IKTak hezkuntzan
IKTak hezkuntzan –
Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiek -IKTek- funtsezko garrantzia hartu dute egungo gizarte-aldaketetan. Izan ere, gero eta sarriagoa da gizartearen hainbat esparrutan baliabide digitalen erabilera. Horregatik, eskola guztiek ezinbesteko garrantzia eman behar diote IKTak ohikotasunez ikasgeletan erabiltzeari. Hala ere, nahiz eta azken urteotan ikasgeletan IKTen erabilera nabarmen garatu den, gabezia asko antzematen dira eraginkortasunez erabiltzeko eta ikasgai guztietan ezartzeko. Hortaz, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak balioesteko beharra dago.
Lehenengo eta behin, IKTek ekarri dituzten onuretako bat da informazioa bilatzeko eta edozein zalantza argitzeko eskaintzen duten eraginkortasuna eta erraztasuna. Ildo horretatik, “Irakasleentzako IKT arloko konpetentziei buruzko arauak” izeneko txostenean, UNESCO erakundeak adierazten du IKTak baliabide bikaina direla ikasleek era autonomoan jarduteko, bai eta beren ikas-prozesuaz arduratzeko ere. Hala ere, ikasleek gaitasuna izan behar dute IKTak egokitasunez erabiltzeko eta haien bidezko bilaketak eraginkortasunez burutzeko. Beraz, gezurra izango litzateke esatea gazteak IKTetan konpetenteak direla aurrerapen teknologikoen garaian jaio direlako. Horregatik, ikasleek teknologia berrien inguruko etengabeko formakuntza behar dute, ikasgaien kontzeptuak eraginkortasunez bilatzeko, ikasteko eta komunikatzeko. Horrenbstez, funtsezkoa da irakasleriak ere prestakuntza teknologiko iraunkorra jasotzea ikasleei kontzeptu teknologikoak zehaztasunez azaltzeko.
Azpimarratu behar da IKTak oso aproposak direla edozein ikasgaitan erabiltzeko, ikasgelan zein ikasgelatik kanpo. Esaterako, Gorputz Hezkuntzan, argazki edo bideo baten bidez ikasleek gimnasia akrobatikoa egin ostean ikuskatu ahal izango dute jarduera hurrengo saioetan ariketa ongitasunez burutzeko. Hortaz, IKTen erabilerak, zalantzarik gabe, ikasleen interesa areagotzen du gehiago ikasteko eta hobetzeko.
Bestalde, ikasle bakoitzak ikasteko bere erritmoa duen arren aditu askok ziurtatzen dute IKTak ikasle guztien beharrei mesede egiten dietela ondorengo oinarrizko alderdiak biltzen baitituzte:
- Lehenik, moldagarritasuna. Ikasleak eta irakasleak zeregin zehatz bat egiteko bere beharretara egokitzen den material informatikoa edo gailu elektronikoa erabiltzea erabaki dezakete. Besteak beste, Ordenagailua, tableta, mugikorra, edo arbel digitala.
- Bigarrenik, aldakortasuna. Plataforma batean formatu teknologiko desberdinetako euskarriak ezartzeko aukera dago, hala nola, ahozko aurkezpen bat, bideoak, soinuak, eta irudiak. Gehien erabiltzen dena Power-Point da, baina Knovio edo Slidebean ere nahiko erabiliak izaten dira.
- Hirugarrenik, interaktibitatea. Hezkuntzan IKTak lantzen badira, ikasleek elkarrekintzako jarduera ugari egin dezakete eta atazak ebaztea errazten da. Horrekin batera, elkarlanaren bidez hainbat eduki ezagutu ditzakete. Horretarako, oso aproposak dira Prezi edo Padlet.
- Laugarrenik, konektibitatea. Ikasleek informazioa komunikatu, partekatu eta trukatu dezakete sare sozialen edo plataforma birtualen bidez, gai zehatz bati buruzko ekarpenak egiteko eta ikuspuntuak azaltzeko. Hainbat plataforma daude, baina nabarmentzekoak dira Google Apps for Education eta Edmodo.
Era berean, aipatu beharra gamifikazio tresnak ere badaudela era ludikoan ikasleek kontzeptuak ikasteko. Adibidez Kahoot, Quizizz edo Socrative. Guztien artean ospetsuena Kahoot da, ikasleek denbora errealean erantzuten diete irakasleak prestatutako galderei mugikorrean edo tabletean. Horren bidez, ikasleek kontzeptu teorikoak landu eta finkatzen dituzte modu entretenigarri batean.