Wert-en erasoa eta Espainiako Estatuaren jarrera salatuko dituzte Madrilgo kongresuan

diputatuen-kongresuaEuskararen Gizarte Erakundeen KONTSEILUA, AMESA pola Normalización Lingüística eta CIEMEN-Enllaçats erakundeetako ordezkariek Espainiako kongresuko talde parlamentarioei bilera irekirako deia luzatu diete hurrengo astearterako.

Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao-k azaldu duenez “Geure izaerak batzen gaitu. Azken urteotan, geure hizkuntzen normalizazio-prozesuak bizkortzeko eta geure hizkuntzen ordezkatze-prozesuei aurre egiteko irmoki lan egin duen gizarte zibil antolatua ordezkatzen dugu, eta gure ahotsa entzun behar dute”.

Izan ere, Bilbaok adierazi bezala, hiru erakundeek kezka handiz bizi dute Espainiako Gobernuaren erasoa, orain arte eskuratutako lorpenak arriskuan jartzen ari direlako. Espainiako Estatuak urte hauetan guztietan eraiki duen arkitektura juridikoak gure hizkuntzak bigarren mailako hizkuntza bihurtu ditu. Gobernu ezberdinek garatutako politika jatorrizko desoreka juridiko hori mantentzea izan da, beren borondatez atxikitako nazioarteko itunen betetzearekin jarrera pasiboa erakutsiz eta gure hizkuntzei estatus juridiko egokia aitortzeko egin diren ekimen guztien aurka eginez.

Espainiako Hezkuntza ministro José Ignacio Wert-ek abenduan iragarritako lege-proposamena aurrez ezarritako desoreka hori handitzea helburu duen erasoa dela gaineratu du Bilbao-k: “zirriborro horrek gure hizkuntza-komunitateei zuzenean eraso egiten die, hizkuntza gutxiagotuak indartu eta bermatu beharrean aurrez pairatzen duten egoera are gehiago kaltetzea bilatzen duelako, horrek dakartzan ondorio guztiekin”.

Horrexegatik guztiagatik, hiru erakundeetako ordezkariek bilera egingo dute Madrilgo Diputatuen Kongresuan: “Bertan ordezkatuta dauden talde parlamentarioen aurrean hau guztia salatu nahi diegu, Lege hau ezartzeak beren hizkuntzan bizi nahi duten milaka eta milaka lagunei eragingo dizkien ondorioak onartezinak direla jakinarazi nahi diegu”. Hiru erakundeok eraso berri honen aurrean pentsatzen duguna argi eta garbi helarazi nahi diegu Madrilgo Diputatu Kongresuko ordezkariei eta horregatik erabaki dugu Madrilera bertaratzea” gaineratu du Kontseiluko ordezkariak.

Euskararen normalizazioa azkartzeko lan egiten duten erakundeen eta eragileen bilgunea da Euskalgintzaren Kontseilua. 30 talde baino gehiagok osatzen dute, eta, batasunaren indarraz baliatuz, euskararen normalizazioa azkartzeko hizkuntza-politiketan eragitea du xede. Kontseilua sinetsita baitago euskara dela gizarte kohesionatu, justu, demokratiko eta berdinzaleago bat eraikitzeko tresna. Helburu hori jomuga hartuta ari da lanean 1998. urteaz geroztik.

2 pentsamendu “Wert-en erasoa eta Espainiako Estatuaren jarrera salatuko dituzte Madrilgo kongresuan”-ri buruz

  • “Gobernu ezberdinek garatutako politika jatorrizko desoreka juridiko hori mantentzea izan da”
    Noski; zer espero zenuten ba ? Hizkuntzaren normalizazioan espainia bidelagun izatea? independentzia antolatzen lagundu eta utzi behingoz erridikulua egiteari.