Hondartzak berdintzen gaitu

Hasieran aristokrata jendearen gozamenerako gune zen. Hantxe ibiltzen ziren gorputz delikatu haiek, hondarra oin puntekin ozta ukituz, parpailazko bainujantziekin erretratatuz, indigenen begiradapean are ederrago sentituz. Gero munduko iraultzak etorri ziren, aisialdiarekin zerbait egin beharra, eta plebeak hondartzak birkonkistatu zituen izozki markako sonbrillekin, haur basatiekin eta janzkera estridenteekin, eta ez dirudi, ez, inoiz askatuko dituenik.

Petrilean eseri naiz, antropologoaren begietara paregabea den harrobiari beha. Hantxe daude senar-emazteak, hondartzatik irten berritan. Gizonezkoa, petrilean eserita bere ere, elastikoa safari tankerako galtzetan sartuta eta zangoak airean mantentzeko ekilibrismoak eginez. Emakumezkoa, jostailuzko ureztailu batekin senarraren behatzen arteko hondar aleak garbitzen. Obrako kontramaisu bilakatutako senarra, obrako peoi bilakatutako emaztearen maniobrak zuzentzen ditu. Garbizaletasunak aldartea hobetu dit eta nik neuk ere hondartzarekin bat egiteko beharra dudala sentitu dut. Hantxe daude lagunak, ur ertzean. Iritsi naizenean apenas mugitu dira, eguzki izpi bakar bat ere ez dute alferrik galtzen utzi nahi. Uretan sartu naiz eta laurehun kiloko emaztekia ertzera hurbiltzen ikusi dut. Oin puntarekin ura dastatu eta bularretakoa erantzi du. Ulertu ezin dudan igeri egiteko manera batekin dator nigana. Metro batera daukat. Bularrak ur azalera irten dira, aurpegia estaltzen diote. Gorputzetik bereizi zaizkiola otu zait, eta gorputzeko gainontzeko atalak banaka erauziko zaizkiola. Baina andreak ez dirudi arduratuta, ez bada nahiko lukeena baino ur gehiago irensten ari delako, irentsi-bota-irentsi-bota… Haragizko ortzemuga propioari segika darrai, utopia hodeiertzean dagoela jakitun.

by Lander GarroUretatik irten naizenean, lau urteko neska bat galdu dela ari dira esaten bozgorailuetatik. Hasieran ez diogu gertakizunari garrantzirik eman. Ordubete beranduago ordea galduta jarraitzen du eta hizketarako gai baliatu dugu. Itsasoan itotako senideen zerrendak eta itomenaren kausen zerrendak egin ditugu, eta ohartu gabe, aspertuta egoteari utzi diogu. Hiru ordu beranduago galduta jarraitzen du eta gure arteko libertimendua atsekabez mozorrotutako eszitazio bilakatu da. Isilpean, hilda egotea desio dugun arren, gurasoak nola egongo ote diren galdetzen diogu elkarri. Udako kantuaren faltan badugu udako neskatila hila.

Hondartzak guztiok berdintzen gaitu, baina batzuk besteok baino gehiago.

ALDAPEKO