Aberri Eguna 2020

Aberri Eguna 2020 – 

Covid-19aren krisiaren testuinguruan iritsi zaigu aurtengo Aberri Eguna. Beraz, lehenik, azpimarratzekoa da gure nazioak ezin duela bere herritarren segurtasuna eta babesa bermatu menpekotasunetik askatu gabe. Bigarrenik, pandemia horren aitzakian inperialismoa egiten ari den erakustaldia ikusirik, argi utzi nahi dugu gure herriaren aldeko ekimenak ez duela etenik izango.

Euskal Herria ez dago garairik onenetan: mendetako zapalkuntzak egundoko kaltea egin digu. Euskara eta euskal kultura zokoraturik, euskal ikurrak eta nortasuna debekugai, borrokalari ugari kartzeletan eta erbestean, okupatzaileak jaun eta jabe eta, okerrena, euskaldunok otzan.

Gure populua, zeinaren jatorria historiaren lainoetan galtzen baita, abagune historiko larrian aurkitzen da. Kolonizazioaren luzeak, askapen saioen porrotek eta azken hamarkadetako mundu mailako joera uniformizatzaileek sakonki eragin digute. Herri zapaldu baina sendoa zena herri minorizatu, zahartu, etsitu, konplexudun eta alienatu bihurtzeko prozesua ari gara bizitzen. Herri gisa desagertzera garamatzan prozesua. Iduri du azken hitza esan duela etsaiak.

Baina ez. Bizirik jarraitzen dugu, eta hau ez da amaitu.

Gaur, Aberri Egunean, euskal erresistentzia indartzearen premiarekin bat egiten dugun guztiok badakigu hau ez dela amaitu. Badakigu ez dela amaitu, gure herri zaharrari hats berria emateko prest gaudelako. Historiatik irakaspenak atera eta konfiantzaz zulo ilunetik irten eta askapen borroka bururaino eramateko erabakitasuna dugulako.

Antolakuntza behar dugu. Gauza jakina da soilik ondo antolaturiko herriak lor ditzakeela helburu handiak. Ildo horretan, gaurko egunean, horretara deitu nahi zaituztegu abertzale zintzo guztiak: antolatzera eta herriaren aldeko konpromisoak hartzera.

Estrategia behar dugu. Inperialismoaren amaraunetik at, herria indartzea eta gure marko politiko propioa berrantolatzea.

Gaur, asimilaturiko alderdiak kontrako norabidean ari dira. Euskaldunon gogo eta energiak promesa eta ekinbide antzuetara bideratzen dituzten bitartean, geroz eta erosoago agertzen dira erakunde inperialisten barruan. Geroz eta gehiago mugatzen dira administrazio kolonialaren kudeaketara, geroz eta barneratuagoak dituzte menderatzailearen hizkuntza, kultura, legeria eta pentsaera. Nola eramango gaituzte askatasunera, hain zuzen ere, inperialismoaren markoan geroz eta gehiago integratzen diren horiek?

Antolakuntza eta estrategiarekin batera, batasuna helduko da. Baina ez edozein batasun: nazio askapenerako batasun herrikoi bat behar dugu. Antzua da aberria saldu eta okupazio erregimenaren parte bilakatu direnei elkarlanerako deiak egitea. Euskal askapenaren kaltetan doa gure herriaren independentziaren aurkariei aurpegia zuritzea.

Oinarri argiekin osatu behar dugu batasuna. Horretarako, bi printzipio ezarri ditugu abiapuntu gisa:

1.- Euskal Herria nazio okupatua da, eta autodeterminazio eskubidea du, hots, independentzia nazionalerako eskubidea.

2.- Independentzia lortzeko, menderatzaileen sisteman integratu ordez, gure herri boterea bultzatu eta euskal estatua egituratzera jo behar dugu.

Erantzukizunez joka dezagun. Guri dagokigu belaunaldiz belaunaldi mantenduriko herriaren sua atxiki, zaindu eta ondorengoei transmititzea. Etsaien erauntsi honetan, gure lana izango da erabakigarria. Merezi baitu lehengoak sortu ziren enbor beretik zuhaitz adaxka gazteak sortzea. Merezi baitu, erosokeria eta indibidualismoari oldartuz, aberriaren alde borrokatzea.

Historiaren joan-etorrian gizaldiz gizaldi, gudaz guda zein lan xumean herriaren alde eroritako gizon-emakumeak gogoan, zin egiten dugu ez zutela bizia alferrik eman eta gure herria aske izango den eguna iritsiko dela.

 

EUSKAL ERRESISTENTZIAREN ALDEKO HERRI EKIMENA

aberrieguna2020@protonmail.com

twitter.com/aberrieguna2020

.

Sare sozialetan zabaltzeko irudia:

Aberri Eguna 2020

Aberri Eguna 2020

3 pentsamendu “Aberri Eguna 2020”-ri buruz

  • Aberri Egun honetan irakurri dudan adierazpen zentzuzko eta zintzoena!

  • Aberri Eguna ildo sasi-politiko bata edo bestea elikatzeko bortxatua den garaiotan, eskertzen da iragazki arrotzik gabeko irakurketa abertzale, zuzen eta gardena. Sua bizirik dirau!

  • Okupatzaileen botere eta indarrak gure herriaren botere eta indarra behar du parean. Koiuntura berezi honetan antolakuntza gakoa izango da. Poza ematen du iparra hain ondo erakusten duen irakurketa hau irakurtzeak. Guztiok gure alea jar dezagun askatasunaren bidean!