Ijitoen botoarekin EAJ garaile
Maiatzaren 24an foru eta udal hauteskundeak izan genituen Hego Euskal Herrian, eta ondorengo egunetan makina bat balorapen irakurri ahal izan ditugu, EAJ-ren erabateko garaipena eta gainontzeko emaitzak aztertu eta ulertze aldera.
Alta, inork gutxik erreparatu dio gure artean mendetan bizi diren arren, baztertuak diren ijitoen botoari, Andoni Lubakik Vice aldizkarirako egin duen erreportajean ez bada: “Euskadi independiente y flamenco: los gitanos nacionalistas vascos de Bilbao”. Ijitoak ez ziren inolaz ere erabakigarriak izango EAJ-ren garaipenerako, baina erreportajean esandakoak bitxiak izateaz gain, esanguratsua ere bada kontua.
Erreportajea Tito Borjaren esaldi batekin hasten da: “Hil baino lehen Euskadi independentea ezagutu gura nuke”. Bilbo Zaharreko ijitoak itzal handia du bere kideen artean, eta “ijitoa eta euskalduna izateaz harro”, aspaldi aspalditik ematen dio botoa EAJ-ri. Bere esanetan, “beste alderdi batzuk gogoratu izan dira gutaz hauteskundeetan, PSOE-k botoak erosi nahi izaten ditu gu askaltzera gonbidatuz; baina EAJ da gure atea gibelasmorik gabe jo izan duen alderdi bakarra”.
Tito Borjak pertsonalki ezagutzen ei ditu Iñigo Urkullu eta Andoni Ortuzar, “baina ondoen hartu izan gaituena Juan José Ibarretxe izan da; Lehendakaritzara heldu berria zela Ajuria Eneara gonbidatu gintuen”.
(Kale Dor Kayiko elkarteko kideak, azken Korrikan).
«Erreparatu egiozu EAJ-ren leloari, `Jaungoikoa eta lege zaharra´. Ijitoak ere horrelakoxeak gara»
«Ijitoa erreferendumaren aldekoa da, independentziari buruz herriak duen iritzia ezagutu nahi dugu»
Herri alderraia izanda, nola da posible ijitoak alderdi nazionalista baten, EAJ-ren aldekoak izatea? Lubakiren erreportajean Otxarkoagako Filadelfia eliza ebanjelistatik EAJ-ri botoa emateko deia egin duen Obispo Txinerok ematen du erantzuna: “Erreparatu egiozu EAJ-ren leloari, `Jaungoikoa eta lege zaharra´. Ijitoak ere horrelakoxeak gara, Jainkoarengan sinisten dugu eta maite ditugu lege zaharra eta ohiturak -beraz, “Vaya Semanita” saioko ijito abertzalea, Nekane Amaya, ez dabil oso oker-. Ijitoek EAJ-ri ematen diogu botoa, taldean, alderdi tradizionalista bat delako; antzeko idealak ditugulako”.
Erabakitzeko eskubidea
Catalunyako erreferendumaren harira, erreportajean Herrien Autodeterminazio Eskubideari buruz ere galdetu die Lubakik bi ijito itzaltsuei. “Ijitoa erreferendumaren aldekoa da -dio Tito Borjak-, independentziari buruz herriak duen iritzia ezagutu nahi dugu”. Galderak izango lukeen erantzuna ez du oso argi Txinerok, “batzuk bai eta besteek ez, ijitoak ez baititu banaketak maite”; baina Tito Borjaren esanak berresten ditu, “erabakitzeko eskubidearen aldekoak gara”.
Erreportajeak Kale Dor Kaiyko (etorkizuneko ijitoak esan nahi du) elkarteko Oscar Vizarragaren hitzak ere jasotzen ditu, ijitoek Euskal Herriarekin duten lotura historiko eta kulturala hobeto ezagutzeko; gizon jantzia da Vizarraga, eta euskal ijitoen hizkuntza, erromintxela, aztertu du.
Hizkuntza aipatzen hasita, “haur ijito guztiek euskara ezagutu eta egunerokotasunean erabili beharko lukete; euskaldunak bagara euskaldunak gara-eta”, dio Arzallusen miresle den Txinerok. Otxarkoagarrak Juan María Aburto Bilboko alkate izan dadin hauteskunde kanpainan hartu du parte, semearekin batera, papeletak banatuz; harro.
“Hurrengoan Batzoki batean elkartuko gara” esan diote, agurtzerakoan, Lubaki kazetariari.
Kale Dor Kayikok aurkeztuta, Jorge eta Israel Bermeoko ijitoak, “Euskobuleriak” abesten: