Ikerbasqueri zientzia sustatzeko proposamenak aurkeztu dizkio Elhuyarrek
Ekintza sozial eta ludikoak, ikerketa-arlo berriak, edukiak eta protagonistak plazaratzeko bideak eta erabaki politiko eta ekonomikoetarako ideiak proposatu ditu Elhuyarrek, besteak beste, Ikerbasquek 2016 arte Euskadin zientzia sustatzeko egindako proposamen-eskariari erantzunez.
Urtean bi biltzar egin ohi dituzte Ikerbasqueko ikertzaileek, beren ikerketa-lerroen berri emateko, elkar ezagutzeko, eta, finean, EAEn egiten ari diren ikerketa-jarduera nola hobetu eztabaidatzeko. Orain, hamargarren aldian, biltzarraren formatua aldatu da.
Bost urteren ondoren, Ikerbasquek zuzenean galdetu die bere ikertzaileei ea zer egingo luketen haiek Euskadiko zientzia sustatzeko hemendik eta 2016. urtea bitartean. Gainera, zientzia-sarea osatzen duten eragile guztiei zabaldu die galdera Ikerbasquek, eta proposamenak jasotzen arituko da, bi astez, sare sozialen bidez.
Deialdiarekin bat egiten du Elhuyarrek, eta zientziaren gizarteratzean berrogei urteko ibilbidea duen lantaldea izanik, babesa eman nahi izan dio ekimenari. Hala, lekukoari heldu, eta zenbait proposamen egin dizkio Ikerbasqueri.