Hondakinetatik hazia
Hondakinetatik hazia –
Garai bateko bortizkeriaren oihartzunak atzera egin duen neurrian, berriro agerian geratzen ari da, betiko demokratentzat, biktimak, “beraien” biktimak direla benetako egitasmo politiko nagusia. Bestela nola ulertu, Madrilen, harrotasunez gainezka, ETA garaitu izanaren ekitaldi berezia.
Zapalgailu berria erabiliz, garaipena irudikatu nahian, burdinak txikituz asetzen dute ezin egona? Horrela elikatzen dute aurkaria galdu izanak sortzen dizkioten haserreak?
Norbaitzuk dioten bezala, euskaldunen etorkizuna hauen esku ba dago, zer bait aldatu beharrean gaude. Horrela nekez eraiki daiteke ezer.
Ekitaldi horri helduz, esango nuke; etorkizuna modu iraunkorrean eraikitzeak, bi urrats nagusi dituela; materialak behar bezala aukeratzea, bata, eta eraiste-fasea eta hondakinen kudeaketa oso kontuan hartzea, bestea.
Etorkizunaz eztabaidatzeak gaur, baldin eta eztabaidarik badago, Madrilgo Lege Biltzarrean entzuten ari garena ez baita eztabaida. ETAk bere jarrera militarra amaitzeak ekarri dituen aldaketak, errealitate berri baten aurrean jarri gintuzten, eta “oraindik” gainditzeko daude. Duela bi, hiru edo lau hamarkadako leku berean ikusten ditut, bai gizartea, bai klase politikoa. baina aldagarri batekin. Batzuentzat; orain artekoa ez da aski, ez du balio. Beste batzuentzat; orain ezin da, agian beranduago beharbada….
Are okerrago, beste zerbaitez solas egiten da. Egonezin instituzionalean kokatu nahi da eztabaidaren arreta-gunea. Berriro piztu nahi dute ohiko iruzurra, komenigarritasun politikoaren arabera, gaia eremu judizialera eramanez. Estatu espainiarrean inork ez baitu su-etenik. Izan ere, memoriak hautatu egiten baitu ezkutatu, ahaztu nahi duena. Demagun, torturaren afera, adibide gisa.
Dena dela, bi komunitate desberdin eta antagonikoak, bakoitzak bere eskubide politikoak zilegi den bezala bilatzen dituztenean, gatazka askotan zatiketarekin konpondu izan da. Adibide asko ditugu, mapak ez baitira ukiezinak, eta Europan ere ez. Horregatik hogei garren mende hasieran Europa 24 Estatu independenteak osatzen ba zuten, gaur 47 ditu. Kontuan hartzekoa, azken hamarkadetan, hamasei direla osatutako Estatu berriak.
Ez baita zelai politikoan parte hartze hutsarekin arazo demokratikoa konpontzen, egitasmo guztien lehia bermatzean baizik. Europako hainbat lekutan, hainbeste aldiz bi nazioen arteko lehia konpontzeko balio duenak, Espainian ez, zergatik?
Ordaina -beti dago ordainen bat- Konstituzioaren ukiezintasunari uko egitean datza. Konstituzioa eraldatzeko proposamenak aurkeztu beharrean gaude, bestela, orain arte ikusi dugun bezala, edozein irtenbidek -guk eskainitakoa barne- alde batek bestea garaitu izanaren porrota besterik ez du ekarriko.
Historiak berak agertzen digu euskal gatazka deitu den hori konponbidean jartzeko asmoz negoziazio prozesuren bati heldu zaion bakoitzean, Madrilen aldetik azaleratu den sakoneko gakoa, alegia, Estatu espainiarren demokratizazio amaitu gabea.
Izan ere, komunitate politiko baten etorkizuna ezin baita arinkeriaz oinarritu ustezko komenigarritasunezko tabuetan. Ez ta Moncloaren aldizko ahulezia baliatuz. Oraintsuko etorkizuneko gertakariak, benetan hauskorrak lirateke, ez balira arduradun gutxi batzuen nahia baino. Ez du ezertarako balio borondate politikoak, ez bada garapen sakon eta iraunkorretan oinarritzen.
Ez dut fidagarritasun handirik ikusten EAJk daraman bidean. Ez baita onargarria; batzuetan bai, besteetan ez, han bai, baina hemen ez. Ez dago zalantzarik, euskal abertzaleok ez gatozela bat aske hitzaren praxiarekin.
Telesforo Monzon eta beste abertzale askoren ametsa, EAJ eta Ezker Abertzalearen “lankidetza” geroz eta zailagoa bihurtzen ari da. Denbora gehiegi doa elkarrengandik urruntzen. Hasieran elkarri erasoka eta gutxietsiz gero.
EAJ eta Ezker Abertzalea, bakoitza bere bidetik ibiliko da eta, azkenean, bata bestearekin aurrez aurrekoa beharko dute, nor Euskal Herrian nagusitu. Biak ez daukate nagusi izaterik.
Beharbada norbaitzuk esango dute agian ez gaudela une egokian horrelakoak azpimarratzeko. Ezagutzen ditut, badakit nortzuk diren, nork ez ditu ezagutzen ba?
Lehen aske izatearen praxiarekin nenbilen bezala, uste dut, abertzale izatea ere zehaztu beharrean gaudela. Hausnarketa honen edukiak zaharkitua eman dezake, baina abiaburu hauetatik zenbat eta gehiago aldendu, orduan eta zailago jarriko zaigu nahi dugun horretara heltzea.
Helburuak aipatzen ari naizenez, uste dut une egokia izan daitekeela aitortzeko, orain arteko joan-etorri osoari begirada luze batez, onartzeak, nazio batek bere askatasuna lor dezakeela, odol tantarik ere isuri gabe. Bale, baita hori dela -ahal izanez gero- jarraitu beharreko bidea.
Baina bitarteko baketsuak erabilita, indar moral guztiarekin eta nazioartean aitortutako eskubideak aldarrikatuz. Horri guztiari gehituz, euskal gizartearen gehiengoaren borondatea eskuratuko bagenu, aski izango ote da?