Historian aztarna utzi duen emakumea
Hedabideen kontsumitzaile aktibo zein pasibook jakingo duzuen lez, -edota jai bat galtzen ez duzuenok- historikoa izan da aurtengo Antzar Jokoaren edizioa. 300.a izan da hain zuzen ere, eta hiru mendetan zehar entzutetsuena izan dena da, edizio hau eta 2009koa, azken hau zoritxarrez, hainbat istilu eta atxiloketa jazo ziren urtea izan zelako. Baina beno, gozen arira.
Orain dela asko ospatzen den eguna da Antzarrarena, lehen kostako zein barruko herri askotan egiten zen ospakizuna. Itsas gizonen denbora pasa bezala hasi zela diote batzuk, beste ahoren batek apustu bat bezala hasi zela esan arren. Denboraren poderioz ohitura bilakatu den jokoa, Lekeitiotik at beste leku batzuetan egin arren –Ondarroa, Algorta…- ezagunena herri horretakoa da.
Harrapatzaile bezala neska gehien aurkeztu den urtea izan da 2012a, nabarmentzekoa da 300 urtetan zehar gorakada hori eman izana, baita poztekoa ere. Baina beste jazoera bat izan da edizio hau errekor bilakatzea eragin zuena. Hiru mendetan, emakume batek irabazi duen Antzar Jokoa izan baita urte honetakoa.
Maria Larruscain, 23 urteko bilbotarra izan da herri txiki hartako ohitura handian historia egin duen harrapatzailea. Antzarraren bila zioan lehen aldia izan zen, zortzi urte arraunlari edota animatzaile bezala joan ostean. Hiru altzada egin zituen, eta “kokota” (lepoa) lortu. Parte hartzaile guztien artean, altzada gehien egin zituena (beste urte batzuetan 10etik gora egin izan dira, baina antolatzaileek esandakoaren arabera, aurtengo antzarrak errazago puskatzen ziren) iza zen, eta horrek eramaten du lehen saria, altzada gehien egin eta epoa mozten duenak.
Ingenieritza Industriala ari da ikasten Maria Bilbon, eta jaio zenetik gaur egun arteko uda guztiak Lekeition pasatu ditu, bere aitona-amonek egin bezala. Betidanik ospatu izan du Antzar Eguna, eta nahiz eta neska honek egin duena entzutetsua izan, nik egindakoa egin dioten bigarren elkarrizketa bakarrik omen da.
“Eixuputz deitzen da gure potina, eta duela zortzi urte erosi genuen nik eta nire Lekeitioko kuadrilak, denbora haietan neskez bakarrik osatutako bakarrenetarikoak ginela uste dut, bakarrak ez esatearren”, oroitzen du gazteak. Urte bakoitzean euretako bat joaten da antzarraren bila, eta urte honetan taldean joan ez zirenetako gutxien artean bera zegoela ikusirik, bere txanda iritsi zela erabaki eta bera izatea erabaki zuen dzi-dza batean.
”Nire ikara handiena ez zen kolperen bat hartzea edo horrelako zerbait, antzarrak lehen tirakadan ihes egitea baizik”
Egun handia gerturatu ahala urduriago jartzen zen Maria, egun hartan gertatu litekeenaz pentsatzen. “Gauzak nola joango diren imajinatzen hasten zara, eta ez daukazu besterik buruan. Nire ikara handiena ez zen kolperen bat hartzea edo horrelako zerbait, antzarrak lehen tirakadan ihes egitea baizik”, azaltzen du bilbotarrak egun hori atzo izan balitz bezala gogoratuz. Dena ongi egin behar izanaren ardura sentitzen zuen, ezin zuela huts egin, nahiz eta hori gertatuz gero lagunek berdin animatuko zutela argi izan. “Baina beno, dena joan zen ondo, oraindik ez naiz egin dudanaren jabe, ez nuen espero inondik inora ere”, dio oraindik ere sinetsiko ez balu bezala.
Mariak badaki historian zantzu bat utzi duela, 300 urtetako joko batean errekorra egin duela. Eta pozten da. Harro dago bere buruaz. “Sorpresa eraman nuen esan zidatenean, ezin nuen sinetsi, oso pozik nago neska baten izena hainbat mendetako zerrendan sartu izanagatik, baina beno, guzti hori arraunean joan zirenek, patroiak, animatzen zutenek eta nik lortu genuen, guztion emaitza izan zen”, esaten du talde osoari erreferentzia eginez.
“Edonor engantxatuko lukeen sentsazioa da”
Bizipena berriro errepikatuko lukeela aitortzen du gazteak, nahiz eta kolpeak hartzen diren asko gustatu zitzaiola eta gehiagotan joango litzatekeela. “Edonor engantxatuko lukeen sentsazioa da, urduritasuna, dibertsioa eta emozioa”, horrela definitzen du antzarraren bila joatea antzarrari lepoa kendu eta gutxira galdu zuenak, nahiz eta lepo eta guzti igo txalupara, ospakizun artean galdu egin baitzuten.
Benetako antzarrak edota plastikozkoak jartzearen auziaren inguruan galdetzean, ez zuen iritzi argirik azaldu neskak, kontu hori antolatzaileek erabaki beharrekoa zela esan zuen. “Antolatzaileek ikusi beharreko gauza bat dela uste dut, beraiek begiratu beharko lukete bata ala bestea jartzearen aldeak, eta guk horien erabakia onartu eta jai egun hori ahalik eta hoberen ospatuko beharko genuke”, azaltzen du.
“Ziurrenik sekula ahaztuko ez duten esperientzietako bat”
Txapela bat eta 300 euro irabazi zituen Mariak, eta potina konpontzeaz aparte, kuadrilarekin afaritxo bat egiteko erabili zuten, egun hura ospatzeko, alegia. Afari hori, oraindik harrapatzaile bezala joan ez diren neskak parte hartzera animatzeko ere aprobetxatu zuen, Antzar Eguna bizitzeko beste era bat dela arrazoituz, “ziurrenik sekula ahaztuko ez duten esperientzietako bat”, berak esan bezala.