Igerilekuan

Zapatu domekatua izan dut gaur, arraroa nolabait. Ezberdina. Film bat ikusi dut arratsaldean, aspaldiko partez, ondoren, igerilekura joan naiz. Ia bakarrik nengoen. Errenkada oso bat izan dut niretzat, beste bi errenkada huts alde banatan.

Betiko errutina jarraituz, igerilekuan murgildu aurretik dutxatu, kortxozko pulboia eta tabla hartu, igerilekuaren panoramika bat egin, errenkada egokia aukeratu, txankletak kendu, dzanga egin eta tapoiak ipini ditut. Betaurrekoak jaitsi eta ekin egin diot, bada, gustukoen dudan ekintzetako bati, igeri egiten ikasi bainuen oinez egiten jakin orduko.

Txikitan igerilekuan

Txikitan igerilekuan

Aske sentitzen naiz uretan. Urperatu eta denbora gelditu egiten denaren sentsazioa izaten dut.  Ez dut ia pisurik. Dena doa geldoago, zeharo astiro. Hobeto pentsatzen dut.

Ur azpian sartu eta birikiak ahalik eta gehien husten ditut gorputzak azalerantz igotzeari uzten dionera arte. Hondoan geratzen naiz 25 metro urdinei so. Bakea sentitzen dut. Denbora gelditzen da, birikiek kanpoan denbora markatzen duen erloju bat badela jakinarazi arte.

Indar guztiekin uretan sartu eta hondo hondora iristean gora begiratzen dut burbuilei begira, birikiak hustean horiek sortzen dituzten irudiei so. Burbuila horien soinua izaten da entzuten dudan bakarra.

Gehiago ezin dudanean lurrari hankekin gogor bultzatu eta ur azalera irteten naiz, jaio berrien lehen arnaskada hartuko banu bezala. Errealitatera bueltatzen niaz. Zarata, erlojua, burbuilen gabezia, pisatu egiten dut eta nire kezkek ere bai…

Igerian egindako metro kopurua kontatzen dut  joan eta etorri bakoitzean, 25naka hasieran, horrenbesteko luzera baitu igerilekuak. 50naka ondoren, gutxika zenbatzeaz nazkatzen naizenean. Joan-etorri bat egin eta “50” pentsatzen dut nire barrurako, “100” hurrengoan, “150” ondorengoan, metro bakoitzeko kezka bat itoko banu bezala edo. 1000 ito ditut gaur, horrela balitz. Ez ditut ahazten, baina momentu baterako burutik ihes egiten didate. Burbuilen bidez agian. Baliteke burbuila nire burutik irteten den kezka bakoitzaren ondorioa izatea.
Polita litzake…

Ahantzi edadeak - Kazetaria eta sare sozialetan aditua. Hara eta hona bideak egiten. Batzutan geldi, baina ez gehiegi. #Umorea #Blogak #Euskara