Imagine 10% of the people… militatzen

militatzen –

Kasualitateak lotu ditu begietan hatzamarra sartzeko hausnarketa hau eta John Lennon eta Yoko Onok sorturiko Imagine abestia, bere 50. urteurrenean.

militatzen

Abestian irudikatutako ametsezko munduaren bertsio askoz apalago eta gertuagoa proposatuko dut nik.

Ahaztu all the people. Geratuko gara gure herriaren populazio helduaren %10arekin bakarrik. Ziur nago gure jendartean %10a baino askoz gehiagok bere burua ezkertiartzat hartzen duela. Beno, agian gehiengoa gara, euskal burgesia bozkatzen duten despistatu askok ere ezkertiartzat hartzen baitute berea. Baina, geratuko gara gure jendartearen %10arekin. Gure inguruko 10 pertsonetatik bat. Euskal Herrian 260.000 bat lagun, Gasteizen 21.000 bat lagun.

Imagine 10% of the people militantziari astean orduren bat ematen. Badakigu, militantzia ez da orduetan neurtzen den zerbait, baizik eta bizitzarekiko jarrera bat (You may say I’m a dreamer). Dei diezaiogun militantzia, aktibismoa ala errealitatea ezkerrerantz aldatzeko lana. Eta ez gara sartuko ezta denbora hori kentzen joan-etorrietatik, zaintza-lanetatik, betebehar fisiologiko zein harreman pertsonalei emandako denboratik ezta lanetik ere (kasu gehienetan kapitalistei emandako denbora dena; baina plusbalia beste iritzi tarte baterako utziko dugu…). Imagine 10% of the people beren aisialdirako denboraren %10a beste jendarte bat eraikitzeko erabiltzen: jarduera kolektiboetan parte-hartzen, antolatzen, proposamenak egiten, ekimenak sortzen… lanean, eskolan, auzoan, elkartean, erakundean, sindikatuan…

Imagine 10% of the people terrazetan, tabernetan edo telebistaren aurrean egoten den denboraren %10a ekimen kolektiboetan ematen. Batzarretan, herrigintzan, beste kideekiko elkar-lanean, ideiak garatzen, mobilizazioetan, beste jendarte bat elkarrekin amesten eta eguneroko pauso txikiez gauzatzen saiatzen.

You may say I’m a dreamer eta jende askok ez daukala denbora librerik ezta horren %10a emateko. Orduan, imagine 10% of the people tragoetan gastatzen duen diruaren %10a kausa bati ematen. Eta, zer esanik ez!, guztiz ez-funtsezkoak diren gauzetan gastatzen dena, ez kontsumoan, baizik eta guztiok gehiago ala gutxiago mugitzen garen kontsumismo hutsean, enpresa kapitalisten etekinak lodituz. Imagine 10% of the people halakoetan gastatzen duen diruaren %10a ekimen batean jartzen edo eragile bat finantzatzen; elkarte, erakunde ala, adibidez, komunikabide alternatiboren bat.

Ez gara iraultza egiteaz ari, non %10 baino “zertxobait” gehiago eman behar den. Baina, hala eta guztiz ere, nola egongo ginateke bere burua ezkertiartzat hartzen dutenen %10ak horretan jarriko balu denbora, lana, dirua…?

Bai, hausnarketa honen helburua aipatutakoa urrun geratzen zaienengan ondoeza eta erreakzioa sortzea da, nahiz eta bakarrik haietako %10ean izan.

You may say I’m a dreamer. Baina, imajinatzen duzu?

militatzen

Internazionalista. EHUko irakaslea

2 pentsamendu “Imagine 10% of the people… militatzen”-ri buruz

  • Iñaki, ez duk ezer ulertu! Zertarako bozkatu diat nik ba ezkerra? Ba nik tabernan pinta hau eta Zuzeun iruzkin txatxuak jarri bitartean mundua konpondu diezadaten!

  • Nik etxean jaso dudana norberak erudu izan behar duela da. Zure seme-alabak arduratsu izan daitezen, zeuk arduratsu jokatu. Langileak izatea nahi baduzu, beharra irakatsi, solidarioa, euskaraz hitz egitea, … Zer egiten duzu zuk, “planteamendu filosofikoez gain”? Bestei eskatzea al da zure proposamena? Ekimena besteei eskatzean datza? Horretarako elizaren sermoiak izan ditugu duela gutxi arte…