Gerraren kontra guztiaren gainetik

Gerraren kontra guztiaren gainetik –

Hedoi Etxartek Berria egunkarian.

Gerraren kontra guztiaren gainetikGerraren kontra ia beste guztiaren gainetik egotea izan zen XX. mendeko iraultzaileen aldarri iraultzaileena. Gerraren alde egiteko hala egin zuen Putinek Lenin-en kontrako aldarria egunotan, gerra indartzeko iraultzaren eta iraultzaileen irakurketen eta historiaren kontra. Gerraren alde egin zuen Putinek Sarajevoko, Belgradeko eta Kosovoko gerrak sustatu zituztenen argudiaketa berekin. Gerra ez da gizakiaren berezko gaitza baina bada kapitalismoaren ezinbesteko tresna. Gerra ez dago, Brechtek Einsteini-eta egin zien errietan bezala, gizakiaren naturan, naturan ez dagoen bezala Beethovenen Bederatzigarren Sinfonia konposatzea.

Gerrak ekartzen ditu berarekin, zorionez, nahiz eta aspaldiko, klasikoak. Gerra dira auzolanean eta Made in Euskadi armekin bonbardatutako atzerriak Malin, Sirian, Donbassen, Transnistrian, Kolonbian. Eta horregatik datoz Dalton Trumbo, Alexievitx, Jaroslav Jasek edota Xostakovitx. Gerra dator eta berarekin Brechten bertsoak: «Pertsona pertsona denez gero, ogia jan nahi du egunero. Hitz hanpaturik ez berari, jan nahi du eta ez berbarik». Ogia, bakea, lurra, boltxebikeen aldarri zaharra.

Zeren gerrari ezetz esatea gerra sortzen duen makina ez arbuiatuta da okela jan nahi izatea txahala hiltegitik pasa gabe. Gerraren kontrako aldarria ez da berria, gerra da betikoa historiarentzat eta iritsi berria etxea zartatu zaionarentzat, eta gerrari ere egin behar zaizkio, zalantzarik gabe, galdera klasikoak: galdetu behar zaio «nongoa zara?», ideiei galdetu behar zaien bezala «nori egiten diezue mesede?».

Etsaia, tankea, errebeldea, posizioa, aerodromoa, bateria, Macron, Putin, Biden, Zelenski. «Atzerritarrei eraso diegu eta errebeldeak bezala tratatu. Dakizunez ongi dago barbaroak barbaroki tratatzea. Barbaro izateko desira da gobernuek etsaiari barbaro deitzearen arrazoia», izango da Brechten garaia gerraren makina gainditu arte. Eta «Zahartu gara ehun urte ordu batean», 1914ko abuztuaren lehenean Anna Akhmatova bezala, Alemaniak Errusiari gerra deklaratu zion egunean.

Gerraren kontra guztiaren gainetik

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Zer duzu buruan “Gerraren kontra guztiaren gainetik”-ri buruz

  • Onkeriaz nazka eginda 2022-02-28 10:30

    Eta hau idatzi eta gero, Hedoi mutil prestua bere unikornioaren gainean ortzadarreruntz abiatu zen…