Historiatik ezabatu gintuzten, baina hemen gara
Historiatik ezabatu gintuzten, baina hemen gara –
Etiketek beldurtzen naute, kortseak dakarzkidate gogora; arnastea zailtzen duten heinean. Egia da, ordea, errazegi etiketatzen ditugula besteak, di-da batean janzten dizkiegula kortseak, inongo erreparorik gabe. Halere, etiketei aitortu behar diet dohain bat: ziurtasuna, hain zuzen ere; gaitasuna burua tente eta begirada aurrera joateko, segurtasun eremu bat munduaren aurrean, presentzia bat. Ezkertiar, komunista, anarkista, ahul, feminista, atzerakoia, burugogorra, tristea, sentibera, langilea, zorrotza, alferra, zuhurra, alaia… Jarrai dezakegu kortseak janzten eta eransten, infinituraino.
Emakume baserritarren gainean eraikitako etiketak asko izan dira historian zehar; baina, etiketa ezak zulo beltza sortu dit barrenean, azken hilabeteotan.
Gure familiaren historian atzera eginez gero, amona Juanarekin egiten dut topo –aitaren amarekin–. Antza, gure birraitona gizon gogorra zen, eta txikitatik ikasi zuen amonak behiak mendira eramaten eta baserriko gainontzeko lanetan. Bizimodu gogorra izan zuen beti, lan asko egin behar semeak aurrera ateratzeko. Azken urteak Galizan pasatu zituen, eta gidari mozkor batek harrapatu zuen behi-gurdiaren aurrean zihoala. Amona eta behietako bat bertan hil ziren, granitozko itxitura baten kontra.
Gure amaren etxean ere, behiak zituzten, besteak beste. Amak 16 bat urte zituela, ukuiluan ziren, eta etxeko idiak atzera egin eta ama lurrera bota zuen. Nahasmendu horretan, idiak gure amaren gainean pausatu zuen hanka, eta bular eta saihets aldeko barrualdeak zanpatu egin zizkion; larri egon zen. Gerora ere, jarraitu zuen baserriko lanetan, baita behi artean ere.
Zenbaitetan hunkitzen nau haiengan pentsatzeak, haiek bizitakoak irudikatzeak, eta euren eskuek egiten zuten moduan, malkoek ere laztantzen didate aurpegia, goxo eta latz. Bat-batean, eurekin bat eginda sentitzen dut neure burua, eta ez da odol kontua baizik eta sentitzea haiek bezala neu ere baserritarra naizela, bizimodua baserrian egiten dudala.
Eurekin lotuta nagoen neurri berean nago lotuta historian zehar baserrietan lan egin duten emakume guzti-guztiekin –lan egiten duten emakume guzti-guztiekin–. Eta miresmen ezin sakonagoa sentitzen dut pentsatzen dudanean gerra garaietan zenbat baserritan ez ote ziren emakumeak bakarrik geratuko guztiaren arduradun –abereak, umeak, etxea, zaharrak, baratzea…–. Errespetu ezin sakonagoa sentitzen dut esku horiekiko, lur eta simaurra zapaldu zituzten oin horiekiko, lixiba egiten sortu ziren urratu horiekiko, lanak laztutako azal harekiko…
Azaroan EHKOlektiboko artzain taldean 9 bat etxetako emakume artzainak bildu ginen –eta bi artzain gizonezko–, Amenduzen. Helburua zen hausnartzea gure lanaz, horrek artaldearen maneiuan duen eraginaz, etxaldeen martxan duen isla, etxetik kanpo dugun presentziaz… Erretiroa urruti ez duen artzain batek egindako aipu batek eman zidan zer pentsatu. Berak kontatu zuenez, abere kontuak ere emakume kontuak ziren, are gehiago, ardiak abere txikitzat hartzen ziren, eta emakumeen ardura omen. Mekanizazioaren etorrerarekin, ordea, emakumeok albo batera geratu ziren; mekanika kontuak gizonen kontuak baitziren. Baserritar, artzain edo behizain ona izateak bazuen neurgailu berria: mekanika. Hortaz, nahiz eta artaldearen egoera ezin txarragoa izan, artzain handia zen traktore eta bestelako traste handiak zituenak. Ezin finagoa izan zintezke abereekin, baina ez zintuzten baloratzen gasolina usaina ez bazenuen. Gaur arte.
