[Simone Weil] Erroztamendua eta Nazioa XXII

[Simone Weil] Erroztamendua Eta Nazioa XXII – 

Erroztamendua eta nazioa (XXII. bidalketa)

[Simone Weil] Errogabetasuna eta Nazioa XXIIZorigaitza bezalaxe zoriona ere objektu bat da urrikalmendurako, lurtarra delako, erran nahi baita osatugabea, hauskorra eta behin-behinekoa. Gainera, tamalez, herri baten bizitzan beti bada zorigaitz maila jakin bat. Ez uste ukan, horrelako amodio batek ignoratu edo gutietsi ahalko lukeela iraganean dagoen handitasun egiazkoa eta purua, edo Frantziaren oraina eta esperantzak. Aitzitik. gure urrikalmendua are samurragoa eta are biziagoa eiki da noiz eta ongi gehiago ikusten baitugu gure urrikalmenduaren objektu den izaera horretan, eta preseski urrikalmenduak asko laguntzen gaitu ongi hori deskubritzen. Kristau batek Kristo kurutzearen gainean irudikatzen duenean, Kristoren perfekzioaren sentimentuak ez dio urrikalmendua tipitzen, eta alderantzizkoa ere egia da. Baina bestaldetik, urrakalmenduzko amodio horrek begiak idekirik atxik ditzake, disimulaziorik eta uzkurtasunik gabe, iraganean, orainean eta herriaren apetituetan edukiak diren injustizia, krudelkaria, erru, krimen eta ahalgeen gainean. Urrikalmenduaren objektibitate horrek ez du amodioa tipitzen, ez du saminagoa baizik bihurtzen. Urrikalmendurako, krimena bera bada arrazoi bat ez urruntzeko baina hurbiltzeko eta partekatzeko ez erruduntasuna baizik eta ahalgea. Gizonen krimenek ez dute Kristoren urrikalmendua tipitu. Horrela urrikalmenduak begiak idekiak datxikizka ongiaren eta gaizkiaren gainean, eta maitatzeko arrazoiak aurkitzen ditu eta batean eta bestean. Behere honetan egia eta justua den amodio bakarra da.

Gaurko, frantsesei johan zaien amodio bakarra da. Iragan berri ditugun gertakariek ez badute lortu guri ulertaraztea patria maitatzeko modua aldatu behar dugula, zein ikasbidek ordea ulertaraziko digu? Zerk digu arreta gehiago iratzarriko ezen ez eta borra kaska batek burua gainean.

Momentu honetan, patriaren alderako urrikalmendua da sentimentu bakarra soinu makurra jotzen ez duena; frantsesen arimak eta gorputzak dauden egoerari gehien egokitzen zaiona, zorigaitzean egokiak diren umilitatea eta duintasuna, bata eta bestea dauzkana, baita zorigaitzak ororen gainetik exigitzen duen sinplizitatea ere. Momentu honetan, ospatzea Frantziaren handitasun historikoa, bere arrakasta iraganak eta etortzekoak, bere existentzia inguratua izan den distira, hori guzia ezinezkoa da barruko zurruntze bezalako postura bat hartu gabe, gure tonuari halako bortxatu aire zerbait emaiten diona. Dohakabeei, deus ez zaie egokitzen ahal urgulutsu dirudienik.

Sofritzen duten frantsesentzat handitasun historikoaren goraipatzea konpentsatsioen kategorian[1] sartzen da.

Zorigaitzean garenean, konpentsatsioak xerkatzea gaizki da. Goraipatze joera hori usuegi errepikatua baldinbada, asebetetze iturri bakartzat eskainia baldinbada, neurrigabeko kaltea egin dezake. Frantsesak handitasunaz gose hamikatuak dira. Baina dohakabeek ez dute handitasun erromatarra behar; edo burla iduri zaie edo haien arima pozoinatzen die, Alemaniarrei gertatu zitzaien bezala.

Frantziarentzat urrikalmendua ez da konpentsatsio bat, baina nozituriko sofrikarioen izpiritutze bat, itxuralda ditzakeena sofrikario fisikoenak ere, hotza, gosea. Hotz duenak eta gose denak, eta bere buruaz urrikaltzera tentatua denak, horren ordez bere urrikalmendua Frantziarengana zuzen dezake bere gorputz propio zurrunduari esker. Aragiaren bidez, bada, hotzak eta goseak berek Frantziarenganako amodioa sarrarazten dute arimaren zolaraino. Eta urrikalmendu horrek mugak zeharka ditzake eragozpenik gabe, heda daiteke herri dohakabe guzietara, herri guzietara salbuespenik gabe; izan ere giza-populazio guziak gure kondizioaren miseriei menderatuak baitira. Handitasun nazionalaren urgulua izaeraz esklusiboa delarik, mugen gainetik transmitiezina, aldiz urrikalmendua unibertsala da izaeraz; bakarrik urrikalmendua birtualagoa dateke herri urrun eta arrotzentzako, eta errealagoa, haragizkoagoa, odolez, malkoez eta kemen eraginkorrez kargatuagoa herri hurbilentzako.

