Hogei urte badira zerbait

Hogei urte badira zerbait –

Carlos Spagnuolo handiak tangoaren ateak ireki zizkigun Hala Bedi irratiko La Tanguería irratsaioan, eta tango haietako batetik ikasi genuen hogei urte ez direla ezer. Niri, ordea, duela bi hamarkadako efemerideak gogora ekartzeak zahar samartuta sentiarazten nau, orduantxe gertatu baitziren nire bizitzako pasarte epikoenetako batzuk.

Hogei urte badira zerbait

Pasa den astean gogorarazi zidaten hogei urte pasa direla derrigorrezko zerbitzu militarra bertan behera gelditu zenetik. Gazteenei akaso arrotz samarra irudituko zaie, baina izan zen garai bat non mutilok, hamazortzi urte betetakoan, urtebetez bahitzen gintuzten armada espainiarrean bortzaz zerbitzatzeko. Erromantiko gutxi batzuek gerora milakarena bilakatuko zen desobedientzia zibileko ariketa bati ekin eta soldaduzka joateari uko egin zioten. Hasierakoek kartzelaz ordaindu zuten atrebentzia. Ehun intsumisotik gora ere izan ziren batera, besteak beste, Iruñeako presondegian. Hala ere, gutxi batzuek abiatutako ekintza kolektibo hori urteen poderioz masa mugimendu bilakatu zen. Hainbesteko babes soziala jaso zuen intsumisio mugimendu harek ezen batzuk harekin bat egin genuenerako sistema gainezka eginda zebilen soldadutza errefuxatzen genuen gazte guztiok kartzelaratu ezinik. Huraxe izan zen gure momentua eta sistemaren aurkako gizarte osoaren garaipena.

Lucio Urtubia ekintzaile anarkista naparra zena, irratira egindako bisita batean, kexu agertu zen gaur egun ez zegoelako berak 70eko hamarkadan abian jarritako bankaren aurkako ekintza bide zuzenari helduko zionik. Nik, orduan, erantzun nion hori; City Bankeko bidaia txekeak eskuz faltsutuz munduko banka kolokan jartzea, alegia; bere garaian baino ezin zela egin, gaur egun dauden gizarte kontrol baliabideak direla medio, ezinezkoa litzatekeela.

Eta nago gaur egun duela hogei urteko intsumisio mugimenduaren moduko desobedientzia zibileko estrategia masibo bat ere ezinezkoa litzatekeela. Beste garai batzuk ziren. Legebiltzarreko hesietara lepotik lotu, kaleak baimenik gabe hartu, zubi altuenetik zintzilikatu, gobernu militarrera pintura jaurti edota alkatearen bulegoko besaulkira kateatzen ginen eta ordainean makilkada batzuk jaso eta kontatzeko istorio epiko bat eramaten genuen etxera. Prentsari deitu eta kazetariak bidaltzen zituzten ekintzen berri jasotzera, eta gero kontatu egiten zituzten… gero, baina, zigor kode berria ezarriko zuten, eta harekin batera isunak, eta kaleak erabiltzeko debekua, eta desobedientzia mugimenduaren ukazioa hedabide hegemonikoetan… eta joku esparrua aldatu egin ziguten. Zer ez ote liguketen leporatuko gaur egun duela hogei urteko ekintza zuzen horietako bat burutuko bagenu!

Huraxe izan zen gure momentua. Eta momentu horretan baino ez zuen zentzurik izan borroka harek. Ez zen bidaia txekeak faltsutzeko garaia, horrek ez zukeen funtzionatuko, eta nago orain ere ez dela duela bi hamarkadako borroka estrategiak funtzionarazteko garaia. Garai bateko errezetek ez dute beste baterako balio. Geure burua eta borroka berrasmatzeko garaia delakoan nago. Mundua hankaz gora jarriko duen aire fresko bolada bat behar dugu.

Izan ere, hogei urte ez dira ezer, baina badira zerbait.

Hogei urte badira zerbait Hogei urte badira zerbait

BDZ mugimenduko kidea. Israelen aurkako Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak

4 pentsamendu “Hogei urte badira zerbait”-ri buruz

  • josu naberan 2021-11-27 18:15

    bai Koldo

    gaur egun ez dira posible 70.ko hamarkadan egiten zirenak burutzea. Horren zergatia, ene ustez, lehen baino BEZATUAGO gaituztelako.
    Eta 10 urte barru (Kapitalismo esklabistari hasiera emanen dion 2030-Agendarekin) ez dut pentsatu ere gura.
    Nik ez dut ikusiko eguruenik, baina inork ez badu erremediatzen, jendartea, laster, artalde-inmunizatua izanen da.

