Gonzalo Chillidaren erakusketa Parisen

Gonzalo Chillidaren erakusketa Parisen –

Cervantes Institutuak, Acción Cultural Españolak (AC/E), Etxepare Euskal Institutuak eta Bilboko Arte Ederren Museoak nazioartean ezagutarazi nahi dute Espainiako abstrakzio lirikoaren figura adierazgarrienetako bat, Gonzalo Chillida pintorea (Donostia, 1926-2008).

Pintorearen artelanen multzo adierazgarri bat biltzen duen erakusketa gaur, azaroak 9, inauguratuko da Parisko Cervantes Institutuan. Bertan, 2022ko otsailaren 28ra arte egongo da zabalik; gero, Institutuak Erroman (2022ko martxoa/ekaina) eta Tokion (2022ko uztaila/urria) dituen egoitzetara joango da, eta 2023an Bilboko Arte Ederren Museoan amaituko du ibilbidea.

Erakusketak eta haren katalogoak –euskarazko, gaztelaniazko, frantsesezko, italierazko eta japonierazko testuekin– Etxepare Euskal Institutuaren laguntza dute; izan ere, egoitza Donostian duen erakunde publiko horrek euskararen nazioarteko proiekzioa eta euskal kultura eta sorkuntza garaikideak bultzatzea du helburu nagusi.

Gonzalo Chillidaren erakusketa ParisenCervantes Institutuak eta Acción Cultural Españolak (AC/E), Etxepare Euskal Institutuarekin eta Bilboko Arte Ederren Museoarekin batera, Gonzalo Chillida erakusketa aurkezten zuten atzo, asteartea, azaroak 9. 2022ko otsailaren 28ra arte Parisko Cervantes Institutuan egongo da ikusgai, eta, gero, nazioarteko ibilbideari ekingo dio, Institutuak Erroman (2022ko martxoa/ekaina) eta Tokion (2022ko uztaila/urria) dituen egoitzetatik, 2023an Bilboko Arte Ederren Museoan amaitu arte. 

Artearen historialari eta komisario independente eta artistaren alaba den Alicia Chillidak komisariatuta, erakusketak 34 margolan, 10 litografia eta 180 argazki eta fotocollage inguru biltzen ditu, Gonzalo Chillidaren (Donostia, 1926-2008) zeregin artistikoaren adierazgarri. 

Artelanak familiarenak eta beste bilduma partikular eta publiko batzuetakoak dira –Donostiako San Telmo Museoa eta Donostiako Kutxa Bilduma, Bilboko Arte Ederren Museoa eta Madrilgo Juan March Fundazioa–, eta 1950etik 2007ra bitarteko kronologia dute; artista hil baino urtebete lehenagora artekoak dira, beraz.

Erakusketan, gainera, 2016an Alicia Chillidak eta Benito Maciasek zuzendutako La idea del Norte filmaren proiekzioa sartu da. 40 minutuko iraupena duen filmak areago sakontzen du pintorearen sormen-prozesuan eta bere ibilbidean zehar behin eta berriz jorratu zituen motiboak –itsasoa, harea, basoa, zerua…– behatzeko zuen gaitasunean. Ahots gogoetatsu batek artistaren artxiboko materiala –Super 8 formatuko filmak eta jatorrizko argazkiak– bere obraren hiztegi bisualaren esentzia bihurtzen du. Dokumentalean, gainera, artistaren bizitzarekin lotura duten pertsonek esku hartzen dute, eta bizitoki eta lantoki izan zituen lekuak berreskuratzen ditu. 

Erakusketa dela-eta, argitalpen bat argitaratu da –euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, italieraz eta japonieraz–, Alicia Chillidaren aurkezpen batekin eta Miguel Zugazaren epilogo batekin, eta Gonzalo Chillidaren lanari denboran zehar lagundu zioten egileen idazkiak berreskuratzen ditu: José Ángel Irigaray (Iruñea, 1942) eta Gabriel Celaya (Hernani, Gipuzkoa, 1911-Madril, 1991) poetak, Antonio Saura margolaria (Huesca, 1930-Cuenca, 1998) eta Francisco Calvo Serraller historialari eta arte-kritikaria (Madril, 1948-2018). 

Gonzalo Chillidak (Donostia, 1926-2008) pinturarekiko bokazio goiztiarra sentitu zuen, leial eutsi zion bizitza osoan, eta estilo guztiz pertsonal eta garaikidea garatu zuen, mugimendu eta etiketetatik kanpo. 1947an, hogeita bat urte zituela, Madrilera joan zen trebatzera; horretarako, San Fernandoko Arte Ederren Akademian sartu zen, eta Arte Ederren Zirkuluan hasi zen marrazketa-eskolak hartzen. 

