Hondakinen zentzuzko kudeaketaren alde

Prentsaurrekoa

Aurreko urteetan bezala ? hamargarrena da hau ? Gipuzkoako Errausketaren Aurkako Plataformen Koordinadorak komunikabideen aurrean aurkezten du bere burua, irailaren 8an 11:30ean Kontxako hondartzan giza katea egitera deitzeko helburuarekin.

 

Azken urte honetan emandako aurrera pausuak garrantzitsuak direla konturatzen gara. Honela, Gipuzkoako hamarnaka herritan ? jadanik 100.000 gipuzkoar baino gehiagok? hondakinak atez ate biltzen dituzte eta/edo hondakinak Zero Zabor helburuarekin kudeatzen dituzte, oso emaitza onak lortuz gainera, beti ere hondakinen %75 baino gehiago gaika bilduz. Honetaz gainera, badira beste Udalerri batzuk akordio zabalen bidez hondakinen bilketa aldatzea planteatzen ari direnak, epe laburrean gutxienez %60a gaika bildu ahal izateko. Banakako eta auzokonpostatzearen aurrerapena ere garrantzitsua izaten ari da; honen bidez materia organikoaren parte bat zuzenean ongarri bihurtzen da, konpostatzen duten herritarrentzat eta Udalentzat aurrezpen ekonomiko eta ekologikoa suposatuz.

 

Bestalde, duela hilabete pare bat ilusioz jaso genuen GHK emandako berria, non esaten zen Zubietako erraustegiaren eraikuntza behin betiko etenda geratzen zela. Eman beharreko pausua dela ulertzen dugu, baina ezin dugu ahaztu oraindik PNVk, PSEk eta PPk erraustegia eraikitzearen aldeko apustuarekin jarraitzen dutela eta alderdi hauek direla Batzar Nagusiak maneiatzen dituztenak.

 

Egoera honetan, dei egin nahi diegu erakunde guztiei, Batzar Nagusiei ere bai, behin betiko bazter dezaten Zubietako erraustegiaren ideia, instalazio hau garestia eta kutsatzailea izatez gain, zaharkituta geratu baita egin aurretik, Europako Parlamentuaren Erresoluzioak eskatzen duelako “baztertuko diren zaborrak ia erabat ezabatzea” eta “hondakin birziklagarri eta konpostagarrien errausketa progresiboki ezabatzea, hamarkadaren amaierarako”.

 

Lehen aipatutako aurrerapausoak ukaezinak dira, baina biltzen diren hondakinak tratatu ahal izateko  beharrezkoak diren instalazioak eraikitzearen alorrean ez dugu aurrerapen aipagarririk ikusten. Gaur egun Gipuzkoan milaka tona materia organiko kalitatezko biltzen ari gara, eta hondarengo hilabeteetan gehiago izango direla ez dago zalantzarik; hau guztia tratatzeko Lapatxeko konpostatze gunea besterik ez daukagu, aspaldiko urteetan hondakinez gainditua dagoena. Egoera honetan materia organikoa inguruko lurraldeetara eraman beharrean aurkitzen gara eta badakigu garraioak nolako kostu ekonomiko eta ekologikoa suposatzen duen. Aurreko legealdian hiru konpostatze planta aurreikusten ziren eta oraingoan sei, biometanizazio eta beste instalakuntza batzuez gain. Errealitatean dena geldirik dagoela dirudi eta egoera honetan dei egin nahi diegu horretan inplikaturik dauden erakundeei, batez ere Batzar Orokorrei, hondakinen inguruko liskarrari irtenbidea eman diezaioten, horrek zailtzen edo eragozten baititu beharrezko diren instalakuntzak, konponbideak bilatuz, beti ere Europatik datozen arautegiek esaten dutena errespetatuz. Udal desberdinetan egiten ari baldin badira, zergatik ez dute egin behar aipatutako erakundeetan?

ERRAUSKETARIK EZ.

KONPOST- GUNEAK BEREHALA

HONDAKINEN TRATAMENDURAKO INSTALAZIOAK

Donostia, 2013 irailaren  2a

Antolatzailea:    Errausketaren Aurkako Herri Plataformen Koordinakundea

Babesleak:   EM, EGUZKI, GIPUZKOA ZERO ZABOR, ESK,  BILDU AYUNTAMIENTO USURBIL, EZKER ANITZA, EB, GORRIPIDEA, ANTIKAPITALISTAK,SORTU, ARALAR