asmoz. Frantziar poliziak kanpalekua suntsitu zuenean, ibilbide alternatiboak sortu ziren, tartean Bilboko Portua. Egia da, 2015ean Europa era masiboan zeharkatzen hasi zirenak, ekialde hurbilean zutela jatorria, Siriako eta Irakeko gerretatik ihesi zihoan jendea. Baina bidean, nazionalitate ezberdinetako jendea batu zitzaien, eta zilegia zen; haien helmugara iristeko aukerak handiagoak ziren, gizatalde erraldoi batean.

.

Arazoen aurrean, hormak

Lehen albisteak maiatzean eman ziren gutxi gorabehera, baina auskalo noiztik den Bilbo, Ingalaterrarako bidean, geldiunetako bat. Abuztuan jada fenomenoa agerikoa zen, eta jendearen jakin-minarekin batera, medioek arreta gehiago eskaini zioten kaian barrena gertatzen zenari. Lehen eskuko informazioa lortzeko baldintzak ez dira errazenak izan, desinformazioa nagusi izan da beraz. Hainbat GKEn aburuz, mila lagun baino gehiago daude portuaren inguruan, ferryan sartzeko esperantzarekin. Portuko iturrien arabera, 77 baino ez dira, behin baino gehiagotan saiatu direnak, eta albaniar jatorrikoak. Ziur asko bi bertsioen arteko zerbait izango da egia. GKEk gehiegi puzten dituzte datuak maiz (oihartzun handiagoa lortzeko asmoz, eta bide batez, laguntza ekonomiko handiagoa), eta ez da egia, 77 direnik soilik. Gainera, gehienak albaniarrak badira ere, irakiarrak, siriarrak eta beste nazionalitateetako lagunek ere saiakera egin dute.

Politikariak inprobisazioren artistak dira, arazoak errotik konpondu ordez, unean uneko neurriak hartzea gustuko dute, hau da, petatxu bat jartzea. Bilboko Portuan gertatutakoaren ildo beretik doa. Migratzaile kopuruak gora egin ahala, Brittany Ferries konpainia alde egiteko mehatxua egiten hasi zen. Agintariek sinplea bezain alferrikako erabakia hartu zuten; harresi bat eraikitzea. Agintariak nortzuk diren ez dago oso argi. Azpiegituraren ordezkariek, erakundeen lana dela diote eta Eusko Jaurlaritzatik, Madrilen eskuduntza dela. Patata beroa esku batetik bestera pasatzen dute. Asier Atutxaren hitzetan, zentzuzkoa da erabakia, segurtasuna bermatzeko, eta aireportu batekin alderatu zuen egoera, pentsaezina baita aireportu batean jendea bere kasa sartzea. Loiun ordea, oraingoz ez da inon harresirik ikusi.

Argi eta garbi, itsasontzi batean beste edozein garraiotan bezala, segurtasun neurriak egon behar dira bidaiarien eta merkantzien mesederako. Baina horma batek ez du arazoa konponduko. Bere etxetik alde egin, eta Europa osoa zeharkatzeko determinazioa duen laguna ez du geldituko lau metroko harresi batek. Baliteke migratzaileek Bilbotik alde egitea, baina ez dira etxera itzuliko beste alternatiba bat bilatuko dute. Arazoa portuen zainketa baino askoz ere sakonagoa da, eta egungo zibilizazioaren gizarte ereduarekin du zerikusia. Estatuen arteko desberdintasun sozial eta ekonomikoak hain handiak izaten jarraitzen duten bitartean, beti izango da hegoaldetik iparralderako bidea hartzen duen jendea.

.

Bonbei trabarik ez

Hala da, errefuxiatuei oztopoak jartzen zaizkien bitartean, armak erraz sartzen dira portuan. Yemengoak, beste hainbat bezala, ezkutuko guda dela dirudi. Mendebaldeko medioek arreta gutxi eskaintzen diote eta, orokorrean, arabiar penintsularen hegoaldean bizi den gerra bortitza ez da mintzagai. Saudi Arabiaren gidaritzapean, Europar Batasunaren aliatu diren hainbat estatuk Yemengo herria bonbardatzen ari dira, eta blokeo jasanezin bat ezarri dute. Gosea eta izurriteak nagusi dira herrialde osoan. Europaren aliatu diren heinean, Europar Batasunak ardura morala duela esan daiteke. Baina armak Bilboko Portutik ateratzen badira, ardura zuzenekoa da, ezinbestean. Auskalo noiztik den Nerbioi ibaiaren itsasadarra armak esportatzeko plataforma; suhiltzaile baten salaketari esker jakin zen, hark arma horiek zaintzeari uko egin baitzion. Erakundeen erabakia izan behar zuena hartu zuen suhiltzaileak.

Sarritan ikus daitezke, bonbardaketen ondorioak telebistan. Oihuak arroka eta hauts artean, ezinegona, umeen negarrak eta gorputzak… duela bost minutu bizirik zeuden lagunen gorpuak. Besteak beste, Bilboko Portutik ateratzen diren lehergailuen eragina da hori. Benetan pentsa dezakegu ez dela denon arazoa? Bada garaia EAJ buru duen Eusko Jaurlaritzak eskuduntzen aitzakia alde batera uzteko eta Madrilen aurrean tinko agertzeko, eta euskal azpiegiturak belizismoaren mesedetan ez jartzeko.

Bestalde, lotsagarria da alderdi batzuen jarrera; armek Euskal Herrian kalte ikaragarria egin dutela salatzen dute, baina antza denez, hildakoek azal ilunagoa badute bost axola dio. Lehergailuekin ez ezik industria militarra beste gailu batzuekin ere hornitzen da Euskal Herrian: radarrak, hegazkinen motorrak… Bilboko portua ikur bat da, hiritarron ikurra, baina ikurrek badute alde iluna. Zentzuzko mundu batean, harresiak armei jarriko litzaizkieke eta iheslariei erraztasunak eman; baina horrek idealismo hutsa dirudi.

Telebistan Yemenen izandako bonbardaketa baten zaurituak ikustean, pentsatu ezazue Bilboko Portuan, hori errealista baita.

Harresi bat Harresi bat Harresi bat Harresi bat Harresi bat Harresi bat Harresi bat Harresi bat

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.