Ikusi ditut baserritarrak San Isidrori errezuan
Hondarribikoa izanagatik, herrian egiten diren ohiturazko hamaika ekitaldi ezagutzen ez ditudala ohartuta nago. Aitak sarritan kontatu digu ttikiak zirenean egiten zituzten ospakizun eta jaien inguruko gora beherak. Horietako batzuk niretzako oso present daude, nire unibertsoan txertaturik dauzkat, baina beste batzuk mundu arrotz bateko kontakizunak iruditzen zaizkit.
Gaur azken horietako bat ezagutu dut: San Isidro eguna izaki, Hondarribiko nekazariek Guadalupeko ermitan errosarioaren errezatzea eta santuarekin prozesioa egiten dute, ohiturari jarraikiz. Badakit jende askorentzat prozesio eta ospakizun mezak bizitza arruntaren parte direla, baina niretzako zuri beltzezko argazkitan ikusitako zerbait dira.
Gaur ni ere bertaratu naiz, kuriositate hutsagatik besterik izan ez bada ere, errosarioa aditu eta prozesioa ikustera.
Urte gutxi barru ohitura mordoa galduko ditugulakoan naiz…