Indarkeriaren adierazpideak
Kale bazterretan, argirik ez duten zirrikituetan, gizon bizardunek jarraitzen zaituzten karrika asfaltatuetan, hiri handietako auzoetan… makina bat tokitan beldurtzen erakutsi digute. Bakarrik ez ibiltzen, mutilek lagunduta etxeratzen, egun argiz soilik kaleak zapaltzen. Erakutsi digute espazio publikoa krudelegia dela guretzat, zakarregia, handiegia agian; baina ez genien sinetsi. Hartu genituen kaleak, plazak, oholtzak, estadioak; baina beti atzera begira.
Espazio Publikoa arriskutsua da urteetan pribatuan egon den subjektuarentzat, eta publikoaren beldurrez espazio pribatuan bortxatu, jipoitu eta akabatu gaituzte. Etxeko suaren babesean, ustez segurua den leku bakarrean. Izan ere, bertan erailtzen dituzte emakume gehien.
Erailketa da bortizkeriaren adierazpiderik krudelena, aurpegirik beltzena; ez bakarra.
Espazio publikoa arriskutsua omen, eta pribatua biolentoa. Ezin dugu ihes egin, eta salatzeko modu bakarra instituzio estruktural, biolento eta burokratikoak dira. Ez da errez poliziaren oniritzia lortzea aurpegia ubelduraz beteta edo alua zarrastatu ez badaramazu. Mehatxuak, etengabeko eraso psikologikoak, kontrolak… denak justifikatu eta frogatu behar dituzu gizonezko armatu horien aurrean.
Espazio pribatua (etxea) gainerako arauetatik libre egon da orain gutxi arte. Eta oraindik sarri etxe barruko kontuak etxe barruan geratzen direnaren ustea zabaldua dago. Ez da erraza lehenengo mehatxuaz ohartzea, lehen esku altxatzea identifikatzea, lehenengo kolpea saihestea; emakumeen %20 inguruk salatzen du. Zorionez salatzen dute. Baina salaketa ez da bide erreza, bigarren indar biolentoan murgiltzea baitakar berarekin; gezurraren presuntzioaren aurrean etengabe justifikatzen, denboran luzatzen diren epaiketei aurre egiten, gizartearen estigmen aurrean inposatu dizuten biktima etiketa lotsaz garraiatzen.
Espazio publikoa berreskuratzen ibili gara jo eta ke, eta zer gutxiago, geuk ere merezi baititugu kale bazterrak, argirik ez duten zirrikituak, gizon bizardunek jarraitu gabeko karrika asfaltatuak eta hiri handietako auzoak, zentroak eta bazterrak. Baina geureganatu behar dugu pribatua ere.
Erailtzen gaituzte, ez gara bakarrik hiltzen; baina inork ez ditu estadioetan gure banderak zintzilikatzen eta inork ez ditu estadioetan gure ereserkiak abesten. Erailtzen gaituzte, baina badakigu oihukatzen. Mehatxatzen gaituzte, bortxatzen gaituzte, kontrolatzen gaituzte baina sistemaren biktimizaziotik haratago badakigu desarmatzen, zutitzen, oihukatzen. Indarkeria estrukturala izango da, baina estrukturarik handienak ere eraitsi daitezke.