Hogeita hamalau urte igaro eta gero

Hogeita hamalau urte igaro eta gero –

Pasa den martxoaren 25ean ofizialki bukatu zen euskal presoen sakabanatzea. El Paíseko lerroburuaren arabera, “34 urte igaro eta gero, Espainiako Barne Ministerioak amaiera eman dio ETAko presoen sakabanatzeari”. Euskal Herriko komunikabideek ere dataren berri eman zuten, eta aldi berean, alderdi politikoek beren irakurketa plazaratu zuten. Esaterako, EAJk, ohi bezala, berriz ere abagunea erabili zuen adierazteko euskal presoek gogoeta egin behar zutela eta egindako minagatik barkamena eta aitormena eskatu. Bere aldetik, EH Bilduk “garaipen moral” gisa nabarmendu zuen data.

Hogeita hamalau urte igaro eta gero
Arg: Guaixe

Gorabehera horiekin, nire oroimenaren makina martxan jarri zen. Nire lehenengo bidaia Espainiako espetxe batera 1980an izan zen. Carabancheleko ateetan topatu nituen emakume ijitoek eta euskaldunek gauza asko irakatsi zizkidaten, eta, nolabait, emakumeen lankidetzari buruzko nire lehenengo ikasgaia izan zen. Gero, bidaiak ugaritu ziren, bai eta kilometroak ere. Horrela, urteetan, asteburuero nire bizitzan erritual bat instalatu zen: hitzorduak, paketeak, deiak, ordu txikitako irteerak berandu ez heltzeko… Eta orain konturatu naiz inoiz ez niola neure buruari galdetu mendeku horren esanahiaz.

Sakabanatze-politikaren justifikazioak entzuten ditudanean, sekulako amorrua sentitzen dut, eta aldi berean, etsipena

Nire asteburuko errituala bukatu, eta nire bizitza normaltasunera itzuli zen, baina asteburu askotan gogoratu izan ditut maitasunaren ibiltariak. Asko errepideetan zahartu dira, batzuek osasuna eta bizitza ere galdu dute… eta dena ezeren truke.

Horregatik, sakabanatze-politikaren justifikazioak entzuten ditudanean, sekulako amorrua sentitzen dut, eta aldi berean, etsipena. Nire ustez, eskubideen urraketa bukatzea 34 urte igaro eta gero, ezin da “garaipen moraltzat” hartu. Are gehiago, oraindik ere agintariek adieraztea sakabanatzea ezarri zutela ETAren zuzendaritzaren presioa arintzeko, iraingarria iruditzen zait.

Sakabanatzea finkatu zuten terrorismoaren aurkako gerra-tresna bezala (horretarako, estatuko agintariek EAJren ezinbesteko laguntza izan zuten), eta erabilpenak suposatu zuen pertsona kolektibo baten oinarrizko eskubideak urratzea. Ez zen legala, ezta bidezkoa ere; ez duela 34 urte, ezta gaur egun ere. Ez borroka armatua zegoenean, ez ETAren desegitea eman eta gero. Zeren eta botereek giza eskubide indibidualak eta kolektiboak baldintzatzen dituztenean, inor ez baitago seguru; eta Euskal Herrian ongi asko dakigu hori.

Hemendik aurrera, euskal presoen lagunek eta senitartekoek ez dute hainbeste kilometro egingo, eta haien bizimodua, segur aski, pixka bat errazagoa izango da. Urte gehiegi pasatu dira, eta tamalez, batzuk ezin izan dira honaino heldu… 34 urte hauetan, sakabanatze-politika kriminala izan delako. Ez dezagun ahaztu!

ARGIArentzat egindako kolaborazioa

Hogeita hamalau urte igaro eta gero

Medikua