Iberdrolak ez du nahi euskaraz

Iberdrolak ez du nahi euskaraz –

Orain dela hilabete pare bat deitu zidaten Iberdrolatik kontratatua dudan gas galdararen azterketa egiteko. Nik euskaraz egiten nielako moztu zidaten deia. Handik astebetera-edo deitu zidaten berriro eta nik egindako euskara ulertzen ez zidaten arren, eman zidaten txanda teknikaria etortzeko. Ea ados nengoen eta, nik baietz. Espainolez esan behar niola. Ez zen teknikaria agertu hitzarturikoan.

Gero Nortegasek egin dit oharra apirilerako egin behar dudala galdararen berrikuspena, bestela isuna izango dudala. Iberdrolak badu webgunea euskaraz eta harremanetarako zerbitzua. Bi aldiz idatzi diet kontua azalduz (lehenean ez didate ezer erantzun), bigarrenean horrela erantzun didate (Google Translateren espainol-euskara itzulpena): «Sentitzen dut zure posta itzultzeko euskara sailik ez dugula esatea, beraz, gaztelania hutsean bidali behar diguzu. Itxaroten nago.» Iberdrolak ez du nonbait ‘euskara sailik’ nahi, baina ez du ere erabili nahi itzulpen automatikoko ezein zerbitzu (doako…). Behartu nahi nau espainolez egitera. Bestela Nortegaseko isuna. Zer egin behar dut?

Iberdrolak ez du nahi euskaraz

5 pentsamendu “Iberdrolak ez du nahi euskaraz”-ri buruz

  • Ez etsi, Bittor. Demagun euskaldun elebakarra zarela (oraindik ere badira batzuk). Bezero bezala, eskubidea duzu zerbitzu egoki bat jasotzeko. Zu zara bezeroa, eta berak dira euskara hizkuntza ofiziala den eremuan lan egiten dutenak. Berak dira zerbitzu egokia eskaini behar dutenak. Kontrata dezatela itzultzaile bat nahi badute, baina eman diezaiotela zerbitzu egokia beren bezeroari.

  • potrotaraino 2022-03-21 12:52

    Salatu ezazu: Elebide, bestelako justizia…

  • Behatokian kexa jarri. Akuilari aplikazioa erabil dezakezu. Hauek gero Iberdrolarekin harremanetan jarriko dira eta agian potroak ukitzeko beste ezertarako balioko ez duen arren, gutxienez horretarako balioko du.

  • Bittor Hidalgo 2022-03-22 11:32

    Eskerrik asko hiruroi. Atzo ZuZeura bezala bidali nuen nire oharra inguruko beste hainbat hedabidetara, BEHATOKIra, ELEBIDEra, ARARTEKOari, Iberdrola berari eta Nortegasi ere (internetez dena nahiko erraz egiten da).
    BEHATOKItik berehala egin zidaten arreta, eta pixkatera erantzun hau: “Iberdrolarekin eta Nortegasekin hitz egin dugu (biek euskaraz eskaini digute arreta) eta, ez dakitela norekin jarriko zinen harremanetan, baina biek adierazi digute euskarazko arreta ziurtatzen dutela. Honako telefono hauek eman dizkigute eurekin harremanetan jartzeko: IBERDROLA (bezeroaren arreta): 943 558361 NORTEGAS: 943761898.”
    Iberdrolatik ere mezu hau: “Kaixo Bittor. / Barkamena eskatzen dizut esaten didazunagatik; kanal honetan euskaraz joaten gara, baina beste sail batzuetan ez dakit. / Nahi baduzu, erreklamazioa egin dezakezu sarean, eta sail horretatik erantzungo dizute, ezin dizut beste ezer esan. / Egun ona.”
    Kontua da aipatzen duen kanal horixe, eta sareko erreklamazioa jartzekoa (clientes@tuiberdrola.es) dala hain zuzen, aurreko mezu hauxe bidali zidatena: “Buenas noches. / Gracias por contactar a través de éste canal. / Lamento decirle que no tenemos departamento del idioma vasco para traducir su correo, por lo que tiene que mandarnos el correo en castellano. / Quedo a la espera. / Un saludo./ Iberdrola Clientes / Servicio de Atención al Cliente – 900 225 235 / clientes@tuiberdrola.es“.
    Geroago jaso nuen Iberdrola Clientes berorretatik beste mezu hau (agian itzultzaile automatikoren baten bidez egina): “Kaixo Bittor, barka itzazu eragozpenak, zire eskaera aurrera eramateko datu hauek behar ditut: / Titularren NAN edo kontratuaren erreferentzia, titularren abizena, eta horniketaren helbidea. gainera telefono bat behar dut, eta ordu bat / Zure berrien za in geratzen naiz” . Nik badaezpada euskarazko hainbat itzultzaile automatikoren helbidea bidalia nien (ondo erabilgarriak guztiontzako):
    https://translate.google.es/?hl=eu
    https://www.euskadi.eus/itzuli/
    https://dabilena.elhuyar.eus/
    https://www.batua.eus/
    https://elia.eus/itzultzailea
    Bidali dizkiet nire datuak, eta ikusiko dugu zertan gauzatzen den kontua, baina oraingoz ZuZeuri eskerrak eta BEHATOKIAri eskerrak-edo balirudike gauzak pixkaren bat mugitzen hasi direla…
    Guk gurea. Ez du beste inork egingo gugatik… Egun ona izan

  • Zuk egindakoak agian potroak ukitzeko besterik ez du balioko, zuk bezala beste batek gehiagok egingo balu potroak ukitzeko izango zen baita, ehun pertsonek egingo balute gauza bera potroak ukitzea baino gehixeago izango zen eta milak egingo balute, burua makurtuko lukete