Ilustratzaileek zientziaren komunikazioari egindako ekarpena, Elhuyar aldizkariko urtarrileko zenbakian

11-11 azalaHain zuzen ere, zenbait artista argazki-kamera iristen ez den tokira heltzen espezializatu dira, eta ikusi ezin diren objektuak eta egoerak ikusgai bihurtzen dituzte. Ikusezinaren ilustratzaileak dira, hain zuzen ere. Elhuyar zientzia eta teknologia aldizkariko urtarrileko zenbakian artista horietako birekin hitz egin dugu: Luis Calçada portugaldarra da horietako bat ESO erakundearentzat egiten ditu ilustrazioak, munduko teleskopiorik handienak kudeatzen dituen erakundearentzat alegia. Urruneko munduetan du, beraz, begirada. Bigarren artista Manu Ortega bilbotarra da, zientziak eman dituen pertsonaia historikoak aldizkari honetarako biziberritzen dituen artista, hain zuzen ere. Egiten duten lanaren beharraz eta zailtasunez hitz egin digute zenbaki honetan.

Beste erreportaje hauek ere landu ditu Elhuyar aldizkariak: Elkarrizketa: María Vallet, biomaterialetan aditua. Farmaziako ikasleekin lanean hasi zenean sartu zen María Vallet kimikaria biomaterialen munduan. Erabilera askotarako materialak sortu ditu harrezkero, hezurrak birsortzen laguntzen duten matrizeetatik hasi, eta minbiziaren kontrako botikak bideratzeko eta dosifikatzeko materialetaraino; 3Dko avatarrak sendagileen laguntzaile. Medikuntzan erabiltzeko avatarrak egiteko teknologia sortu du Tecnaliako Media Unitateak. Teknologia horrek 3Dko avatar pertsonalizatuak egiteko aukera ematen du, erraz eta merke. Zehazki, bi arlotan dira erabilgarriak avatar horiek: kirurgia plastikoan eta alzheimerraren diagnostikoan eta tratamenduan; Badatoz elkarrizketa-agenteak. Applek iazko urrian aurkeztutako iPhonearen 4S modeloaren berrikuntza nagusietako bat elkarrizketa-agentea izan zen. Googlek ere iragarri du Android-en hurrengo bertsioak beste elkarrizketa-agente bat izango duela. Horiei esker, ahotsaren eta lengoaia naturalaren bidez atzi daitezke mugikorren aplikazioak eta aukerak; Galaxia espiralen errotazio misteriotsua. Unibertsoan guztia mugitzen ari dela esan genezake, gorputz oro beste zerbaiten inguruan biraka dabilela. Dantza kosmiko horretan, galaxia espiralen errotazioak ezusteko itzela eragin zuen XX. mendeko astrofisikan, eta gaur egun ere orduak ematen dituzte astrofisikari askok fenomeno hori zehazki neurtu eta azaltzen; Antropozenoa, aro berri bat? Egun, hainbat zientzialarik diote Lurra muga estratigrafiko berri bat zeharkatzen ari dela: gizakiaren aroa. 2002. urtean proposatu zenetik (informalki), gero eta argitalpen gehiagotan hasi zen erabiltzen “Antropozeno” hitza. Eneko Iriarte geologoari eskatu diogu Antropozenoaren beharraz gogoeta egiteko.

Elhuyar aldizkaria dagoeneko salgai dago, liburu-denda nagusietan eta www.elhuyar.org webgunean.

Elhuyar 1972an jaio zen zientzia eta euskara uztartzeko asmoz. Elhuyarrek Kultur Elkarte bezala egin zituen lehen urratsak eta 2002an Fundazio bihurtu zen. Ordutik, Elhuyar Fundazioak etengabe dihardu lanean zientzia eta teknologia gizarteratzeko eta euskararen garapena bultzatzeko. Elhuyar Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da eta hainbat diru-iturriri esker dirau lanean: bazkideen ekarpenak, diru-laguntza publikoak eta Elhuyarrek ekoizten dituen produktuetatik lortutako mozkina. Elhuyarren xedea hauxe da: Euskara zientzian, teknologian eta gizartean sendotzen eta harentzako arlo berriak eraikitzen egiten dugu lan, euskal komunitate aktiboa eta kritikoa helburu.