Hiztegiak arriskutsuak dira
Hiztegiak arriskutsuak dira
Hiztegiak arriskutsuak dira edo izan daitezke, ondo erabili ezean. Horixe ulertu diogu Andoni Sagarna Euskaltzainari, ikaskuntza, jakintza eta teknologia jorratzen dituen Iparrorratza blogean.
Hiztegi elebidunak erabiltzeak dituen arriskuak
Hiztegi elebidunak baliokidetza-hiztegi soilak izan ohi dira. Hizkuntza bateko hitz baten ondoan beste hizkuntza bateko “baliokidea(k)” erakusten dituzte. Asko horretan geratzen dira, beste batzuek kategoria gramatikalak zehazten dituzte eta onenean erabilera-adibideren bat ere ematen dute.
Hiztegi elebakarrek, aldiz, askoz informazio gehiago ematen dute: ebakera, kategoria gramatikala, erabilera-eremua, etimologia, definizioa, adibideak, beste hitz batzuekiko erreferentziak, erregistro-markak, etab.
Hiztegi elebidunen arazoetako bat izaten da baliokidetzaren mugak ez dituztela argi azaltzen, eta oker handiak egiteko arriskuan jaus gaitezkeela. Esate baterako, espainiera/euskara hiztegi batean espainierazko “repostero” hitzaren baliokide gisa “gozogile, gozogin” ikusten baduzu ez zaitez fida hori eta horrenbestez, bestela behin euskal erakunde bateko itzultzaile bati gertatu zitzaiona gerta dakizuke. Liburu bat itzultzen ari zen eta presa zuten argitaratzeko. Horregatik, azken ordura arte ezin izan zituen ikusi ahal izan testuarekin batera zihoazen irudiak. Irudien oinak bai baina irudiak berak ez. Oin horietako batek “Repostero del siglo…” zioen. Itzultzaileak, zalantza handirik egin gabe “[Halako mendeko] gozogilea” idatzi zuen. Hankasartzea ez zen nolanahikoa, zeren irudiak ez zuen gozogilerik erakusten, estandarte moduko bat baizik.
Real Academia Españolaren hiztegian begiratzen baduzu, ikusiko duzu “repostero” sarrerak bost adiera ematen dituela: gozogilea bai, baina baita buruzagi baten zerbitzaria den marinela, jauregi bateko zerbitzu baten arduraduna, sukaldeko arasa eta ikur heraldikoak dauzkan oihala edo tapiza ere.
Beste kontu bat da euskaraz nola esaten zaion horri jakitea. Txarrenean ere ez legoke hain gaizki “tapiz heraldikoa” esatea.
Hiztegi elebidunen beste gabezia bat testuingururik ez eskaintzea edo gutxiegi eskaintzea izaten da. Baliokide gisa agertzen den hitz bakoitza zer testuingurutan erabil daitekeen jakitea ez da erraza izaten. Espainiera/ingelesa hiztegi batean espainierazko “viga” hitzaren baliokide gisa “beam”, “rafter” eta “girder” aurkitzen ditut baina inolako adibiderik edo azalpenik gabe. Berdin dio horietako edozein erabiltzea? Hiztegi elebidunak ez dit argitzen. Noan ingelesezko hiztegietara ea zer dioten. Wikipedian bertan badut argitasun aski. “Beam” egitura batean batez ere makurdura eragiten duten kargei eusteko pieza da. Izan daiteke eraikin batena baina makinetan, automobiletan, eta abar funtzio hori betetzen duten pieza txikiagoei er hala esaten zaie. “Girder”, berriz, eraikin bateko habe nagusia da, beste habe txikiago batzuei eusten diena. “Rafter” zuraje batean gailurretik beherako habe inklinatuak dira, gapirioak alegia. Honek beste zerbait ere nabarmentzen digu, alegia, hiztegi elebidunek ez dutela ematen maila teknikoko xehetasunik.
Beste arrisku bat izaten da eskainitako baliokidea hitz solte moduan hartzea, kontuan izan gabe itzulpenak esaldiak daukan ideia transmititzea duela helburu, eta ez esaldia osatzen duten hitzen baliokideen multzoa ematea. Adibidez, ingeles/euskara hiztegi batek esaten badigu ingelesezko “included”en baliokidea “barne” dela, eta hori bakarrik izaten badugu kontuan, ez dugu euskarazko “besteak beste” esapide jatorra erabiliko, kasu askotan egokiena dena.
Itzultzaile ona izateko, lehenik eta behin zalantzak izaten ikasi behar da, gero iturburuko hizkuntzako hitzen adiera eta erabilerak hizkuntza horretako hiztegietan argitu eta azkenik xede-hizkuntzako hitz egokia bilatu, hizkuntza horretako hiztegietan, hiztegi elebidunek ematen dituzten baliokideak iradokizun soiltzat hartuz.
Hiztegiak arriskutsuak dira