Iñaki Aliste: “Pertsonaiek adina protagonismo duten etxeak marraztea gustatzen zait”
Bazter exotikoenetako medioen arreta piztu du Azpeitiako seme honen zaletasun bitxiak: telesail arrakastatsuetako etxeak behatzen ditu detaileraino, ondoren eskuz egindako plano kasik artistikoetan irudikatzeko. Gurean bere argazkirik eta erreferentziarik kostata topatu badugu ere, nazioartean ez dira gutxi bere lanaren berri zabaldu duten hedabideak, eta eskaerak ere hamaika herrialdetatik iristen zaizkio. “Finlandiatik, Malasiatik edota Japoniatik idazten didate, harrituta nago zabalpenarekin”, dio. Lehenengoa Interneten eskegi zuenetik, Alisteren sinadura daramaten aleak sonatu bilakatu dira; hogeita bost inguru urtebete eskasean.
Noiz hasi zinen tankera honetako lanak egiten?
Uste dut orain dela laupabost urte egin nuela Frasier telesailekoa, besterik gabe, kapritxo gisa, zalea nintzelako eta, gainera, apartamentua zoragarria iruditzen zitzaidalako; plano batean errepresentatuta ikusi nahi nuen, ideia orokor bat egiteko. Orain dela urtebete arte ez nuen besterik egin, lagun batek, Sex and the City-ren jarraitzaile sutsua, Carrie Bradshawren etxea marrazteko eskatu zidan arte. Gero esan zidan ezin zitzaidala Friends-ekoa faltatu… eta horrela gaur arte. Ez zen planifikatua izan, gertatzen joan da, eta lanbide bilakatu zait.
Ikus-entzunezkoak asko gustatu behar zaizkizu… ala?!
Batzuk bai, beste batzuk ez. Oro har, luze jo duten eta amaitu diren telesailetan jartzen dut arreta, eduki duten arrakasta dela-eta beren set-ak ezagun bilakatu dituztelako eta, batez ere, ibilbide luze horri esker etxeetako bazter guztiak erakutsi dituztelako. Dena dela, ez pentsa kapituluak behin eta berriz modu obsesiboan ikusten ditudanik! Filmetako etxeekin ere egin dut lanen bat eta baten batek bideojokoren bateko etxeren bat aipatu dit, baina momentuz horrek ihes egiten dit.
Ustekabean lanbide bilakatu zaizula esan didazu.
Bai. Ez dakit zergatik eskegiko nuen Frasier-eko aurreneko hura… beste zaleekin partekatzeko, suposatzen dut. Pentsa, Deviantartera igo nuen bertan printak saltzen direnik jakin gabe! Beraiek arduratzen dira inprimatzeaz eta saltzeaz, eta egileoi %20 ematen digute. Inongo lanik eta gasturik galdatzen ez didan diru-sarrera da hori, eta gainera, bestelako sare sozialetan ere baditut argitaratuta, eta hauen bitartez jasotzen ditut eskaera gehiago. Ez dakit zenbat iraungo duen honek, baina, oraingoz, bizirauteko lain ematen dit, bizitza sozialik gabe utzi nauten lanaldi amaigabeei esker, jakina. Harrituta nago zabalpenarekin… Sex and The City-ko Carrie Bradshawrena Facebookera igo nuenean, errekorra apurtu nuen 48 ordutan 100.000 ‘Atsegin dut’ jaso zituelako. Eta gero eskaera uholdeak heltzen dira: hamabi Australiatik egun berean, 300 norbegiar jarraitzaile egiten zaizkit bat-batean…
Ze jende mota jartzen da zurekin harremanetan?
Ba, normalean, telesailen jarraitzaile sutsuak, edo hauei zer edo zer pertsonalizatua eta berezia oparitu nahi dietenak. Kamiseta edo taza batek ez bezala, horrelako plano zehatz batek, interpretatzeko gai bazara behintzat, kasik telesailera itzuli, etxean sartu eta interaktuatzeko aukera ematen dizu.
Eskaeren artean, harrigarriren bat?
Harrigarriak baino gehiago, batzuk ezinezkoak. Twilight sagako “dena” eskatu izan didate, edo pertsonaia kuttunaren etxearena, kontuan izan gabe agian eraikina ez dela kapituluetan agertu ere egin. A Game of Thrones moda-modan dago orain, eta askok gazteluak marraztea nahi dute, eraikin puska horiek! Edo Harry Potter-en Hogwarts gaztelua, nahiz eta %1 ere ez dugun ikusi filmean! Gero, tipikoa da helbidea idatzi nahi izatea, edo detaile pertsonalen bat, eta badira hainbat eskaera interesgarri momentuan egin ezin ditudanak baina etorkizunerako zerrenda luze batean apuntatzen ditudanak.
Eta erosle harrigarririk?
Ba, begira, New Yorkeko Guggenheim museoko zuzendaritzako kide batek The Golden Girls-en etxearen planoa eskatu zidan. CSI telesaileko gidoilari batek Friends-eko bat eskatu zidan eta BBCko hiru langilek ere egin zidaten enkargua aldi berean.
Oso garesti kobratzen dituzu?
Txikiak 50 eurotan, ertainak 75 eurotan eta handiak 100 euroren truke. Kontuan izanda ale bakoitza marrazteko bakarrik 10 edo 15 orduko lana behar izaten dudala, ez pentsa kontuak borobilegi ateratzen zaizkidanik…
Kontaidazu ba, nola egiten dituzu? Zein da prozesua?
Hasteko, argitu behar dut, urte luzez barnealdeak diseinatu ditudanez, zentzumen espaziala oso garatua dudala eta erraztasun berezia dudala gauzak buruan irudikatzeko; horrek asko arintzen du lana. Nolanahi ere, lehenengo urratsa telesailetako set-en irudiak eskuratzea da eta, horretarako, argazkiak bilatzen ditut eta kapituluak deskargatu ere bai. Baten bat falta bazait edo, adibidez, komuna zein kapitulutan ikus dezakedan jakiteko, bigarren mailako lokalizazioak izaten baitira aztertzen zailenak, foro espezialduetara jotzen dut, eta jarraitzaileek errazten didate informazio hori.
Elkarrizketa osoa GAZTEZULO.COMen