Horrekin batera, Prado Museora egindako bisitak izan ziren eskola handia harentzat, hor ikasi baitzuen Goya, Zurbarán, Sánchez Cotán eta beste maisu espainiar batzuen pintura, zeinen eragina nabaria den atmosfera geldian, sinplifikazio formalean eta bere lehen natura hil eta paisaien figurazioaren dotoretasun kromatikoan. Horiek Italiako quattrocento garaiko pintore batzuen estetika ere ekartzen dute gogora, Giotto edo Piero della Francesca kasu, bai eta urte haietako maisu funtsezkoa zen Daniel Vázquez Díazen eta Giorgio Morandiren pintura metafisikoa ere.

1951n Parisen kokatu zen ezagutzak sakontzeko, eta, han, artearen korronte berriekin jarri zen harremanetan, baita harentzat eragin handikoak izango ziren Eusebio Sempere, Georges Braque eta, batez ere, Pablo Palazuelo sortzaileekin ere. Bi urte geroago, 1953an, Euskal Herrira itzuli zen, eta jatorrizko hirian jarri zen bizitzen behin betiko. Kantauriko atmosferak, haren argi-ezaugarriek eta paisaiaren indar tektonikoak –bere anaia nagusia zen Eduardo Chillida eskultorea ere xarmatu zutenek– eratu zuten artistaren heldutasuneko lana. Hareak, Itsas pinturak, Basoak-Mendiak eta Zeruak izan ziren bere ildo tematiko nagusiak.

1955ean Erromako Espainiako Akademiara joan zenean, erakusketa kolektibo batean parte hartu zuen. Antzinako kulturen enigmarekin interesaturik, urte horretan bertan bidaia garrantzitsu bat egin zuen Italiako hiriburutik gertu zegoen Cerveteriko aztarnategi etruriarra ikertzera, eta argazki-kamerarekin erregistratu zuen. Jakin-min intelektual bera izan zuen nagusi euskal historiaurrea eta mineralen eta fosilen mundua aztertzeko.

Errealismotik eta forma naturalekiko eta Euskal Herriko eta Gaztelako paisaiekiko interesetik abiatuta, “Gonzalo Chillida izeneko gizon sekretu honek” –Gabriel Celayaren hitzetan– pintura geometrikotik eta abstrakziotik eratorritako formekin esperimentatu zuen. Korronte horiek behin betiko eragina izan zuten haren estiloaren konfigurazioan, 50eko hamarkadaren amaiera eta 60ko hamarkadaren hasiera artean, lengoaia propio bat zehaztu baitzuen, bere ibilbide osoan adierazteko erabili zuena. 

Itsasoari eta hondartzari, euskal mendietako paisaiari edo goi-lautadako ikuspegiei mugatutako ikonografiatik abiatuta, bere pinturak gustu sentsorialari eta gris eta okreen paleta dotoreari eutsi zien, baina bilakatuz joan zen gero eta desitxuratuagoak eta askeagoak diren konposizioetarantz. Pintzelkada sotilen bidez lortutako formek, jada ia iheskorrek, Erromantizismoaren eta ekialdeko artearen nolabaiteko poetika ekartzen dute gogora. 

Funtsezkoenera egindako bidaia horren ondorioz, 60ko hamarkadatik aurrera, harearen gainean pausatuko du begirada, eta izenburu hori emango die obra askori; horiek bilakaera nabarmena izango dute, gutxi gorabehera ezagutu daitezkeen irudikapenetatik abstrakzioaren mugan kokatutako forma liriko eta iheskorragoetara.

Bakarkako lehen erakusketa Madrilen egin zuen, Juana Mordó galerian, 1964an. El Paso abangoardiako taldeko artistekin eta Cuencako Arte Abstraktuaren Museoaren inguruan bildutakoekin –Antonio Saura edo Fernando Zóbelekin, horietako bi bakarrik aipatzeagatik– izandako harremana funtsezkoa izan zen bere interes artistikoetarako. 

2001ean, Arte Ederren Urrezko Domina jaso zuen, egindako ibilbideagatik. Haiku japoniarraren genero poetikoaren laburtasunak ondo hartzen du Gonzalo Chillidaren obraren esentzia, eta, aldi berean, natura erakusten du bere interesaren objektu bakar gisa. Berak idatzita utzi zuen bezala: “Itsasoa atzera doa, zerua”.

Gonzalo Chillidaren erakusketa Parisen Gonzalo Chillidaren erakusketa Parisen

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude