Herrialde Katalanak eta hizkuntza

 

Nola emaztea bartzelonarra dudan, lizentzi hartuko dut: azken egunotan zer esanik eman du-eta, goazen Katalunia eta bere hizkuntzari buruz aritzera, sinple sinple, Euskal Herria ere hizpide hartuta. Argi: konparazioak ez dira lehiaketa asmoz eginak, kontrasteak hobeto ulertzen lagunduko dutelakoan baizik.

Beharbada, esan litekeen lehenengo gauza da, bai Katalunia bai Euskal Herria nahiko herri arraroak direla. Bakoitza bere modura, halere: Euskal Herria arraroa da hizkuntza osoki galdu ez duelako, alegia, oraindik existitzen delako; eta Katalunia arraroa da, ba, estatu propiorik ez daukalako.  Nik behintzat, lurraldea ezagutu ahala hori pentsatu nuen, zuzen ala oker, lehenengoz: zer kristo ari dira hauek Espainian, hainbeste izanda?

Eta, boutade ez hain boutade honen ondoren, goazen apur bat serioago jartzera.

Euskarari eta katalanari dagokionez, bien artean badira aldeak. Euskara zortzirehunen bat mila lagunek ezagutzen  ei dute; katalanez mintzatzeko gai, berriz, 10 milioi inguru lagun dira –suediera hiztunak bezainbeste, adibidez.

Espainiatiko emigrazioa proportzioan antzekoa izan arren, bien ala bien frankismo ondorengo normalizazio bideak ere abiapuntu ezberdina izan du, euskaldunena katalanuniarrena baina bastante zailagoa, dena esan behar bada: Euskal Herrian atzo hasi ginen euskaraz idazten, eta gaur da eguna hizkuntza ordezkatu zen lurraldeetan, Araban, Iruñaldean, berriro euskaraz entzuten hasi dena. Euskal Herrian hizkuntzaren alde egin den lana mitologietan kontatzen den zerbaiten antzekoa da, beraz: sineskaitza: baina hemen gaude ta poztutzen gara. Herrialde Katalanetan esan liteke ez dela egon, oraingoz, lurralderik  hizkuntza galdu duenik, eta tradizio literario aberatsa du. Atera kontuak, Bernat Etxeparek bere bertsoak idatzi aurretik ere baziren irakurgai katalanez idatziriko zaldun ibiltariei buruzko abentura nobelak, hain zuzen, On Kixoteren eskutan izan ziren horietako batzuk.

Katalanez egiten dutenen artean gizarte sektore guztietako jendea aurkitu izan da bai lehen bai orain: erriberakoak, mendikoak nahiz izpazterrekoak; herrikoak, hirietakoak eta hiritzarretakoak; auzo dirudunetakoak eta auzo pobreetakoak; kirolariak, ijitoak, sukaldariak, politikariak. Bitxikeria gisa, egungo Frantziako barne sailburua, sozialista, katalanen semea da eta Bartzelonako lagunekin, klubik esklusiboenetan egiten dituen parranda horietan, darabilen hizkuntza katalana da, noski.

Itxura batean behintzat, lurraldetasunaren auziak ez ditu katalan abertzaleak –eta abertzale ez direnak, zer esanik ez-  gehiegi kezkatzen. Herrialde Katalanak, historiari begiratuz gero, bi zatitan bana daitezke: bere garaian mairuek kristauei konkistatu ezin izan zieten Katalunia Zaharra batetik eta, bestetik, bere garaian kristauek mairuei konkistatu  ahal izan zieten Katalunia Berria. Katalunia Berria Bartzelona paretik gorakoa da, Katalunia Berria, gainontzeko guztia. Zortzi zonaldetan esplika daitezke Herrialde Katalanak. Hauxetan: Rossellon, Kataluniako Printzerria, Balearrak, Valentzia, Alger, Franja eta Carche.  Ikus ditzagun banan bana.

Lurraldetasunaren auziak ez ditu katalan abertzaleak –eta abertzale ez direnak, zer esanik ez-  gehiegi kezkatzen.

Teorian, Rosellon gure Iparraldearen baliokidea litzateke, Frantziak beretzako daukan zatia. Ipar Euskal Herriak bezala, hirurehunen bat mila biztanle ditu. Horietako %40 baino gutxiago da katalanez egiteko gai. Ikastolen ereduari jarraiki, Rosellonen bressola izeneko  eskolak martxan dira 1993tik: 700 ikasle omen dituzte: horrela dago asuntoa.

Andorra estatu bat da eta katalana du hizkuntza ofizial. 80.000 bat mila biztanle, ama hizkuntza katalana dutenak %39 dira, espainola dutenak, %35, portugesa dutenak, %15 eta frantsesa dutenak %5 inguru. Hizkuntzarik erabiliena katalana da: %58 eta, atzetik, espainola %37.

Kataluniako Printziperria da herrialderik populatuena – 7 milioi inguru-, jo dezagun Euskal Herrian Bizkaia bezala edo, nahiago bada, EAE bezala. Hiriburua Bartzelona, milioi eta erdi biztanlerekin; Bartzelona inguruak, berriz, 5 milioi. Katalunian katalanaren ulermena %90etik gorakoa da eta hitz egiteko gaitasuna, berriz, %80tik gora.  Katalan hizkuntzarekin identifikatzen den populazioa %37 da; espainolarekin identifikatzen dena %45. Erabilerari dagokionez, %33k katalana, batez ere; %46k, batez ere, espainola eta %20k biak berdintsu. Batzelona inguruko biztanleen artean, dena den, gaztelera da %63ren hizkuntza eta katalana, berriz, %24rena. Lehen hezkuntza eta Bigarren hezkuntza katalanez ematen da; unibertsitate publikoetan, berriz, irakasleen esku dago zein hizkuntza erabili. Printzerriko parlamentuan erabiltzen den hizkuntza katalana da. Parlament-ean espainola orain dela gutxi sartu du plataforma deituriko talde txiki batek.

Valentzia toki berezia da; erdi aroan katalan kulturaren erdigune distiratsua izana,  gaur egungo administrazioaren barruan lurralde katalanak eta sekula katalanak izan ez direnak biltzen ditu. Alde horretatik Iparraldeari departamentuarekin egin zaion jokaldi antzekoaren aurrean gaude, kaikua bezain zaharra, baina eraginkorra. 5 milioi biztanle bizi dira, beraz. Antza, populazioaren %50-60 da katalanez hitz egiteko gai eta %80k ulertzen omen du. Valentzian gogor ari dira katalan nortasun sentimenduaren aurka, jakina denez, valentziar-espainola ospatuz. Besteak beste, Nafarroan bezala, Kataluniako telebistaren seinalea debekatu dute. Eta nortasun katalanaren aurkako joera hau bere fruituak ematen ari da, nonbait, gazteen artean: Katalanez dakiten gazteen %60k erabiltzen du hizkuntza familiarekin; %10ek baino gutxiagok lagunekin. Eskolan bi lerro izan dira urtetan: lerro katalana –“taldeak osatzeko lain jende izanez gero”- eta lerro espainola –beti-. Orain, PPren eskutik, bi lerro hauek bakarrera ekarri dituzte eta ingelesa gehitu diote. Beraz, lerro bakarra dago, trilinguea, teorian hizkuntza bakoitzari denboraren %33 eskainiko diona.

Balear Uharteetan 1 milioi lagun bizi dira. Uharteetatik kanpo arraro sentitzen omen dira, herriminez, pixka bat Xuberotarrak bezala. Beraiena da katalan dialektorik berezitsuena; zenbaiten ustez arkaikoena. Populazioaren 90%etik gora da hizkuntza ulertzeko gai; %77 hitz egiteko gai. Erabili, ostera, %45 inguruk. Lehen eta Bigarren hezkuntza, orain arte, behintzat, Printziperrian bezala, dena katalanez. Orain aldaketak omen datoz -txarrerako.

Eta bukatzeko Alger, Franja eta Carche. Alger, Franja eta Carxe pixka bat dira Euskal Herriko Eskiula bezala, lurralde “ofizialetik” kanpo geratzen diren katalan hiztunen lurraldeak. Alger Sardiniako hiritxo bat da, Errenteriaren tamainakoa, Mediterraneoa sakailatu zuen garai batetako Katalunia inperialtxoaren hondarra: %40k ezagutzen omen du katalana. Franja, berriz, Aragoak Kataluniarekin egiten duen mugarekin batera doan zerrenda da. Franjan 50.000 mila biztanle dira orotara eta populazioaren %90ek daki katalanez, nahiz eta horietako askok “chapurriau” egiten dutela uste. Azkenik Carxe, katalananez egiten den tokirik hegoaldekoena dugu, Murtzian, Jumilla jatorriko ardoen bazterra: 1950ena 3000 lagun omen ziren; orain 600. Murtzian katalana ofiziala ez den arren, Yecla izeneko herrian katalanezko klaseak eman izan omen dira 2008ra arte, udaletxeak hala eskatuta.

Holaxe ba, gaizki esanak barkatu eta ongi esanak kontuan hartu; eta aterako ditu bakoitzak bere ondorioak.

 

Herrialde Katalanak, hizkuntza, Katalunia

8 pentsamendu “Herrialde Katalanak eta hizkuntza”-ri buruz

  • Ez da plataforma, Ibai. Ciutadans da Parlament-en gazteleraz egiten hasi den taldea.

  • Martin Rezola 2012-09-21 09:45

    Oso interesgarria, Ibai. Dena den –eta aurrez nire ezjakintasuna aitortuta–, aldeak alde (historikoak, kuantitatiboak eta abar), batek Enric Larreullaren “Dolor de Llengua” edo beste “Sortir de l´armari linguistique” hura irakurtzen ditu eta oso harrigarria egiten zaio ze parekotasun handia dagoen hor kontatzen diren historia pertsonal askorekin, konplejo eta egoera askorekin. Niri batez ere ingurune “periferikoekin” gertatu zait, Valentzia, Alacant edo Balear Uharteetako istorioekin, adibidez.

  • Izarpezelai 2012-09-21 19:51

    Kataluinan katalana hizkuntza nagusia da, biztanleen %70ak hitz egiten duena. Euskal Herrian euskara gutxiengoaren hizkuntza da, %30a mintzatzen dena. Hori da abiapuntua gainontzeko guztia ulertzeko. Bi errealitate linguistiko eta nazionalak, guztiz desberdinak.

    • Eta gainera Katalunia osoan hitz egiten da, hemen arabako iparraldetik kostalderaino joan behar gara euskara naturalki entzuteko.

  • Amonamantangorri 2012-09-23 15:31

    “Herrialde Katalanetan esan liteke ez dela egon, oraingoz, lurralderik hizkuntza galdu duenik”.

    Honenbestez, katalanek lasai asko esan dezakete gaztelania Katalunian atzerriko hizkuntza dela, herritar xeheen artean -eta baita eliteen artean ere- gaztelania entzutea nahiko gauza berria denez gero. Ordea, egungo Euskal Herriaren mapan sartzen diren lurralde guztietan ezin liteke gauza bera esan. Historikoki zein soziologikoki, gaztelania ere hemengo hizkuntza izan da aspaldi xamarretik.

  • Apa Amonamantangorri,

    Nik, aukeran, esango nuke gaztelania Euskal Herriko espainolen hizkuntza dela. Beste kontu bat da, hizkuntz ordezkapenarekin eta menperatze politikoarekin lotua, gaztelania eta frantsesa Euskal Herriko “euskaldunek” ere erabiltzen duten hizkuntza izatea, kasurik gehienetan, beste erremediorik ez dutelako.

    • Amonamantangorri 2012-09-23 18:32

      Orduan, tafallarrak, somorrostrotarrak, laguardiarrak, espainolak al dira? Eta euskal errepublika baten barnean, zertan oinarrituko litzateke haien espainoltasuna, nazionalitatean ala herritartasunean?

      Katalin: azken bi mila urteetako gure historian eta zazpi euskal herrietako egungo hizkuntza-mapan oinarriturik, esaten dudan gauza bakarra da gaztelania ere “hemengoa” dela. Beste kontu bat da nazionalismo espainolaren hegemonismo linguistikoa euskararentzat hilgarria izan dela. Euskal asmo nazional batek defendatu dezakeena eredu askoz ekologikoagoa izanen da, edonola ere.

      • iepa!

        Abiapuntu on bat hau litzateke: zuk hartu tafallar bat eta galdetu lasai ea bera espainola den ala ez. Baietz erantzuten badizu,orduan espainola da. Ezetz, bera “euskalduna” dela erantzuten badizu, orduan, ez da espainola. Eta berdin somorrostrotarrekin, laguardiarrekin, hernaniarrekin eta lesakarrekin.

        Zeurekin ados nago euskal asmo nazional batek defenda dezakeen eredua askoz ekologikoagoa izango litzatekeela; tamalez, ez da zaila ekologikoagoa izaten. Dena den gehiago ikusten dut datozen belaunaldietan euskal komunitatea ahal duena egiten nahi duena egiten baino. Independentzia izanik ere, Euskal Herrian nazionalismo espainiar eta frantsesak erro sakonak eta beso luzeak dauzkate, baita mila baliabide ere bere hizkuntzari zeinahi tokitan bere horretan eusteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude