Atal berri bat du Elhuyar aldizkariak: Ekinean

Emakume ikertzaile gazteei hitza emanez, emakumeek zientziari egiten dioten ekarpena ikusaraztea du helburu “Ekinean” atal berriak

Abenduko zenbakiaren batera, “Ekinean” atala sortu du Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariak. Zientzialariak dira atalaren protagonista, eta lanbidearen bizipenetatik ari dira elkarrizketatuak. Zer lan egiten duten kontatuko digute, nola iritsi diren horra, zerk bultzatu dituen zientzialari izatera, zerk kezkatzen dituen, zer nahi duten… Ikertzailea eta pertsona, txanpon beraren bi aurpegiak jasoko ditu, ekinean, atal berriak.

Beste bereizgarri bat ere badu “Ekinean” atalak: ikertzaile gazteak, eta emakumeak izango direla protagonista. Eta zergatik ikertzaile gazteak, eta zergatik emakumeak? Bada, datuek erakusten dutelako askoz ere gehiago direla ikertzaile-karrera bertan behera uzten duten emakumeak gizonak baino.

 27 Ekinean Enaran Herran_moztuta

 

Doktore-tesia egiten ari diren ikertzaileen banaketa erdi eta erdi bada emakume/gizon UNESCorenWomenin Science txostenaren arabera (2013) —% 49 / % 51 Espainian, % 47 / % 53 Frantzian—, ikertzaile-karreran aurrera egin ahala, gizonak nagusitzen dira: Espainian ikertzaileen % 38 dira emakumeak; % 26, Frantzian. Ikerbasquen, bikaintasunean oinarritutako erakundean, panorama are okerragoa da: goi-mailako 177 ikertzaile dituzte gaur egun, eta % 19 baino ez dira emakumeak; eta ikertzaile gazteentzako Fellow programara ere gizon baino emakume gutxiago aurkezten dira.

Hori horrela izateko arrazoiak asko eta konplexuak dira. Elhuyarrek antolatutako “Posible al da bikaintasuna zientzian berdintasunik gabe?” mahai-inguruan agertu ziren asko. Izan ere, erpin ugariko eztabaida da berdintasunarena eta bikaintasunarena. “Ekinean” atalak erpin horietako bati heldu nahi dio, emakumeek zientziari egin dioten ekarpena propio ikusarazteari, hain zuzen ere.

Lan hori UPV/EHUren Kultura Zientifikoko Katedrarekin batera egingo dugu elkarlanean, eta Elhuyar aldizkariak ez ezik, Zientzia Kaiera blogak ere egingo die tokia ekinean ari diren emakume ikertzaile gazte horiei. Lehenengoa Enara Herran Martinez farmazia-ikertzailea da.

atal, Ekinean, Elhuyar

Elhuyar 1972an jaio zen zientzia eta euskara uztartzeko asmoz. Elhuyarrek Kultur Elkarte bezala egin zituen lehen urratsak eta 2002an Fundazio bihurtu zen. Ordutik, Elhuyar Fundazioak etengabe dihardu lanean zientzia eta teknologia gizarteratzeko eta euskararen garapena bultzatzeko. Elhuyar Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da eta hainbat diru-iturriri esker dirau lanean: bazkideen ekarpenak, diru-laguntza publikoak eta Elhuyarrek ekoizten dituen produktuetatik lortutako mozkina. Elhuyarren xedea hauxe da: Euskara zientzian, teknologian eta gizartean sendotzen eta harentzako arlo berriak eraikitzen egiten dugu lan, euskal komunitate aktiboa eta kritikoa helburu.

Zer duzu buruan “Atal berri bat du Elhuyar aldizkariak: Ekinean”-ri buruz

  • Zuzeuko 5 iruzkinetatik 1 propaganda hembrista da. Emakumeek karrera uzten dutenez, eman diezaiegun pribilegioak! Bitartean gizonok lanera, eta bertan hiltzen diren %90a ere guri bost. Emakumeok BIKATINASUNA nahi dugu. Estatusa…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude