Hitza hartzeko tenorea

 

“Existentzian erradikaltasun bat dago, galderaren erradikaltasuna”  (Paulo Freire)

Hitza hartzeko tenoreaGaur den eguneko Euskal Herria ezagutzen duen edonork, bere erronken inguruko kontzientzia minimoa baduenak, badaki Euskal Autonomia Erkidegoan fite 30 urte beteko dituen hezkuntza lege bat egote hutsa saiakera berrietarako arrazoi nahikoa badela. Alta, hezkuntzaren inguruko lege hark sortutako zauriek beldur ematen digute, kikiltzen gaituzte, gauzak bere horretan utzi eta bertze alde batera begiratzeko gogoa ematen, nagia sortzen bistan dena. Eta banago egoeraren zailtasunak konformagaitz izatera eraman beharko gintuzkeela gauza guztien aitzinetik, partida jokatzeko gogoa piztu edo, amaitu gabeko bere pedagogia tratatu laburrean Paolo Pasolinik agertzen zuen kezkaren hariari tiraka, mundua bera irakurtzeko gauzek eskaintzen diguten semantika zurrunari arrakalak bilatzeko adorea eman. Berriz ikastea eta berritik hastea baizik ez zaigula gelditzen onartzeaz ari gara eta pertsona zein komunitate gisara hezkuntzaren ideiaz, beharraz eta funtzioaz birjabetzeaz. Soilik horrela ulertuko dugu premiaren larria zenbaterainokoa den une hauetan. Soilik horrela ulertuo dugu, aldi berean, gure herriaren zernahi txokotan ereindako hazi berri orok gainerako lurraldeetaraino iritsi litezkeen fruituak emateko gaitasuna baduela, zerbait handiagoaren promesa badela hortaz. Zerbait horri euskal hezkuntza sistema publiko burujabea dei geniezaioke, konparazio batera.

Minak min, grinek aurrea hartu eta lehenbizikoei gailentzeko garaiak urgente zaizkigu, eta herri proiektuak ere, biziraupen eta erresistentzia hutsari gailenduko zaion eraikuntza sasoi berri bat. Zorionez -ez kasualitatez- badago gure herriaren luze zabalean hezkuntza komunitate bizi bat eta, hala, hainbat urtez eragile eta orotariko hezkuntza agenteek egindako lanaren ondoriotzat jotzen ahal dugu gaur Hezkuntza Lege berri baterako, gure lurraldearen zati batean bai behintzat, zabaldu den aukera hau. Izan ere, gaur abagune honetan bagaude, horiei guztiei zor zaie hein handi batean.

Globalizazio, mundializazio, gainmodernitate edota, bertzeak bertze, ziurgabetasunaren aroan bizi garela erran ohi da, begirada nolakoa definizioa halakoa. Hezkuntzari dagokionean (are formalaz ari garelarik) garbi dagoena zera da, Homogeneizazioren garaiak direla hauek. Mundu mailan une hauetantxe sortzen ariko litzatekeen hegemonien konfigurazio berriaz haraindi, beraz XX. mendeko Mendebalde versus Ekial-de logikaren 2.0 bertsioan ere, homologazioa eta berdinkeria lirateke paradigma berriaren lerro nagusiak hezkuntzari dagokionean. Eta ez gaitu hainbertzeko harritzen kontuan hartzen badugu hezkuntza sistemak, gaur-gaurkoz, patriarkatu kapitalistaren interesen zerbitzari bilakatu direla gauza ororen gainetik, horretarako kapitalismo digitalaren ingurumari guztia eta ELGE bera direlarik sustatzaile nagusiak.

Gauzak horrela, gurera etorrita, herri baten hezkuntza sistemaz baino, herri batentzako hezkuntza sistemaren inguruko kontzientziazioan sakontzea dagokigu une honetan. Paulo Freireren kontzientizazio horren bidetik jorratutako bidean sakontzea, zeinaren arabera, ekintza kognitibo aktibo hori -kontzientzia hartzearena alegia- ez litzatekeen ezagutza berriak bereganatzera mugatuko gintuzkeen ariketa hutsa izanen. Horren ordez, objektibitatea eta subjektibitatearen arteko elkarrizketa dialektikoa litzateke kontzientizazioa, teoria eta praktika, errealitatea eta kontzientzia uztartuko lituzkeen prozesua, beraz errealitate konkretuak ulertzea litzateke, zeinekiko, gainera, asmo zehatz eta jakinak baikenituzke, baititugun.

Tokiratutako eta posizionatutako diagnosi eta proposamenen garaia da ondorioz. Badagokigu geure buruak eta komunitatea, agintariak eta bertzelako jendarte eragileak ere interpelatzea; gure errealitate konkretuaz bezainbertze gure asmo jakinez (ez beti esplizitu egindakoak).

Zer litzateke gure komunitatearentzako, euskal herritarrontzako, euskal hezkuntza sistema publiko eta burujabe bat adibidez? Galdera eta hezkuntza bera politikoak diren hein berean dira politikoak erantzunak. Are, galderarik ez egitea, gaur dugun hezkuntza sistema(k), curriculumak eta antolaketa ez galdekatzea ere, hautu politiko bati erantzunen lioke, kasu honetan menderatzailearen aldekoa (baldin eta oinarrizko premisatzat hartzen dugun abiapuntuan menderatzea badela).

Amilcar Cabralek, hezkuntza, mugimendu antikolonialen eginkizunen artean kokatu zuen bere garaian, ezagutzaren deskolonizaziorako oinarrizko tresnatzat hartzen baitzuen. Sasoi bertsuan P. Freirek hezkuntza eredu berri bat aldarrikatu zuen, eredu kapitalista eta koloniala ordezkatuko zukeen sakoneko eraldaketa baten alde eginez. Hamarkada zenbait geroago bell hooks eta bertze hainbat militante feministek «buruen deskolonizazioaren» ideiari feminismoaren eta patriarkatuaren zapalkuntzaren salaketa gehitu dizkiote, gisa honetan emantzipazioaren alde lan egin nahi duen hezkuntza proposamen kritiko eta hegemoniaz kontrakoen ezaugarritzea osatuz. Deskolonizazioa eta patriarkatu kapitalista, hara non gaurko euskal hezkuntzaren erronken hirukia. Hauen inbrikatzeetan bideorri oso bat genuke gure esperoan.

Gure aburuz beraz, sistemak burujabetasunaren bidea ibiliko badu, halabeharrez euskaldundu beharko du, eztabaidaezina deritzogu. Ez da aise aurkituko oinarrizko baldintza hau bere egiten ez duen sistema subiranorik. Maiz adibidetarako ematen den Finlandiak berak, nazio hizkuntzarena ezinbertzeko baldintzatzat jotzen du dena delako ikastetxek diru publikoa jaso dezan, eta, ondorioz, hango sistemaren egituraketa tarteko, publikotzat hartua izan dadin.

Bertzalde, herri estrategia eta akordio desegregatzaile baten ezartzea litzateke ere nahitaezkoa. Kasu honetan, behar-beharrezkoa dugun instituzioen, ikastetxeen eta orotariko herritarren konpromiso irmoari gehitu beharko genioke gaur gaurko joera paternalista eta etnozentrikoa berraztertzeko hausnarketa prozesu parte hartzaile anitz eta konplexua. Bertzenaz, nahikeria asimilatzaile huts batean erortzeko arriskua agerikoa da, «ez-zuritasunak» jomugan jarri, seinalatu, ahuldu eta inorenduko dituena, historian zehar bertze une zein latitude batzuetan gertatu -eta salatuizan den bezalaxe.

Hezkuntza sistemaren erroetaraino ailegatu eta bustiko duen begirada feminista kritiko integrala ere badakarkigu premia behinenen zerrendara. Soilik gisa honetan ohartuko baikara azaleko neurri estetikoez haraindi, patriarkatuak sustrai sakonak dituela gure heziguneetan. Beraz, nolabaiteko kontzientizazio feminista baten beharra ekartzera gatoz, gaurko jendarte eta hezkuntza patriarkalarekiko dialektikoa izanen dena eta heziguneetako eguneroko bizipen xumeena ere ezbaian jartzeko tresnak eskainiko dizkiguna. Era honetan baizik ez gara ailegatuko erroetako eraldaketak abiatzeko gaitasuna erdiestera, zaintzaren pedagogia egitea zein erradikal eta iraultzailea izaten ahal den konprenitzera eta cu-rriculumek bilatzen ohi duten subjektibotasunen ezabakeriari gure gorputzen aldarrikapenaz aitzin egitera. Hezkuntzaren ildo feminista pentsamendu kritikoa, erantzunkidetasuna, elkar-zaintza, autonomia, ahalduntzea, autoestimua, curriculumen deskolonizazioa, botere harreman berriak, osasun sexu-afektiboa eta parte hartze soziala bezalakoak azkarki sustatzeko tresna eraginkorra dela ebidentzia bat da.

Aitzinekoekin batera, jarrera biofilikoak eta gaitasun ekosozialak lehen lerrora ekartzean genuke bertze erronka nagusietako bat. Krisi klimatikoa larrialdi bilakatuta, horren kontzientzia argia izateaz haratago, hari aitzin egiteko tresnez jabetu beharko dira haur, gazte zein helduak ere. Hezkuntza, oinarrizkoa, bide horretan lanabes nahitaezko eta eraginkorra deritzogu.

Naturarekiko logika estraktibista bertsua darabilte gaurko hezkuntza sistemek pertsonekiko. Sistemen homogeneizazioaren garaiotan, paradoxikoki, indibidualtasunak sustatzen eta bilatzen dira. Marina Garcesek erran izan bezala, norbanakoaren jaiotzetiko gaitasunen xurgatze gisako bat proposatzen da behin eta berriz. Gure aburuz honek elkarrekin ikastearen, ezagutzaren eraikuntza kolaboratiboaren eta garapen kolektiboko eremuaren potentzialari bidea mugatuko lioke, bai eta ezagutza eta gaitasun berrien bereganatzeari galga ezarri ere. Agerikoa da pobretutako eta baztertutako kolektibo zaurgarrienak galtzaile ateratzen direla hezkuntzaren joko berri horretan. Estraktibismoaren paradigma berri baten baitara ari da nabarmenki bideratzen hezkuntza formala, alderdi metodologikoan bezalaxe, teknologiaren -begira software eta hardware pribatiboaren ezartzea- erabilerari dagokionean ere, datuena kasu honetan.

Akitzeko, eta aitzinetik aipatutako guztia kontuan hartuta, uste dugu, Hezkuntza Lege berri baten aukeraren aitzinean, ezin gaituela asebete aurretik zegoen legearekiko zenbait edukiren eta prozeduren ordezkatze huts batek. Aldaketa sakonak galdegiten ditu gaur den eguneko hezkuntzaren egoerak. Hain zuzen ere horrexegatik eta horretarako, hasteko eta behin, parte hartzea eta erabakimenari espazioak zabaldu eta azkartzeko tenorea da, eskubide osoz, subjektu politiko garrantzitsua garela aitortuta, komunitatearen hitza jaso eta komunitatearen hitzaz josi dadin lege berria.

Nora Salbotx Alegria
irakasle eta psikopedagogoa, Amaiur Eskola

Nora Salbotx Alegria

Galde 36 udaberria/2022

galde

Hitza hartzeko tenorea

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.