Ikus-entzunezkoak, nahiago euskalkian?
Bada bolada bat Zuzeun iruzkinetan erabili beharreko hizkuntzaz (batua vs euskalkia) gogoeta batzuk plazaratu nituela. Aste honetan bertan, lagun batekin berriketan nintzela, gai berarekin egin dugu ezustean topo. Oraingoan ordea, eztabaida ez dira iruzkinak izan, ikus-entzunezko edukiak baizik, edo zehatzago esateko, ikus-entzunezko fikzioa. Buelta batzuk eman ondoren, ahozko adierazpideak euskalkian hobeto ematen dutela ebatzi dugu biok. Adibide praktikoetan oinarritu gara horretarako.
Goenkale
EiTBn bertan, bide ezberdinetatik doazen adibideak daude. Horien artean, euskara batuaren alde nabarmen egin duena euskarazko fikziozko alerik luze eta sonatuena da: Goenkale. Arralde inguruetan euskaltzaindiak gomendatutako lexikoa eta ahoskera darabiltzate antza. Nori ez zaio arrotza egin Goenkalen darabiltzaten hika edota esamolde xelebreak? Corpusa publikoa denetik, ondo pasatzeko aitzakia ederra ere bada. Asmo soziolinguistikoak alboan utzita, ez dirudi komunikazioa eta ikus-entzunezkoaren kalitatea aberasten dutenik.
Wazemank eta konpainia
Hamaika izen izan badituzte ere, Wazemank eta konpainia aipatuta segituan etortzen zaigu burura orduko lantaldea: Mikel Pagadi, Anjel Alkain… Umorea egiteko baliagarriagoa delakoan, euskalkiak erabiltzearen alde egin dute euren saio gehienetan, gipuzkera nagusiki. Askoz ere gozagarriagoak dira saio hauek, bai hizkuntzarekin egindako jolasari eta naturaltasunari dagokionean behintzat.
Euskañola
Hirugarren aukera bat ere bada, euskañolarena. Hori da esaterako, Irrikitown umorezko saioko zenbait pertsonajek darabilten hizkera, egungo gazteak irudikatu nahian-edo. Fikzioa ez bada ere, gauza bera entzuten da Gu Ta Gutarrak-en tankerako saioetan ere.
Loreak
Baina ikus-entzunezko fikzioan (testuinguruak hala baimentzen badu) euskalkiak erabiltzea aukera hobea dela erakusten duen froga nagusia Loreak film ederra da. Bertan, hiru protagonistek norberak bere euskalkian izaten dituzten elkarrizketak euskal zinemak eman dituen natural, errealista eta aldi berean kitzikigarrienetakoak dira. Euskara batuaren arauak errespetatuz ezin zitekeen, inolaz ere, efektu bikain hori lortu.
Esan bezala, lagunak eta biok argi dugu erantzuna. Hitz egiterakoan euskara batu batua erabiltzen ez dugun artean, ez du zentzurik fikzio fikzionatuegia sortzeak. Zineman eta telesaietan, umorezkoak izan edo ez, euskalkiak erabiltzearen alde.
Ados. Baina euskarara bikoiztutako filmak gaztelaniara edo frantsesera bikoiztutakoen neurri berean ikusiko bagenitu, erabat desberdina litzateke kontua, eta “hikako esamolde xelebreak” deitzen dituzun horiek ez lirateke batere xelebreak izango, geure eginak izango genituzke honezkero. Baina, dakigun bezala, ETBk ez du inoiz sinetsi kanpoko filmak euskaraz emateko aukeran, ez bikoiztuta eta ez azpititulatuta (neurri handi batean balizko kontsumitzaile ezjakinon burla inozoen ondorioz, dena esan behar bada). Beraz, bai, euskalkiak hobeto funtzionatzen du gaur egun, ados. Baina hori gertatzen da: 1) diglosiaren erruz eta 2) euskara batuan ez dugulako benetan sinetsi (eta orain, antza denez, gero eta gutxiago sinesteko joera dago gainera).
Nik “aurkeztu” hitza jarriko nuke adibidetzat. Hitz hori ez diot inoiz entzun Azkoitiko herritar bati hizketan ari dela. Baina dagoeneko ez da batere “xelebrea”, edozein azkotiarrek onartzen du arazorik gabe. Batua gehiago landu, garatu eta zabalduta, “aurkeztu”-rekin gertatu dena gerta zitekeen “ditiat”, “zagon” eta gisakoekin. Baina ez dugu sinetsi, hori da kontua, eta ez dugu sinesten, eta ez gara iritsiko. Nik horrela ikusten dut.
