Ikurren matematikak
Ikurren matematikak –
Maiz, gure Herrian burutzen diren mobilizazioetan Espainiako zein Frantziako banderak ikusten ditugu manifestarien artean. Borondate oneko aberkideak pentsa lezake bandera horiek daramatzan jendeak euskaldunoi beren elkartasun internazionalista helaraztea dutela helburu. Gaiaren inguruan gogoeta egin ondoren, eta Espainiakoak hegoaldean eta Frantziakoak iparraldean bakarrik ateratzen dituztela ikusita, euskaldun gizarajoa ohartuko da berriz ere ziria sartu digutela, espainolek eta frantsesek daukaten ohitura horrek gehiago duela jazarpenetik herrien arteko elkartasunetik baino. Izan ere, pertsonok, ahoan ‘askatasuna’ hitza dutelarik, beren lurraldeko barne arazoak konpontzen arituko balira bezala dabiltza Euskal Herrian zehar bandera arrotz horiekin.
Ikurrek batu egiten dute jendea; adierazten duten horrekin identifikatzen den jendea batzen dute. Bi ikur batera azaltzen direnean, zer gertatzen da? Nola batzen da jendea? Zer mezu helarazten dute?
Espainiakoa eta Ikurrina azaltzen direnean, azken hori aurrekoaren barruan dagoela, haren parte dela adierazten du “batuketak”. Menpeko garela, eta horrela konforme gaudela. Orobat Nafarroakoarekin. Beste horrenbeste gertatzen da Ikurrina Frantziakoarekin agertzen denean. Menpekotasuna adierazten du: “aberri txikia” La France handiaren barnean. Hala, Herri asimilatuaren irudia erakusten digute makina bat ekitalditako argazkiek.
Egunen batean, gure estatua berreskuratzen dugunean, eta arrazoirik balego, batera mobilizatu gintezke, nor bere lurraldeko banderarekin, berdinetik berdinera. Baina, gure Herriak preso dirauen bitartean, irudiok menpekotasunaren normalizazioa besterik ez dute islatzen.
Bestelakoa da eragina gure bi ikurrak, Nafarroakoa eta Ikurrina, batera azaltzen ditugunean: batasuna adierazten dute. Zalantzak sor daitezke bakoitzaren atzean zer dagoen, jasaten ari diren higadura interesatuagatik. Higadurak higadura, Nafarroakoak eta Ikurrinak, batzean, euskaldunon batasuna adierazten dute. Independente izan gineneko memoria, eta independentzia grina.