Ikurrina erosteko 5 bide

Ikurrina erosteko 5 bide –

Daitort ez daukadala ikurrinarik etxean. Ez dudala egurrezko kaxa zaharrik, zortzi bider tolestutako ikurrinarekin barruan. Eta gaur nire balkoian ez dago banderarik, atzo bezalaxe. Baina ogiaren bila nindoala, goizeko lehen orduan, hamaika dira balkoietan ikusi ditudanak. Eta pentsatu dut, non demontre erosi daiteke ikurrina? Galdera horri erantzuteko hona hemen topatu ditudan 5 modu.

.

1) Amazon

Lehenengo hartu dudan bidea Amazon erraldoia da. Bilatzailean ikurrina jarri eta presoen bandera atera zait, baita moteroentzako zapi moduko bat ere, ikurrina josia duena. Gero “Bandera de La Comunidad del Pais Vasco” delakoa, eta pixkat beherago Apple Watch-ekin bateragarria den nailonezko pultsera aberrikoia.

Ikurrina erosteko 5 bide

.

2) Aliexpress

Amazon garestiegia zenez Aliexpress txinatarrera jo dut eta bertan ere ikurrinen mosaiko bat atera zait bilaketa egin orduko. Hemen zehatzagoak ziren ordea, “Bandera del País Vasco de España” baitzioten. Baina zorionez, eta gure lurraldetasun sainduaren bedeinkazioz, beherago ikurrina berbera zegoen, oraingoan: “Bandera del País Vasco de Francia”.

.

3) Milanuncios

Multinazionalak alboratuta -koherentziaren izenean- Milanuncios webgunera jo dut, herriak zer saltzen duen ikusteko. ‘Ikurriña’ bilatu (Españaren ‘ñ’-duna, zeren bestela ez da deus irtetzen) eta dezepzio txikia sortu zait ikustean lehen bi erantzunak giltzarrapoak direla, eta hurrengo biak Athletiken kamisetak (ikurrina kolorekoak, hori bai). Beheruntz egin eta konturatu naiz zergatik dioen Athletiken ereserkiak: Zu zara nagusia. “Escudo del Athletic de barro cocido , enmarcado con Ikurriña , personalizado a nombre de Jose, Medidas 37 X 37 cm. Ideal para regalo o Txoko Para recoger en Bilbao #REBAJASMILANUNCIOS20”. Ez du balio.

.

4) Ebay

Ebay-ra jo dut, Athletiken ezkututik  ihes egiteko esperantzarekin. Baina han topatu dudanak txikikerian uzten ditu Roy Batty-k Oriongo sorbaldatik harago ikusi zituenak. Edo agian pasa egin naiz. Beno, kontua da binilozko bi pegatina eskaintzen dituela Yolokom ezizena duen batek. %100 positive feedback: fidagarria dirudi. Kontua da, adibide argazkian A. Quiroga izena darabilela. A. Quiroga!

Ikurrina erosteko 5 bide

.

5) Etxepeko bazar txinatarra

Aurrez aurreko merkataritza bezalakorik ez dago. Eta zure etxe azpian edo zure auzoan dagoen bazar txinatarrak tamaina guztietako ikurrinak dauzka. Gainera apurtzen bazaizu edo aberri eguneko eguraldiaz ajatzen bada, berriz joan eta berria erosi dezakezu, nahi adina aldiz. Urtero bandera argitsu eta koloretsua luzitzeko balkoian.

.

Hori bai, gogoratu hautsitako ikurrina errefusan bota behar dela.

Ikurrina erosteko 5 bide

Ekaitza bainuontzi batean