Eta amaitzeko galdera bat: haien film bat euskaratzerakoan, dela bikoiztuta dela azpititulatuta, hika ari direnean, zein euskalkitako formak egotziko dizkiegu Marilyn Monroe, Humphrey Bogart, Bette Davis edo John Wayneri? Edo zuka jarriko ditugu beti? Edo, sinpleago, haien filmak erdaraz ikusten jarraituko dugu, beti bezala, bake-bakean?
Barka inkontinentzia, baina azken kontu bat: ez badugu sinesten zineman edo telesailetan, umorezkoak izan edo ez (bestelako aukerak ontzat emanik ere, oso egokia baita, adibidez, euskararen erabilera “Loreak”-en), batua aukera egokia eta eraginkorra izan daitekeela, ez dugu benetan sinesten euskara batuan, eta inboluzio betean sartzen ari gara, Txillardegik, Arestik, Mitxelenak eta abarrek, beren garaiko ikuspegirik atzerakoienei aurre eginez, hasitako bidean atzera egiten.
Erabat ados Juan Luisekin… harrituta nago oraindik ere batuaren estigmatizazioarekin. Ez dugu sinisten eta ez dugu ikusten euskaldunen gehiengoak EZ DUELA EUSKALKIRIK!! Edo bestela esanda, beraien euskalkia batua dela. Zer ari gara esaten, kakazarra dela beraiek hitzegiten dutena eta hobe dutela erderaz hitz edo idazten badute? Nola motibatuko ditugu ingurune erdaldun batean bizi diren euskaldun berriak?
Eta oinarrian, “euskalki” aterki horren azpian euskañola ere ez ote dagoen askotan… Zenbat erderakada eta mailegu justifikatzen ditugu “zarauztarrez” hitz egiten dugulako. Nola lortuko dugu horrela gure argota eta freskotasuna lortzea, zuzena eta akademikoa dena puskatzeko beti erderetara jotzen badugu. Ez badiogu fikzio eta jolasetan aukerarik ematen… Horrela ezin da!
Nik uste dut bata bestea elikatzeko erabili behar direla, ez dagoela bietako inor soberan, baina geroa izatekotan batuan dagoela. Bai behintzat UEMAko herrietatik aparte euskara entzun nahi badugu.
Bide batez eta barkatu beste iruzkin batean idaztea (asaldatuta nago eta…). Norbaiti iruditzen al zaio euskarazko marrazki-bizidunek (eta bai, hitz hau ere batuan bakarrik existitzen da, asmatua da) kolorerik falta dutela? Nori bururatzen zaio Dragoi Bola, One Piece… zalantzan jartzea? Ez al du inork ikusten hauek egin/egiten duten mesedea?
Teknologia berrietarako ere hitz berriak asmatu behar izan ditugu. Norbait gogoratzen da Txio vs Tuit eztabaida horretaz? “Txio” horren arraroa egiten al da orain? Ez hasieran bezain beste ezta?! Hitz eta esamolde berriek aukera bat behar eta merezi dute.
Mesedez, ikuspegi pixka bat… Estetika irabazteko, hitzen errepikapenak falta zaizkigu, euskalkietan bizi guztian egon direnak. Bada esaldi bat: “Errepikatu gezur bat mila aldiz eta ikusiko duzu handik gutxira nola bilakatuko den egi”. Batuarekin berdin funtzionatzen du: “Errepikatu hitz berri bat mila aldiz eta ikusiko duzu handik gutxira nola bilakatuko den gustagarri”.
Horretarako telebista eta ikus-entzunezkoak (orokorrean) baino aukera hobeagorik ez dugu izango. Ez ditzagun alferrik galdu beraz.
Nire euskalkia batua da eta askotan wazemank eta antzeko programak ulertzea kosta egiten zait. Hala ere, onartu dezaket programa informalak direlako.
Jasan ezin dudana euskañola da, euskaldun zaharrak ez badute euskara zaintzen euskara sustatzen dutenak izanda, nork zainduko du? Euskaraz “es que”, “a ver”, “así que”, “pues”, etab entzuteak belarrietan mina sortarazten didate.
” Zineman eta telesaietan, umorezkoak izan edo ez, euskalkiak erabiltzearen alde”
Bai?
Ziur?
Oso?