Gaur egun ere artzainak garela esaten dugunean, lehendabiziko galderetako bat izaten da “Eta traktorea gidatzen al duzu?” Zer ikusia du ardia ulertzea eta zaintzen jakiteak traktorearekin? Makina horrekin moldatzeak ziurtatzen al dizu artaldea egoera onean izatea? Jakina, zenbait lan errazago egin ahal izango dira traktorea erabilita; baina horrek ez zaitu artzain egiten, sentitzen dut.
Gasolina usainak estali egin ditu simaurra eta artilea. Ikusezin bilakatu gintuzten eta ikusezin jarraitzen dugu. Historiatik ezabatu egin gaituzte. Ez dugu etiketarik, harik eta geure lekua aldarrikatzen dugun arte. Orduan, hasten dira kortseak herrenkadan etortzen, eta gehienetan dira itolarria ematen duten horietakoak. Eta itotzear zauden horretan, konturatzen zara existitzera pasatu zarela, ikusgarria bilakatu zarela, euren begiak zeure gainean pausatzen direla beste modu batean. Eurentzat ere utzi egin diozula artzain-gizonaren emazte, laguntzaile eta makulu izateari. Agian, emakume-artzain feminista, ezkertiar, zorrotza eta burugogorra izatera pasatu zarela. Eta? Burua tente, munduaren aurrean baduzu presentzia bat eta segurtasun eremua eraikita. Arnasa sakon hartzen duzu, eta badoaz kortseak haizea hartzera.
Ez dut gaurkoa bukatu nahi Dominika Arrizabalaga aipatu gabe. Dominika izeneko dokumentalean –Aitor Gisasola eta Fredi Paia– Eli Arrillaga artzainak ederki kontatzen du bere ibilbidea eta Dominikaren berri ematen digu. Diotenez, Urbian dauden txabola guztiek dute gizon izena –edota toponimikoak–, bat izan ezik: Dominika. Bere senarrarekin batera egiten zuen lan artzain; 58 urterekin senarra hil zitzaion, eta berak artzaintzan jarraitu zuen urtetan. Beste txaboletan ez al zegoen emazterik artzain txabolak bere izena har zezan? Ez du erantzunik behar.
Idatzi honetara amona Juana, ama, Ttele, Dominika eta Eli ekarri ditut, baina askoz gehiago dira –gara– hitz jario honen atzean dauden –gauden– emakume baserritarrak, emakume artzainak. Beti izan gara hor, historia egiten; inoiz ez diogu gure lana egiteari utzi. Baginen eta bagara, guri esker ere jan zutelako eta jaten duzuelako.
PD. Eguerdi batean, Patrirenean, Mugaldekoek oparitu ziguten euren azken lan zoragarria. Baserri munduak badu bere tokia, eta emakume baserritarrok ere bai. Mila esker, bihotzez, Mugaldekoei eta Pettiri opari eder honengatik.
.
Emazteki langilea zinen
Lana gogor bizkarrean
Emazteki langilea zara
Etxean edo kanpoan
Mundua mundu denetik
zurekin dago zorretan.
.
Zure baitako indarra
Ez da berdintzerik
Bizitzaren harri kozkorrak
Legar bihurturik
Beti kementsu
Lan ta lan laketurik
Zure ahalegina ordea
Ez da aski aintzat harturik.
.
Bizitza erdia erditzen
Lana ez zen inoiz kezka
Hamabi ume hazita
Egin beharrez gainezka
Eta baserrian
Besta e(g)unik ez ba
ziztu baten bizitza
Partitu zen lasterka.
.
Emazteki langilea zinen
Lana gogor bizkarrean
Emazteki langilea zara
Etxean edo kanpoan
Mundua mundu denetik
zurekin dago zorretan.
Emazteki…