Ile mozte femeninoa edo maskulinoa
Ile mozte femeninoa edo maskulinoa –
“Ile-mozte femeninoa: 25 euro. Ile-mozte maskulinoa: 14 euro” izeneko sarrera idatzi du Amelia Barquinek Kinka blogean.
.
Oporretan nago eta, auzoan, ile-apaindegi bakarra. Ilea oso labur eramaten dut eta horrela mantendu nahi dut. Ile-apaindegian sartu naiz. Elkarrizketa honakoa izan da, gutxi gora-behera:
– Egun on.
– Egun on.
– Ilea moztea nahi nuke. Ez dut garbiketarik behar eta, moztu ondoren, ez dut orrazketarik nahi. Moztea baino ez dut nahi. Atzeko partea makinatxoarekin. Prezio maskulinoa ordaindu nahi nuke, mesedez.
– (Irribarrea izoztu zaio). Ez da posible. Emakume prezioa ordaindu behar duzu.
– Baina ez dut ondo ulertzen zergatia. Motzaldi maskulinoa nahi dut. Nire bikotekidea gizona da, ile gehiago dauka nik baino eta, baldin badator, 14 euro ordaindu behako luke.
– Horrela da. Hortxe dago prezioen zerrenda eta, ez baduzu gustuko, ez duzu zertan hemen ilea moztu.
– Barkatu baina niri bidegabea eta desegokia iruditzen zait. Lana zein den begiratu beharko genuke, ezta? Zakila banu, gizonen prezioa kobratuko zenidake?
– (Apur bat urduritu da. Zakil hitza ez zuen esperoko agian, edo pentsatuko zuen erakusteko prest nengoela gizonen prezioa eskuratzeko…). Esan dizut jada; hemen beste ile-apaindegietan bezala jokatzen dugu eta, ez baduzu gustuko, ez duzu zertan ilea hemen moztu.
– Entzun dizut, baina ez zait ondo iruditzen. Eta trans moduan, zer kobratuko zenidake?
– … Bada berdina. Agur eta egun ona izan.
– Agur, bai.
Ez da argudio trukerik egon. Langileak kortesia hotza gorde du eta ez da arrazoietan sartu; deseatzen zegoen nik alde egiteko. Nik pasartea horrela kontatzen dizuet. Une batez, nire buruari galdetu diot nola kontatuko dien berak bere ingurukoei.
Ez da elkarrizketa hau izan dudan lehenengo aldia. Nire hiriko toki batean ia berdina izan nuen. Ile-apaintzaileak bukaeran –zakilarena entzun ondoren– eskaera onartu zidan, eta gizonen prezioa kobratu zidan, hortik zehar ez komentatzeko eskatuta. Joan nintzen hurrengoan, baina, bera betiko preziora itzuli zen, eta nik bertara berriro ez itzultzea erabaki nuen. Agian esan beharko niokeen zergatik, handik atera nintzenean… (Baina ez daukat eztabaidatzeko gogoa une oro).
(Nire lehengusinak dio nola jartzen naizen sos gutxi batzuengatik. Hamaika euro horiek gero beste edozein gauzatan gastatzen ditudala. Zirikatzaile galanta. Soberan daki berak ez dela -soilik- diru kontua…).