Eta zer iruditzen duela bi urte eta erdi kaleratutako izeneko zubererazko film haren esperientzia zapuztua?
Ez dugu ezer ikasten?
“Gu Ta Gutarrak” euskararen aldetik zainduxeagoa iruditzen zait, Wazemankekin alderatuta. Wazemanken, hizkera “naturalagoa” egiteagatik edo, gipuzkera eta bizkaiera mordoilora jotzeko joera handia zuten. Kontua ez da Alkain, Pagadi eta koadrillak “euskalkian” egiten dutela, baizik hizkera pobrea, txokozalea eta erdararen menpekoa darabiltela, umore txoil probintzianoa egiteko.
Gakoa da euskara maila zerrekin lotzen den. Euskara batuaren ikusentzunezko adierazle Goenkale den bitartean jai dugu. Inception, The Matrix eta House of Cards bezalako lanak euskalkietan imaginatu ahal daitezke? Hartu The Wire eta imaginatu nork hitz egingo lukeen euskalkia eta nork euskara batua.
Kontuan naturaltasuna da. Niri natural-naturala iruditu zitzaindan Loreak filmeko protagonistek bakoitzak bere euskalkian hitz egitea (euskara garbi, zuzen eta dotorean, baina euskalkian), eta naturala iruditu zitzaidan telebista pizten zutenean telebista batuaz entzutea. Ez zait arraroa egiten Goenkaleko batua, bai ordea batuaren erabilera artifiziosoa bera: “Mikel koma-egoeran dago” dio amona batek…. “Mikel koman dago” ere batu-batua da, baino askoz naturalagoa, ezta? Zentzuz jokatuz erdigune “naturalera” iritsiko gara.
Wazenmak Goenkale baino gozagarriagoa? Naturalagoa? Gasteizen euskaraz bizi den euskaldunberria naiz eta askoz naturalagoa, gozagarriagoa eta ulergarriagoa egiten zait Goenkaleko euskara.
Euskalkien alde bai noski! Bakoitza bere lekuan, baina abisutxo bat: euskalkiak denak dira, ez bakarrik “gurea”, “gurea” ez diren beste guztiak noraino zaizkigu “natural” eta antzeko? Bada, horretarako dago batua.
Beldur naiz “euskalkiak” diogunean, bakoitzak berea baino ez duela ikusten. Hori diotenak 10etik 10 bizkaitar edo gipuzkoar baietz!
Zoritxarrez, ez zaizu arrazoirik falta… Bodologuak-eko pasarte bat datorkit burura… Hemen daukazue, 52:45 minutuan; ea zer iruditzen zaizuen: http://www.eitb.tv/eu/bideoa/bodologuak/2972621239001/2975377447001/bodologuak/
Esane nuke nahikoa dugula, bego. Izan daitekeen euskara jaso bakarra batua da, eta lagunartekoa ere. Euskaldun gehienok, uler bedi euskaldun jantzi, alfabetatu, euskal hedabideak, literatura-eta irakurri, nahi bada leitu, eta entenditu, erosi ere bai, egiten dugunok euskaldunberriak gara puskaz. Wazemank eta tankerako sailak feuskalduna, k gogaitzeko makinak baino ez dira, goragale ematekoak, txokokeriaren txokokeria. Nolamikusiko du
Barkatuidazu, Leire, baina eginen al didazu zerrenda bat adieraziz Loreak pelikulan noiz ez diren euskara batuaren arauak errespetatzen eta beste bat jakiteko zein euskalkitan mkntzatzen den. Eta nahi baduzu, beste bat euskara batua zertan den
Ni ere erabat ados Juan Luis Zabalarekin eta Urtzi Odriozolarekin. Ustezko hitz eta esamolde xelebreei dagokienez, ohartxo bat: erdaraz, nork erraten du “estoy harto de este jodido asunto” o “quita tus jodidos pies de mi jodida mesa”. Nire inguruan inork ez (bertzeak bertze, espainolezko biraoak ez dituztelako paratzen ingelesek “fucking” jartzen duten tokian), baina horrelako esaldiak barra-barra aditzen ditugu espainolera bikoiztutako filmetan.
