Etxebizitza Legearen antiproiektua

Etxebizitza Legearen antiproiektua –

Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak Etxebizitza Eskubidearen aldeko Legearen aurreproiektua onartu berri du, PSOE eta Unidas Podemosen urtebete baino gehiagoko negoziazioen ondoren. Ekimen hori, gainera, azken oztopoa izan da koalizio-gobernuak 2022rako aurrekontuak onar zitzan, batez ere polemika handia piztu duen gai batengatik: alokairuen prezioen mugatzea. Aurkezpen horrekin, espero zitekeen lege berria asmo handikoa izatea, langile-klaseak etxebizitza eskuratzeko dituen arazoei benetako irtenbidea emateko. Baina pentsioen erreforma eta lan-erreformaren arloko erabakiak norabide berean badoaz, ez dugu masailik izango bata bestearen atzetik ematen jarrai diezaguten.
Etxebizitza Legearen antiproiektua

Has gaitezen denborekin. Urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioa aurreko astera arte. Aurten bertan bidali nahi da Kongresura lege-proiektu gisa. 2022aren amaieran legeak argia ikusiko luke. Eta testuak, inor ustekabean ez harrapatzeko, 18 hilabeteko tartea ematen die etxebizitzen jabe handiei neurriak aplikatzen hasi aurretik. Agian 2024rako legearen ondorioak ikusten hasiko gara, baldin badaude

Jarrai dezagun legearen aplikazioarekin. Autonomia-erkidegoek berek erabakiko dute legea martxan jarri ala ez. Paradoxikoa da, baita larria ere, Espainiako Gobernuak Kataluniako Etxebizitzaren Legea Konstituzio Auzitegian errekurritzea, Estatuak erabakitzen duelako alokairuaren arloan, eta orain Erkidegoen esku uztea lege berri honen aplikazioa. Oraingoz, jakina da PP gobernuan dagoen autonomia-erkidegoek ez dutela inolako neurririk aplikatuko. Eusko Jaurlaritzak esan du legea baloratu behar duela eta ea eskumen-esparrua errespetatzen duen. EAEn eta Nafarroan aplikatuko da lege hori?

Pentsa dezagun baietz, barneratzen dutela. Neurri eztabaidagarriena alokairuen prezioak mugatzea da. Baina muga hori “tenkatutako zonetan” bakarrik emango da, eta etxebizitzaren jabegoaren arabera desberdina izango da. Tenkatutako eremuak autonomia-erkidegoek eta udalek deklaratuko dituzte eta bi baldintza bete behar dituzte: alokairuen prezioak azken 5 urteetan KPIaren gainetik bost puntu igo izana eta alokairua etxeko batez besteko diru-sarreren % 30 baino gehiago izatea. Jabetzari dagokionez, alde batetik, hamar etxebizitza baino gehiago dituzten pertsona juridikoak egongo lirateke (funtsak, bankuak, etab.), jabe handiak deritzenak, eta, bestetik, 10 etxebizitza baino gutxiago dituzten pertsona juridikoak eta pertsona fisiko guztiak.

Gune tenkatuetan eta jabe handien eskuetan dauden etxebizitzetan soilik murriztuko da alokairuen prezioa, oraindik zehazteke dagoen indize baten arabera. Gogoratu behar da, Iñaki Arriola beraren arabera, EAEn jabe handien esku dauden etxebizitzak guztizkoaren % 5 baino ez direla. Horrek esan nahi du alokairuen prezioen murrizketarik ia ez dela egongo. Jabe txikien kasuetan, gehienez ere, urtez urte luza daitezke indarrean dauden kontratuak, prezioak izoztuta. Eustaten datuen arabera, alokairuaren batez besteko prezioa Euskadin 1.049,1 €-koa izan zen 2021eko bigarren hiruhilekoan. Prezioak izoztuz gero, errentaren ordainketari aurre egiten dieten HEHko milaka familiek pairatzen duten agonia betikotzeko arriskua dago. Hori gutxi balitz, aurreproiektuak aurreikusten du prezioak % 10eraino igo daitezkeela jabeek etxebizitzan hobekuntzak egiten badituzte. Ez alokairu-prezioen murrizketarik, ez inolako mugarik.

Azter dezagun fiskalitatea. Alokairuen prezioa jaisteko Espainiako gobernuaren beste ideia bat zergapetzean jabeei pribilegioak ematea da. Adibide gisa lehen ikusitako 1.049 euroko alokairu bat hartuko bagenu, etxe horren jabeak errentaren prezioa % 5 jaistea erabakiko balu (996€-ko alokairua), % 90eko hobaria izango luke PFEZn, 896 eurokoa. Gainerako 100 euroengatik bakarrik ordainduko beharko luke. HEHren kasuan, gaur egun hobariak % 20 artekoak dira EAEn eta % 55 artekoak Nafarroan; beraz, jabeek irabazitako errentek hobari handiagoa izango lukete, eta, aldi berean, diru-bilketa murriztu egingo litzateke. AiRef Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independentearen arabera, neurri hori errenta altuen onurarako eta langile-klasearen kalterako izango da.

Arreta jar dezagun gazteengan. Gazte Bonua sortuko da, hilean 250 €-ko zuzeneko laguntza emango zaie 18 eta 35 urte bitarteko eta 23.725 €-tik beherako errenta duten gazteei, 2 urtez. EAEn dagoeneko baditugu ildo horretako neurriak. Hala ere, alokairu-prezioak mugatzeko neurri gehigarririk hartu gabe, zuzeneko laguntza horien ondorioz, alokairuaren prezioak igo egiten dira eta errenta handienetara transferitzen da diru publikoa. Hori ikusten ari gara Eusko Jaurlaritzaren EPOarekin (Etxebizitzarako prestazio osagarria). Etxebizitza bat eskuratzeko eskubideak lehentasuna izan behar du laguntza ekonomikoen gainetik.

Amaitu dezagun azterketa etxebizitza publikoarekin. Etxebizitza eraiki berrien % 30 etxebizitza publikoetarako gordetzea nahi da, horietatik % 15 alokairu sozialerako. Etxebizitza hutsak ere mobilizatu nahi dira, OHZn % 150eko errekarguarekin. Antzeko neurriak jasota daude Etxebizitzaren Legean eta Euskadiko Etxebizitza Hutsaren Dekretuan, eta argi dago ez direla nahikoak etxebizitza eskuratzeko arazoari aurre egiteko. Errekargu horiek ez dira nahikoa etxebizitza hutsak merkaturatzeko.

Laburbilduz, aurreproiektuak ez du ia ondoriorik izango alokairuaren merkatuan. Burbuila iraunarazten jarraituko du. Ez du etxegabetzeekin amaituko. Errenta altuen interesak errenta baxuen gainetik jartzen jarraitzen ditu. Etxebizitza bezalako oinarrizko eskubide bat eskuratzeko erraztasunik ez ditu ematen. Azken batean, aurreproiektua baino gehiago, antiproiektua da.

Etxebizitza Legearen antiproiektua Etxebizitza Legearen antiproiektua Etxebizitza Legearen antiproiektua Etxebizitza Legearen antiproiektua Etxebizitza Legearen antiproiektua

ELA sindikatua

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude