Zenbatetik behin aldatzen dituzue izarak?

Zenbatetik behin aldatzen dituzue izarak?

Zenbatetik behin aldatzen dituzue izarak?Aldameneko bizilaguna, bakarrik bizi den andre jubilatu bat, garbi dagoen lurra garbitzen duen horietakoa da. Gustatu egiten zait berarekin etxeko-lanen inguruan marujeatzea: landare hau nola zaintzen den, kamiseta horitua zuritzeko sistema hoberena zein den edo perrexil txikitua izozkailuan ondo kontserbatzen den galdetzen ibiltzen naiz. Inportantea baita hori dena jakitea. Hori dena ere kultura da, aizuek. Ironiarik gabe diot.

Kultura hori etxean jasotzen hasten gara, baina behin habia utzita pisu/bikote-kideen jakinduriarekin konpondu behar izaten gara ikasten jarraitzeko. Ordea, jakinduria hau galtzen doa emakumeen lanaldi bikoitzak gure begi-zuloak handitzen dituen abiaduran. Nork dauka gaur egun energia eta denbora lixiba guztia (kuleroak barne lehen askok egiten zuten bezala) plantxatzeko? Ez al zaigu errazagoa egiten kamisetako zuloa josi baino, berri bat erostea? Edo hozkailuko limoi erdi abandonatua zaborretara botatzea, hau aprobetxatzeko ondo antolatu beharrean? Zeharo analfabetatzen ari gara konturatu gabe.

Arazoa ez da soilik transmisio falta. Kontua da inori ez zaiola axola, axola duten gauzak gizonezkoen neurrira finkatzen direlako. Apenas hitz egiten den etxeko lanez gizon-emakumeak dauden plaza publikoetan: sare sozialetan, telebista programa mainstreametan, gizonen literatura “unibertsalean” (LOL). Etxeko lanei buruzko elkarrizketak Elkarrizketen Interes Mailaren Piramidearen (bale bai, oraintxe asmatu dut) estratu baxuenean daude. Eguraldiari edo prentsa arrosari buruzko elkarrizketak baino baxuago, futboleko fitxaje eta traizioak baino askoz (kilometroak!) beherago. Bizirik, ondo elikatuta, garbi eta txukun mantentzea berez gertatzen den zerbait dela ematen du hala. Fenomeno natural bat.

Egunotan M-8ko grebaren harira zaintzari buruzko eztabaidak areagotu dira etxeetan eta whatsapp taldeetan. Harriduraz konturatu naiz gizonezko bikotekidea duten nire emakumezko lagunetatik zenbat dauden kokoteraino etxearen (bizitzaren) zama euren gain dagoelako. Hogeitahamapiko urteko bikote progreak dira. Gizonezkoak kexu dira bikotekideak “zorrotzegiak” direlako, eta andreek esfortzu handia egiten dute perfekzio maila jaitsi baina era berean tolestu beharreko lixiba amaigabeen entropian ez galtzeko. Mutilek diote gauza batzuk egitea ez dela beharrezkoa. Adibidez, ontziak zikindu ahala garbitzea. Zertarako estresatu? Egingo da geroago. “Egingo da”.

Badaude zaintza-alfabetizazio maila bera duten eta beraz arkadia zoriontsu batean bizi diren pisu/bikote-kideak. Susmoa dut sexu bereko pertsonen bizikidetzan gertatzen dela (ez dakit). Galdera da: non dago neurria? Zer da gutxienekoa eta zer da perfekzionismoa? Zein da erreferentzia?

Zaintza-kulturaz askoz gehiago hitz egiten ez badugu, nekez hartuko diogu neurri justuago bat eta nekez hasiko gara ikusten agian gure ustez garbi dagoena, ez dagoela hain hain garbi. Nire bizilagunaren lurra bezala. Etxean liburu bat bera ere ez du, baina zinez kultua da. Ironiarik gabe diot.

Photo by Nationaal Archief

Zenbatetik behin aldatzen dituzue izarak?

9 pentsamendu “Zenbatetik behin aldatzen dituzue izarak?”-ri buruz

  • “Marujeatzea” denbora-pasa interesgarria denik ez dut ukatuko, baina Eskola gramatika hartu eta hizkuntza hobeto menderatzeak ez liguke kalterik egingo.
    Hala ohartuko ginateke -tik atzizkia “nondik” adierazteko erabiltzen dela. “Zenbatetik”-ek ez duela ez buru ez hankarik alegia. Ez al da “noizean behin” esaten? NoizEAN baldin bada, zenbatEAN izan beharko du, ezta?
    Beste adibide bat nahi? Konpondu aditzak, matxuratuta dagoen zerbait berriz ere erabilgarri jartzea esan nahi du. “Habia utzita pisu/bikote-kideen jakinduriarekin konpondu behar izaten gara”. Gaztelania literala ehuneko ehunean. Zorioinez (edo zoritxarrez) euskara hori baino konplexuagoa da. Jakinduriak moldatu, adostu, erkatu, egin litezke. Konpondu ordea…

    • Maialen Lizarralde 2018-03-20 10:39

      Kaixo!
      Lehenengo zuzenketari dagokionez, hemen erreferentzia bat: https://twitter.com/elhuyarhizk/status/690111648023982080
      Bigarrenaren inguruan, testuan erabiltzen dudan adiera Elhuyarrek jasotzen du: http://www.euskadi.eus/ab34aElhuyarHiztegiaWar/ab34ahiztegia/konpondu*/E/Heu121597_0
      3 da ad. arreglarse, apañarse
      autorik gabe ere konpon gaitezke: podemos arreglarnos sin coche

      Hortik aurrera, gustu eta sentsibilitate kontua da kasu hauetan nire ustez.

