Pablo Iglesias, Javier Esparza Eta Bertze Piztia Batzuk

Pablo Iglesias, Javier Esparza Eta Bertze Piztia Batzuk (Bi Gogoeta Eta Zuzenketa Bat)

I.

Hego Euskal Herriko irakurleek –bederen adin jakin batetik goiti dutenek– gogoan izanen dute duela urte batzuk Mercedes Milaren eta Francisco Umbralen arteko enkontrua: haren saio batera gonbidatuta, idazlea hondarrean haserretu egin zen, bera bere liburuaz mintzatzera joana baitzen, eta ez bere lan berriarekin deus ikustekorik ez zuten tontakeriak komentatzera. Umbralen esaldia –nire liburuaz mintzatzera etorri naiz– famatua eta kasik mitikoa bihurtu zen, idazlearen harropuzkeriaren eta xelebrekeriaren sinbolo eta sintesi bilakatuta. Alta bada, nire uste harroan, harrezkeroztik denborak eta, batez ere, Anaia Handiak argi erakutsi digute bietan nor zen petralena eta, hitza onartzen bazait, inpresentableena –historiak sorpresa horiek izaten baititu–.

Pablo Iglesias, Javier Esparza Eta Bertze Piztia Batzuk (Bi Gogoeta Eta Zuzenketa Bat)Pablo Iglesiasek kritika egin dio El Mundo egunkariko kazetari bati, Alvaro Carvajali. Horrek haserrea piztu du kazetari eta iritzi emaile batzuen artean –“Iglesias prentsaren kontra” traola sortzeraino ailegatu dira–. Bertzeak bertze, gezurrak publikatzea leporatu dio Iglesiasek kazeta horri; zorionez, bietan zein den inpresentableena jakiteko ez dugu zertan historiaren epaiaren esperoan egon, aski baitugu gibelat begiratzea. Duela hamar-hamaika urte, goizero COPE pizten nuen itzarri eta segidan –hamar minutu, zenbaitetan bortz, aski izaten ziren pilak egun osorako kargatzeko–, eta, deituran sainduak eraman arren sainduegi ez zen kazetari baten tertulian, El Mundoko orduko zuzendariak esplikatzen zituen Madrilgo martxoaren 11ko atentatuaren gaineko ikerketaren azken nobedadeak. Ni gelditu nintzen kapituluan, Frantziako eta Marokoko zerbitzu sekretuek zuten antolatua, ETAren kolaborazioarekin, Aznar gobernutik kendu eta Espainiaren nazioarteko lehen lerrorako itzulera oztopatzeko asmoz. Pena da garai artean Tronuen jokoa ez existitzea; bertzenaz, Lannistertarrak ere sartuko baitzituzten, aldez edo moldez, konspirazioan.

Iglesiasen bekatua, halere, kontua kazetari batengan pertsonalizatu izana izan omen da. Adibidez, euskal uhinetako guru bat –edo, hobeki ulertzen bada, onda vascako izarra– sumindua zegoen horrekin. Ezin da, beraz, kazetari baten izena aipatu? Ez dakit, bada. Prentsa eta matxismoaren inguruko mintzaldi batean –eta Iglesiasena mintzaldia zen–, zilegi litzateke Antonio Burgos aipatzea –CUPeko emaztekiei kritika politiko gisa edo, itsusi deitu baitzien– edo Eduardo Garcia Serrano –erran baitzuen Kataluniako Osasun kontseilaria urdama nazkagarria zela, ondoko kazetariek irri egiten zuten bitartean–? Intolerantziaz ari bagara, ez litzaiguke egokia idurituko Carlos Herreraren izena gogoratzea –tematzen baita, adibidez, Moliner idazle katalanari Amparito deitzen, honen izena Empar bada ere–? Euskal gatazka konpontzeko jarrera desegokiak mintzagai ditugula, aproposa litzateke Jose Maria Callejaz oroitzea –irri egin batzion Martxelo Otamendiri, honek tortura sufritu izana salatu ondotik–?