Urgulu nazionala eguneroko bizitzatik urrun dago. Frantzian, hau ezin da adierazi erresistentzian baizik; baina anitzek, edo ez dute erresistentzian zinez parte hartzeko aukerarik edo ez diote erresistentziari denbora guzia kontsakratzen. Frantziaren alderako urrikalmendua da mobil bat besteak bezain kementsua erresistentzia ekintzarako, baina gainera eduki dezake eguneroko adierazbide bat, etengabekoa, edozein aukera motatan, baita arruntenetan ere, frantsesen arteko anaitasun sentimentu bati esker. Anaitasuna errazki ernatzen da zorigaitz baten karietarako urrikalmenduan, zeinak, bakoitzari bere zorigaitz partea eragiteaz gain, arriskuan jartzen baitu bakoitzaren ongizatea baino askoz preziatuagoko zerbait. Dela aberastasunean, dela zorigaitzean urgulu nazioanala ez da gai sorrarazteko hori bezalako anaitasun sentimentu erreala eta beroa. Anaitasunik ez zegoen Erromatarren artean. Haiek sentimentu samurrak ez zituzten ezagutzen.

Urrikalmenduak inspiraturiko patriotismoak populuaren parte pobreenari emaiten dio posizio moral pribilegiatu bat. Behereko geruza sozialetan handitasun nazionalaren ideia pizgarri bat izan daiteke soilik kasu batean: norberak, herriaren ospearekin batera, espero izaiten ahal duelarik parte bat pertsonala nahi izan dezakeen bezain zabala. Horrela izan zen Napoleonen erreinuaren hasieran. Orduan Frantziako edozein mutiko gaztek, edozein auzotan sorturik ere, bazeukan bihotzean aukera etorkizunerako edozein amets edukitzeko, Ez zegoen absurdu izan zitekeen anbizio handirik. Ba eiki zekiten anbizio guziak ez zirela burutuak izanen, baina amets bakoitzak berez hartuta burutua izaiteko aukera zeukan, eta amets anitzek bazuten bederen partzialki burutuak izaiteko aukera. Orduko dokumentu batek berresten du Napoleonaren ospeak gutiago zor ziola frantsesen enperadorea zerbitzatu nahiari ezen ez eta harek eskaintzen zizkien gizartean igotzeko aukerei eta karera egiteko aukerei. Hau da preseski «Le Rouge et le Noir» nobelan agertzen den zirrara. Erromantikoak ez ziren aspertzen ziren gazteak baizik, haien aurrean aintzinamendu sozial mugagabe aukerarik ez baitzuten gehiago ikusten. Eta horregatik aintzinamendu horren ordez ospea literaturan bilatu zuten.

Baina erromantikoen pizgarri erromantiko hori ezin da existitu garai nahasietan baizik. Eta ezin da inolaz ere erran pizgarri egokia den populuarentzat populu denaz bezainbatean. Izan ere pizgarri horrek eragiten duen gizon orok populutik ateratzea du amesten bere buruarentzat, kondizio herrikoia definitzen duen izengabetasunetik ateratzea du amesten bere buruarentzat. Anbizio mota hau anitz zabaldua dagoenean, egoera sozial nahasi baten ondorioa da, baita nahasmendu larrien kausa ere; zeren eta anbizio mota horrentzat gizartearen egonkortasuna eragozpen bat baita. Pizgarri bat izanda ere, ezin da erran anbizio mota hori zerbait on denik arimarentzat ezta herriarentzat ere. Izan liteke anbizio mota honen pizgarri horrek toki zabala edukitzea oraingo erresistentzia mugimendu honetan. Izan ere, Frantziaren etorkizunari dagokionez, ilusioa errazki onartua dago, eta etorkizun pertsonalari dagokionez, iraultza ezkutuko egoeran dagoen Frantzia honetan, danjerren artean frogak eman dituen edonork edozer espero dezake. Baina horrela bada lanjer izigarria dago berreraikitze garairako, eta urgente da anbizio mota horren ordez beste pizgarri bat aurkitzea.

[1] Gaur erran dezakegu “drogen kategorian”

[Simone Weil] Erroztamendua Eta Nazioa XXII

Uztariztarra, Uztaritze-Olaberriako kooperatibista jubilatua