      • zenbatetatiK 2018-03-25 20:39

        Lafitteren gramatikaren arabera oraindik sinpleago da :

        ZORTZITIK, tous les huit jours
        HAMABORTZETIK, tous les quinze jours
        ILHABETHETIK, tous les mois
        Il semble qu’il y ait ellipse: l’idée est sans doute: ZORTZITIK ZORTZIRA.

        Baina, zergatik sinple egin konplikatu egin daitekenean?

        • zenbatetatiK ez: ZENBATETARIK 2018-03-25 20:49

          Huts egina barkatu, galderetan “ZENBATETARIK?” esaten dela uste dut

    • Buf. Bertzeren kontra artaziak zorroztu ordez, hobe genuke geure golkora begiratu.

      “Konpondu” dela eta, erantzun dizute. “ZenbaTETIK behin”, bertzetik, zeharo jatorra da, “noiZIK behin” edo “noiz(E)TIK behin” jatorrak diren bezala, tradizioan eta hiztegietan jasota daudenez. Aukera probesten dut zure testuan zuzenketa bi egiteko, koma nola zuzen erabili:

      a) “Konpondu aditzak, matxuratuta dagoen zerbait berriz ere erabilgarri jartzea esan nahi du.” Hemen koma hori soberan duzu.

      b) ” Konpondu ordea…” Hemen, berriz, faltan: “Konpondu, ordea…”

      Ez horregatik.

  • Juan Inazio Hartsuaga 2018-03-20 13:22

    Sen hutsetik mintzatuta eta inor zuzentzeko ez asmorik eta ez gaitasunik ere ez dudala aurrez aitortuta, “zenbatetik behin” horrek arraro eman dit belarrian niri ere. “Zenbatero” ez al da forma ohikoagoa? Sen hutsetik berriz ere, gustagarriago egiten zait “moldatu”, nahiz eta “arreglarse” adiera, “hor konpon!” ezin jatorragoan bete-betean dagoen.
    Dena den, norbaitek artikulu bat idazteko lana hartzen duenean, kortesiazkoa deritzot iruzkin bat egiterakoan, filologiaz haratago, edukiaz ere zerbait esateari. Eta hauxe dut esateko: joan den astean, espainiar kazeta batean irakurri nuen albiste batek, zera erkatzen zuen, Europan zehar, etxeko lanetan emakumeek gizonezkoei sartutako ordu kopuruan ateratzen zieten aldea. Emaitzak ez ziren harrigarriak, eta alderik urriena Suedian gertatzen zen. Bertan, bataz beste, astean lau ordu gehiago sartzen zituzten etxeko lanak egiten emakumeek gizonek baino. Harrigarria, ordea, beste hau iruditu zitzaidan: suediar gizonek astean sartzen zuten ordu kopuru hori, espainiar gizonek sartzen zutena baino txikiagoa zela. Maialenen artikuluak plazaratzen duen debaterako datu interesgarria, ezta?

  • Gramatika alde batera utzita, idatziarekin guztiz ados nago. Gizonezkoek lan erreproduktiboei garrantzia eman eta inplikatu behar direla-eta, azkenan inork ez dio garrantzia ematen. Ondorioz, lan produktiboaren kalitatea gora doan heinean, ezertarako denborarik ez dugu, etxeko lanen kaliltatea behera doa eta denok, denbora faltan, estresatuta bizi gara.

    Bakarrik esan, nik gaur egungo emakume gazteen jarrera hori ez dudala guztiz sinesten. Hau da, nesken artean oso erosoa iruditzen zait haiek mutilez gaizki hitz egitea. Mutilen artean gertatzen den bezala. Baina nago errealitatea nahiko bestelakoa dela askotan.
    Etxean askorik egiten ez duten neskak (alperkeriaz, ez posizio politiko gisa) ezagutu ditut lan erreproduktiboen banaketaren bandera hartzen dutenak. Beren burua feministatzat izanik, soilik lemak barneraturik.

  • Maialen Lizarralde 2018-03-21 11:00

    Tira, baina orduan zuek zenbatetik behin aldatzen dituzue izarak?? Arropa zuria eta koloreetakoa bereiz garbitzen dituzue? Sukaldeko armairu barruak noiz garbitzen dituzue? Porruaren zati berdeena aprobetxatzen al duzue? Erosketa-orga, telazko poltsak ala plastikozkoak, zein nahiago? #marujeoa

    • – 3 astetik behin ggb.
      – Bai, orain dela gutxitik. Kosta zait mentalizatzea.
      – Etxealdaketa tokatzen denean.
      – Nola??
      – Karroa.
      🙂
      Eta landareak hiltzen zaizkit, ez dut arropa lixatzen eta ez ditut zuloak konpontzen.
      Hori bai, janari oso gutxi botatzen dut eta ontziak zikindu ahala garbitzen ditut.