Edo, jendea izen-deiturekin seinalatzea itsusia bada, akaso Espainiako prentsaz mintzatu beharko genuke, haren egoera bai baita kezkagarria eta amorragarria, Iglesiasen komentarioa baino aise gehiago. Inor ez da harritzen, ikusita gaur egungo Espainiako prentsa gehien-gehiena –paperekoa, behinik behin– zentro-eskuin lauki eufemistikoan sailkatzen ahal dela? Zer egunkari erosten du espainol ezkertiarrak? Eta inor ez da kezkatzen, ikusita zentro-eskuineko prentsa horretarik zenbat sailkatzen ahal den, problema handirik gabe, kaka kazetaritza izenburupean?

Pablo Iglesiasek erran du El Mundok gezurrak publikatzen dituela. Hori da hori ausardia. Batek daki, igual bertze egun batean La Razonek manipulatzen duela erranen du norbaitek.

II.

Hego Euskal Herriko irakurleek –bederen adin jakin batetik goiti dutenek– gogoan izanen dute duela urte batzuk Sofia Mazagatosek emandako erantzuna, Mario Vargas Llosaz galdegin ziotelarik: “Aspaldi du segitzen diodala, baina ez dut haren libururik irakurtzeko aukerarik izan”. Mazagatosek Vargas Llosarekin zuen harremana da UPNk euskararekin daukana: aspaldi du UPNkoek euskara maite dutela, baina ez dute hizkuntzaren aldeko deus egiteko astirik izan, are gutiago erabiltzekorik.

Alderdiaren hondarreko kongresuan, euskal kultura ere Nafarroaren parte dela onartu omen dute –hori da hori ausardia–, eta Javier Esparza alderdiburuak euskaraz agurtu zituen kongresura etorritakoak: problema bakarra izan zen, konpetentzia linguistikoaren falta dela eta, burkide gehienek nonbait pentsatu zutela “arratsalde on” broma bat zela, eta, normala den bezala, irri egin behar izan zuten, inork ez zezan pentsa ez zutela txistea harrapatu. Esparzak, aztoratua, azaldu zuen UPNko kide baztandarrak ari zirela agurtzen –jakina den bezala, Nafarroan Baztanen baizik ez baita euskaraz egiten; nolanahi ere, Joseba Gabilondok tarteka gogorarazten duen bezala, gipuzkoarrendako nafar guziak dira baztandarrak, baina Gabilondoren hipotesi horrek galdera asaldagarriak paratzen ditu mahai gainean: ikuspuntu gipuzkoarra du Javier Esparzak? Euskaldun guziak nafarrak bagara, eta nafar guziak baztandar, euskaldun guziak baztandarrak gara? Noizko Itsas aldeko Baztan liburu mardula?–

UPN-n hainbertze miresten dute euskara, ezen gaitasun magikoak aitortzen baitizkiote: euskarak Nafarroa desagerrarazteko ahalmena du; euskara ikastearekin batera, hiztunek beren nortasun esentziala –forala eta espainola, bistan dena– galdu eta, pistolekin edo pistolarik gabe –hala adierazi zuen Esparzak, UPNren diskurtsoa moderatzeko eginahal paregabean– Nafarroa Euskal Herria izeneko entelekia horretara eraman nahi izaten dute –ohar inportantea: entelekia eta Euskal Herria biltzen dituen esaldi bat ez baduzu inoiz osatu, ez zara inor UPN-n–. Hori ez da ingelesarekin gertatzen: nortasunik galdu gabe, ikasleek komunikatzeko tresna zoragarria erdiesten dute ingelesa ikasten dutelarik.

