Hitz egin dezagun Nafarroaz eta nafarrez

Hitz egin dezagun Nafarroaz eta nafarrez –

TxostenaJoan den ekainean, gure izenpean, Eusko Ikaskuntzak Aniztasuna eta bizikidetza Nafarroan. Euskara eta nazio identitateak izeneko liburua argitaratu zuen (web orrian deskarga ikusgai). Ikerketa horretan defendatzen da Nafarroan euskal eta espainiar nazionalismoen arteko azpiko lehia nazional estua dagoela, eta borroka hori bereziki euskararen inguruan gauzatzen dela. Eta aurreikusi zitekeenez, gure lanak sortutako erreakzio gehienak gai gatazkatsu horretan zentratu dira, baina norabide guztiz kontrajarrietan. Zenbait zehaztapen egin nahiko genituzke.

Lau urtez ondu dugun ikerketa Nafarroan oso ezaugarri desberdineko (geografikoak, belaunaldiartekoak, politikoak eta ideologikoak) hainbat sektoretan jaso ditugun iritzietan eta jarreretan oinarritzen da funtsean. Ahal izan dugun neurrian, gure lana Nafarroako herritarren sentimendua biltzea eta aztertzea izan da, eta hori dena Nafarroako elkarteen munduko eta esparru akademikoko adituekin kontrastatzen saiatu gara denbora guztian. Orotara, berrehun pertsonak baino gehiagok hartu du parte gure prozesuan. Garrantzi berezia ematen diogu horri, kontuan hartzeko moduko lagina osatu dela uste baitugu. Esaten denaren zati handi bat Nafarroako gizon eta emakume askoren iritzia besterik ez da, batzuetan hainbat datu estatistikoren bidez kuantifikatua.

Iritzi horiek ederki irudikatzen dute Nafarroako herritarrek, oro har, adierazten duten ezinegona hain etsaitua eta polarizatua dagoen giro politikoaren aurrean. Era berean, eta paradoxa bada ere, behin baino gehiagotan pertsona horiexek dira beste aldeari minduta egoteko arrazoirik izan dezaketela ukatzen diotenak. Ondoez horren analisiak eta inplikazioek gidatu dute gure azterlana, bi alderditan zentratuta bereziki: ideologikoa eta politikoa.

Arlo ideologikotik nabarmendu nahi dugu zein zabalduta dagoen benetako nafartasunaren elkarrekiko ukapena. Espainiar nazionalismoak uste du abertzaleen jarrerek Euskal Herri barruko bultzadari erantzuten diotela soilik, eta euskal nazionalismoak, berriz, uste du nabarrismo erregionalistak edo konstituzionalistak espainiar bultzada hutsari erantzuten diotela. Hau da, alde batek uste du bestea euskal herritarra dela esentzian, eta besteak, aldiz, besteak espainiarrak direla esentzian. Elkarri zilegitasuna kentzen diote, hortaz. Non dago nafartasuna? Lanean diogunez, ez dirudi Nafarroako identitate bakar bati buruz hitz egin daitekeenik. Nafar sentimendu sendoa dago, hori bai -jendea harro sentitzen da nafarra izateaz-, baina ia beti Espainiari zein Euskal Herriari lotua. Bizikidetza demokratikorako oztopoak argiak dira: bi ideologia eta sentimendu horiek zilegi dira demokrazian, baina nola eztabaidatu Nafarroari buruz, beste aldea ez dela benetan nafarra uste badugu?

Arlo politikoari dagokionez orain, alderdi politikoek beren erosotasun eremu erlatibotik irteteko eta jarraitzaileen atxikimendua zalantzan ipintzeko inolako mugimendurik egiteko interesik ez izateak ere bere inplikazioak ditu, eta era horretara, euskara Nafarroako konfrontazio sozial eta politikoaren tresna nagusietako bat bihurtu da. Euskal nazionalismoak euskara babesten du bere ideologiaren esentzian dagoelako, eta uste duelako euskara zabaltzeak hauteskunde etekin logikoa ekarriko diola. Espainiar nazionalismoa, aldiz, euskarari ematen dion babesa mugatzen saiatzen da, ez delako esentziala bere ideologian (gaztelera da), eta euskararekin batera boto abertzalea handituko dela pentsatzen duelako. Gure azterlanean saiatu gara frogatzen ez dagoela euskararen eta boto politikoaren arteko kausazko harremanik, eta uste dugu puntu hori argitzeak erlatibizatu dezakeela nolabait euskararen inguruko eztabaida politikoa. Zalantzarik ez, hori lortzea onuragarria izango litzateke bai euskararentzat, eta bai errespetuzko giro sozial egokiagoa eraikitzeko.

Ez dugu epaileen papera hartu nahi izan, eta ez dugu uste Eusko Ikaskuntzaren zeregina ere hori denik. Gure eginkizuna izan da, batetik, Nafarroako herritarren iritziak jasotzea; eta, bestetik, proposamen edo jarrera jakin batzuek politikan zein administrazioan izan ditzaketen inplikazioez edo ondorioez ohartaraztea. Ez dagokigu jarraitu beharreko politikak ezartzea, argi dago, baina azaldu behar dugu demokrazian ezinbestekoa dela berdintasunaren bilaketa aniztasunaren errespetuarekin lotzea. Hortik abiatuta, ohartarazi dezakegu, adibidez, euskararen ofizialtasunaren inguruan dauden inkongruentziez, berdintasun irizpidetik ikusita; edo espainiar eta euskal nazionalismoek hizkuntzari ematen dioten berebiziko garrantziak bide itsura garamatzala; edo, esan bezala, euskararen ezagutza areagotzeak ez dakarrela berarekin euskal nazionalismoaren zabalpena.

Hausnarketa arrazionala eta ez hain biszerala behar da. Premiazkoa iruditzen zaigu ideia horiek guztiak giro lasaiago batean aurrez aurre jarri ahal izatea, eta hori bakarrik lortu daiteke gutxieneko konfiantza maila erdietsita, bai herritarren arteko harremanetan zein herritarrak eta Administrazioaren artekoetan. Eta hala uste dugu entzun ditugun nafar gehienek hala adierazi digutelako. Laburbilduz, Eusko Ikaskuntzaren azterlan honek Nafarroako gizartean kultura demokratikoa sendotzen laguntzeko saio bat izan nahi du.

Txoli Mateos, Amaia Nausia eta Julen Zabalo

Eusko Ikaskuntzaren “Aniztasunaren kudeaketa demokratikoa Nafarroan: bizikidetza” proiektuaren Talde Eragileko kideak

Hitz egin dezagun Nafarroaz eta nafarrez