Ibilbideak: ibiltarien komunitate berria

Orain 3 hilabete Gasteizen Ibilbideak proiektua aurkeztu genuen. Mugitzeko aukerak lemapean, Eusko Jaurlaritzak bultzaturiko egitasmo honek motordunak ez diren kirol ibiltarietan eraginez jarduera fisikoa areagotzea eta hobetzea du helburu.

Ibilbideak pertsonek eta kolektiboek osaturiko komunitate batean oinarritzen da. Erabiltzaile horiek, sakelako gailuen bitartez (GPS eta smartphone) eta Interneten bitartez, beren kirol esperientziak sortzen, partekatzen, baloratzen, osatzen, zabaltzen eta gozatzen dituzte.  

ibilbideak.euskadi.net webgunean era grafikoa eta erraz baten bidez zure intereseko tokietan ibilbideak aurki ditzakezu, edota zure kirol kuttunen ekitaldiak. Gainera, ibilbide bakoitzak fitxa bat du erantsita, informazio interesgarri ugariz hornitua, hau da, beste pertsona batzuek egindako balorazioak, komentarioak eta ekarpenak, luzera, desnibela, irudiak, bideoak, profila, trazadura azaltzen duen mapa, etabar.

Era berean, zure ibilbideak igo ditzakezu, edo lau pausu erraz emanda mapa batean sortu eta partekatu. Informazioa ordenagailura jaitsi dezakezu, edo zuzenean zure GPS edo Smartphonera. Gainera, zure webgunean erakutsiz edo lagunei bidaliz partekatu dezakezu.

Mundu mailako beste ekimen batzuen aldean, Ibilbideak tokian tokiko egitasmoa da. Horrela izanik, egitasmoak online eta offline ekintzak izango ditu: kedadak, auzolan ekimenak, ikastaroak…honen berri ibilbideak facebook orriaren eta twitter kanalaren bitartez jarraitzeko aukera dago.

Webguneaz gain beste ekimen batzuk aurreikusita ditugu egitasmo honetan. Horietariko bat estreinatu berria dugun GPS gailuen doako mailegua da eta hauek kzguneen bitartez lor daitezke. Baina ez gara horretan geldituko , eta laster proiektu honen aurrerapausuen berri izango duzu.

Adi egon eta ez zaitez gelditu!