Gobernura bueltatuz gero, maitasun handiz eskola publikoan D eredua hautatzeko aukera deuseztatuko luke Esparzak -txalo zaparradarekin hartu zuten proposamena UPN euskaltzale guziek-. Halere, UPNko zenbait txiolarik segitzen dute tematuta erraten euskara maite dutela: duela urte batzuk Aventura taldeak kantatzen zuen bezala –eta oraingoan Ipar Euskal Herriko irakurleek ere akaso gogoan izanen dute abestia–, “ez, ez da maitasuna, zuk sentitzen duzunak obsesioa du izena”.

Euskalerria Irratian erran nuen albiste ona dela guretako –gu nor garen bakoitzak erabaki dezala– Javier Esparza alderdiburu hautatu izana, haren diskurtso zahar oldarkor gorrotozale horrek bide mugatua baitu, nire ustez. Lagun batek zuzendu zidan: albiste ona litzateke UPNk behingoz jarrera hori uztea, euskararen eta euskaldunen kontrako obsesioa betiko baztertzea. Bai, hala da. Onartua dago zuzenketa.

Bertze Piztia Batzu / Bertze Piztia Batzuk / Bertze Piztia Batzuk / Bertze Piztia Batzuk /Bertze Piztia Batzuk

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.

3 pentsamendu “Pablo Iglesias, Javier Esparza Eta Bertze Piztia Batzuk”-ri buruz

  • Arrasti on Santi,

    Gauza bat. Bigarren parrafoan diozu Pablo Iglesiasek Álvaro Carvajal kririkatu zuela baina Iglesias haratago joan zen. Oker ez banago Iglesiasek esan zuen ‘hainbat kazetarik Podemosi buruzko gezurrak botatzen dituzte lanpostu hobe bat lortzeko asmoz’. Adierazpen larriak dira eta bere aldartea erakusten dute. Era berean, adierazpen guztiz faltsuak dira, ze Iglesiasek ez du frogatzen ez Carvajalek ez beste kazetaririk egunkarietan postu hobea eskuratu dutela Podemosi buruzko gezurrak botatzearren. Bestalde, gauza jakina da egunkarietan oso litekeena da albiste garrantzitsuen izenburuak atalburuak edo zuzendariak berak idaztea baina hori ez ei zekien Iglesiasek halakoak bota zituenean eta, ohi lez, mezularia jomugan jarri zuen.

    Ondo ibili

    • Santi Leoné 2016-05-01 14:30

      Esker mila, Jon, zure iruzkinagatik. Ez dakit, akaso arrazoin duzu, baina nire ustez gaia ez da Alvaro Carvajal, edo, nahiago baduzu, hori ere bada gaia, baina bigarren mailakoa. Eta, maiz gertatzen den bezala, iduritzen zait kazetari anitzek nahiago izan dutela bigarren mailako gaia -Carvajali eginiko kritika ustez bidegabea- puztu, gai potoloa -Espainiako prentsaren egoera- jorratu baino. Prentsa “serioak” behin eta berriz azpimarratu du -zuzenean edo zeharka- badela lotura bat Venezuelaren, ETAren eta Podemosen artean. La Sextako debate politikoan mintzagai izan zuten behin “Podemos ETAren parte ote da” galdera. Ez dut nik Iglesiasen aldartea defendatuko, baina iduritzen zait gai inportantea ukitu zuela bere adierazpenarekin.
      Izenburuei dagokienez, galderatxo bat: nire izenarekin publikatzen diren testuei izenburua bertze batek paratuko balie -eta izenburuak zein baino zein iraingarriagoak edo manupalatzaileagoak balira-, zenbat izenburu onartu beharko nituzke, praktika horrekin ados nagoela aditzera emateko? Mezulari hutsak dira kazetariak? Orduan, norenak?

      Segi ongi

  • Peru Dulantz 2016-05-04 10:20

    Arrazoi osoa. Kazetaritzaren egoera orokorra guztiz penagarria da gurean, eta kazetari gehienak edo salduta edo langabezian daude (edo oso gaizki ordaindutako lanpostuetan). Noizean behin botatzen dituen egia borobil horiek egiten dute, nire ustez, Iglesias hain erakargarri hautesle askorentzat.