    BEZAKETA abian da 2020tik hasita. Eta jendartea bezatzeko modua oraintxe bertan gertatzen ari da. Metodoa ondo doakie: ALARMA piztu (orain “omikron” Hegoafrikatik datorren olatua), panikoa eragin, askatasunak murriztu eta jendearen burmuina jan. Ahal bada, “colaboración ciudadanoarekin”.

    Hor faschio eta inkisizio barria.

  • Nere uste aphalean, orain gurean duquegun desobediencia-ariquetaric handiena naffarrera ikastea eta erabilcea liçateque. Desobediencia practican jarcea da hori orain eta hemen. Eçarrita dago ecen gucioc erabili behar dugula hizcunça-modelo bat eta bacarra, pseudojakintsu batzuec hala erabaquita. Errecena da modelo hori ikassi eta seguitzea, eta hala robotac beçala vici, gainerat bethi negarrez. Idazten duen batec bere prosa proprioa landu behar du, escurat dituen eredu hoberenac bereganatuz eta bere modu proprioan erabiliz. Hori ascatassunarequin lothua dago.

    Ascatassuna erabil deçaque nahi duenac ere bere hizquera edo idazquera xehetzecotz. Bainan baita amildegui batetic bere botatzecotz ere. Ascatassuna erraiten dut hemen ardurari lothua, traditionearequico eta ethorquiçunarequico.

    Gurean çaphalcunça-tresna handienac eta erabaquiorrenac orain euscararen eremuco Eracundeac dira. Haiei eguin behar çaiquee orain insubmisionea, insubordinationea, revolta…

    Naffarrera erabilcea euscal republica practican jarcen hastea da, lehen urrhatsetaco bat bada ere. Naffar Statu asquean standardiçatu modeloa erabilcea da. Hori baino practica insubmisoagoric eta iraulçaileagoric ez dut orain eta hemen ikusten.

    Adeitassunez

    Alexandre

  • Eutsi goiari! 2021-11-27 21:18

    Oso ona koldo!
    Arrazoi guztia duzu gaur egungo baldintzetan ia ezinezkoa da garai hartako ekintzak burutzea, ezinezkoa edo oso zaila behintzat.
    Josuk dioena ere egia da, oso domestikatuak gaude, intsumisioaren antzeko mugimendu bat hasiko balitz gaur egun, gizartearen zati handi batek paso egingo luke eta bertan hasiko liratekeenen erdiak ez luke hain konpromiso handirik hartuko. Zenbat gazte daude prest,gaur egun kartzelara joateko bere ideiengaitik?(Honekin ez dut iñorren ausardia zalantzan jarri edo ezer egitera bultza nahi, gaur egun oso erraz kriminalizatzen dute edozein ekintza, bai judizialki, baita mediatikoki ere! kontuz ibili beharra dugu eta elkar zaindu!).
    Zuk diozun bezela gizartearen kontrol maila izugarria da, zientzia fikziozko pelikula bat dirudi, frustrantea da ikustea nola aldatu diren gauzak,, eta nola aldatuko diren.. Baina tira nik uste ez dela dena hain beltz ikusi behar, garai berrietara egokitu eta zuk diozun aire berriak iritsi beharko dute, nik uste mende aldaketak (nahiz eta ia laurdena pasata gauden) ezustean harrapatu gaituela eta ez dugula jakin egoera interpretatu eta erantzun bat ematen. Askotan erakutsi dugu herri bezela dugun indarra..!
    Bukatzeko.. unidad alavesaren oso gustuko abesti batek dioen bezala..”XXI.mendeko olatuak harrapatu gaitu, txino bat ireki zai gauden bitartean..” https://www.youtube.com/watch?v=WSvG1GULjBw .

  • josu naberan 2021-11-28 08:44

    Olatu Berri honen gainean ezeinek surfeatu ahal badu, gure herria da.

    Horretarako baldintza, ordea, kulturaz janztea da, kulturgintza, buru-kolonizazioaren aitzi.

    Ene ustez, Sistemaren etapa barria (oligarkikoa eta mundu elitearena) den 2030-AGENDARI aurre egin diezaiokeen indar bakarra, INDIGENISMOA da.
    Euskal Herri mailan; euskal indigenismo zaharberritua, sustrai sakon-sakonak dituena, baina egungo kultura indigenoekin lerratzea behar-beharrezko delarik.