“Naturaltasuna” ongi da, naturaltasuna eskatzen duten testuinguruetan, baina hizkuntzak, nire ustez, guti du naturaletik, eta anitz konbentziotik eta hiztunek onarturiko arauditik. Nolanahi ere, kalean “naturala” dena, akaso artifiziala edo bortxatua edo lekuz kanpokoa izan daiteke film batean: filmetan, segur aski, hizkera zinematografikoa beharko genuke (bertze konbentzio bat, alegia), ohitu artio naski arraroa eginen zaiguna. Eta bai, Mad Maxen Mel Gibsonek solas eginen balu Euskaltzaindiaren txosten bat idazten ariko balitz bezala, desegokia litzateke; baina kontua da batua zenbaitek imajinatzen duten hizkuntza zurrun eta artifizial hori baino aise gehiago dela.
Erabat ados irakurri ditudan iritzi batzuekin.
Euskara batua ez da berez artifiziala, euskara besterik ez da; nola erabiltzen den izango da kontua, ez dadila hizkera administratiboaren tankerakoa edo izan. Eta euskalkiak ere euskara dira, baina egia da jatortasuna edo bilatuz gaztelaniazko hitz edo esamolde asko tartekatzen direla, eta halakoetan hizkuntzaren beraren kalitatea jaitsi egiten da. Gauza guztietan bezala, neurria bilatu behar, baina hizkuntza zabartu gabe.
Nik uste euskara artifizialaren (bereziki hitanoari dagokionez) kasuan oso argi bereiztu behar direla, batetik, itzulpena, non artifizialtasuna onartu egiten den, ikusleak bai baitaki itzulpen bat ikusten ari dela, interpretazio bat, eta, bestetik, berezko hizkuntzan egiten diren produktuak. Itzulpenean ‘madarikatua’ gisako adierazpideak ongi daude, jatorrizkoaren interpretazio bat diren neurrian, gaztelaniazko ‘jodido’ den bezala, biak ala biak ‘fuck’ hitzaren (ingelesez makulu gisa erabiltzen dena) itzulpenak. ‘Puta’ ere erabil zitekeen, askoz ere naturalagoa, “etxe puta” hori, eta abar (literaturan ahla egiten da), baina belarrira nahiko bortitz ematen du. Berezkoaz ari garenean, hau da, guk ekoitzen dugunaz, argi dago Goenkalek darabilen hitanoa guztiz dela telenobeleskoa, Goenkale osoa den bezala, sinesgaitza eta irreala. Txip horrekin ikusi behar da. Beste gaiuza bat litzateke telesain errealista bat egingo bagenu, ‘Bi eta bat’ ziren bezala, non hitanoz egin arren askoz hobe eta sinesgarriago egiten zuten. Goenkalen arazoa, nire ustez, erregistroa interpretatiboa da, doinu solemne eta dramatiko hori, inoiz haryu zutena (ez dakigu zergatik) eta kondena baten gisan jarraitzen diona Goenkaleri, telesaila zinez jasangaitza bilakatuz.
Barkaidazu, Lander, baina sinesgarritasuna aipatu duzula eta, ezin da ukatu Bi eta Bat saioan gipuzkeraz egiten zutela. Baina hau betiko kontua da, euskaldun guziok ez gara giputzak, eta gainera ez dugu izan nahi. Eta esaidazu, iparretar batek putarena entendituko ote luke?
Egia da Euskara Batua “denok” ulertzen dugun eta dakigun euskarako eredua dela, baina bakoitzak bere euskalkia erabiltzen ez badugu eta besteek ulertzeko Euskara Batura jotzen badugu, betidanik ezagutu izan dugun euskara galtzen joanen da. Erraten dute Euskaldun berriek Euskara Batua ez balego ez luketela Euskaraz nola egin jakinen, baino guk ere nahiz eta gure euskalkia eduki, Euskara Batua ikasi behar izan dugu haiek ulertu eta gu ulertzera emateko… Orduan zergatik ez dute haiek ere haien partetik pixka bat patzen eta ez dira euskalkiak ulertzen saiatzen? Azkenenan haientzat Euskara Batua da haien euskalkia, guretzat Nafarroakoa, Baztango mintzoa, Gipuzkera, etab. diren bezela. Zaila izan daiteke besteen euskalkia ulertzea, baina ez bagara inoiz saiatzen euskalkia ulertzen ez dugu inoiz ikasiko.
Azkenik, erran nahi dut adineko jende askok ez duela Euskara Batua inoiz ikasi, eta beraz ez dela bidezkoa haientzat Euskara Batuan hitz egitera bultzatzea, euskaldun berriek edo euskalkia ulertzen ez dutenek uler diezaioten; azkenean bai adineko pertsona, bai euskaldun berria egoera berdinean baitaude.