Hiriburua

Hiriburua –

Hiriburua
Iruñerria. Arg: Euskalerria Irratia

Probokazioa bota du batek. Nahita, noski; probokazioa jakinaren gainean egiten den zerbait baita. Eta bere probokazioan erran du ez duela Iruñea Euskal Herriko hiriburu gisa ikusten.

Eta ongi dago. Ez da deus gertatzen. Euskal Herria bera estatu gisa existitzen ez denez, zertarako nahi luke Iruñeak titulu honorifiko hori izan?

Nik neuk ez dut uste inoiz 7 probintzietako Euskal Herri bat estatu bihurtuta ikusiko dugunik. Nahiko ezkorra naiz horretan. Iduritzen baitzait horretarako aukera gutxi dagoela. Izatekotan, nik posibleago ikusten dut guk denok buruan dugun Euskal Herria independente bat hiru egitate administratiboren batura gisa, nork bere erakunde, hizkuntza eta hiriburuekin.

Nolanahi dela ere, modu bateko zein bertzeko Euskal Herri independentea eraiki nahi baldin baduzue periferiak gutxietsiz eta baztertuz, hau da, Madril edo Parisen eredu zentralistak kopiatuz, nitaz paso egin, ados?

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2021ko urtarrilaren 20koa]

Hiriburua

Iruindarra Iruñean. Kazetaria @LABnafarroa sindikatuan. Irakaslea 'stand by' batean. Kolaboratzailea @fm983irratia n. Ekintzailea @ekonafarroa n.

11 pentsamendu “Hiriburua”-ri buruz

  • Iruñea hiriburua balitz ere, ez litzateke hiri garrantzitsuena. Bilbo edo Donostiatik Baionaraino dagoen jarraipen urbanoa garrantzia ekonomiko eta kultural handiago dute.
    Tamalez azken honek 2 estatu ezberdinetan egotearen traba dauka, bestela esango nuke euskararen metropolia izango litzatekeela, herri euskaldunez inguratu baitago (gaur egun Donostian gertatzen den moduan).

  • Artikulu honetatik arreta deitu didana ez da izan hiriburuaren zera hori. Uste dut euskaldungoaren artean nahiko argi dagoela hiriburu politiko eta historikoa Iruña dela, ekonomiaren ardatza beste nonbaiten egin arren. Arreta deitu didanak hurrengoa izan da:
    “nik posibleago ikusten dut guk denok buruan dugun Euskal Herria independente bat hiru egitate administratiboren batura gisa, nork bere erakunde, hizkuntza eta hiriburuekin.” Ez dakit bertan zer ulertu. Edo Frantzik eta Espainiak oniritsitako estatus arraro bat edo euskal konfederazio bat. Halere, iruditzen zait nazio auzia arrastaka daramala “gure” ezkerrak azkenaldian, guztiz askatzera ausartzen ez den zama bat, bozkak ematen baitizkio. Hori barik, zer litzateke? Beste Podemos bat, akaso…

  • Asier Azpilikueta 2021-01-28 13:45

    Testuaren laburrak ez du laguntzen, eta ziurrenik nik ikaragarri gaizki idatzi nuen, baina adierazi nahi nuen independentzia tradizional bat ia ezinezkotzat jotzen dudala, eta gure begiek (edo gure seme-alabenek) 7 probintziak batuko dituen ZERBAIT IKUSTEKOTAN agian izanen dela euskal lurraldeen konfederazio arraro bat (lurraldeetako bakoitzak bere estatu zapaltzailearekin lotura izan ala ez).

  • Ados, Asier! Nik ere eredu deszentralizatu batean sinisten dut (Espainia eta Frantziaren kateetatik at, betiere), baina hiru esparruena mantentzearena ez dirudit aproposa, hurbilpen arazoak ekarriko lizkigukeelako (nolabait, sasiko independentzia bat litzateke, eraikuntza nazionalari muga sakonak ezartzea). Batasun hori, halere, edonolako independentzia formala baino lehenago indartu beharko genuke, beldur bainaiz geneukan Ipar-Hego Mendebalde-Ekialde elkartasun urria ez ote den puskatzen ari pixkanaka pixkanaka, batez ere hegoaldekook, gehiengoa izanik, pixkat abandunatuta ditugulako gure ipar Euskal Herriko aberkideak (eta EAEn zein Nafarroan nahiko chauvinistak garelako, ze demontre). Halere, gauden egoeran, Estatu ereduaz eztabaidatzea amets egitea da nolabait ere. Hainbeste daukagu egiteke oraindik eta hain gaizki doakigu ezen Euskal Herritar sentitzen direnek, euskaraz jakinda, euskaraz egin dezatenarekin nahiko eta sobera lan daukagu.

  • Benat Castorene 2021-01-29 10:05

    Elgarri lotuak diren hiru ohartxo:
    -EHko hiru zatietan partiduek nazio auzia ixildu nahi dutela nabari da. Nola Gai horri buruz ez diren batere argi eta gainera badakiten boz asko galtzeko arriskua baden, nahiago dute ahantzi.
    Alta gaia tematizatzea ezinbestekoa da euskal mugimendua iratzarrarazi nahi badugu.
    -Gero ez naiz batere segur gerorako euskal estatuaren formaren eta hedapenaren gaineko hausnarketa eta debatea baztertuz batasunari laguntzen diogula. Beharbada alderantziz interpretatua izan bailitzateke baizik eta erraiten dugunean guhaurrek ez dugula sinesten ere.
    -Azkenean euskararen tokiaren garrantzia erabakigarria dela euskal nazio kontzeptuaren eta estatuaren definizio eta hedapenaren gainean.
    Ene oraiko ustez ezin da hiru gai horien aztertze publikoa ustezko gero baterako utzi egiazko legitimitate nazional bat landu eta sakondu nahi badugu. Bozak galdurikan ere.

  • Arratsalde on, Benat!
    Arrazoia daukazu hiru puntuetan, baina bigarrenari emendakin txiki bat egingo diot, zure baimenaz.
    Nire ustez, nazio programa minimo bat bilatu behar da, eta hari horretatik tiraka berrezarri mugimendu independentista. Seguraski ezagunak dituzu Naziometroak orain hilabete gutxi plazaratutako datuak, non badirudien askok ez luketela nahiko Europar Batasunetik kanpoko Euskal Herri independiente bat, edota Estatu ereduak ere haien bozka baldintzatuko lukeela alegiazko erreferendum batean. Ni, Asier bezalaxe, nahiko ezkorra naiz, eta ez dut uste independentzia prozesu baketsu bat biziko dugunik bizitzekotan. Esan ohi da tortilla bat egiteko arrautz batzuk hautsi behar direla lehenbizi, kontua da nola sarraraztea kaskezurrean jendarteari prozesu hori latza izango dela eta independiente izatekotan ez dela kolpez helduko ez inolako iraultza sozialik, ez paradisu terrenalik eta ez inolako utopia magikorik. Laboak kantatzen zuen Brecht-en poema hori, “Denak ala iñor ez”, baina errealitatea da prioritateak ezarri behar ditugula behingoz eta ez milaka frentetan banatuta egon (eta alderdi sasi-abertzaleek prioritate horiek ezarri dituzte jadanik, bereizten dituenak batzen dituenaren aurretik jarriz).

  • Benat Castorene 2021-01-29 22:18

    Programa minimoa laster etapa beharrezkoa izan liteke baina, ene ustez, lehenik galdera bati erantzun behar ginioke: Zer da euskal nazioa gaur? Zerk ahalbidetzen gaitu batzuk oraindik nazio berekoak garela mugaren gainetik?
    Duela ehun urte erranen nuen funtsa etnikokultural berekoak ginela. Bestela esanda adibidez Gamartheko laborari bat eta Barinagako nekezari bat, biak oso antzekoak zirela. Sierra Nevadako mendi elurtsuetan beren ardi tropekin isolatuak zirela, kasualidadez elkar kurutzatzen bazuten, anaiak edo herrikideak bezala elgar ikusiko zuten. Sorlekuaz mintzatuko ziren, “Nevadara joan nintzan” kantatuko zuten ( ezbaitakit noiz asmatu zen) eta musean ariko ziren gehiago balira.
    Gaur, ehun urte geroago, belaunaldi berrietan funts etniko kultural horren sendipena neurri handi batean galdua da eta nola oso aspalditik bi mundu politiko eta sozial desberdinetan bizi garen, joka nezake nazio berekoak izaiteko kontzientzia erabat galdua izango litzatekeela euskara ez baginu atxitxiki azken lokarri bezala, gostarik gosta.
    Hori guzia erraiteko programaz hitz egin baino lehen, ene ustez, argitu behar dugula hizkuntzaren tokia, zeren eta zor zaion tokia emaiten badiogu gauza asko alda bailiteke, oraintxet imagina dezakegun baino gehiago.
    Denok buba orai.

  • Benat Castorene 2021-01-31 10:28

    Buba egin eta azken iruzkinak berrirakurri ondoren banago ez ginuzkeen euskal komunitatearen kontzeptua berritz edo gehiago tematizatu behar. Izan ere, zer bilakatzen da hizkuntza bat ez badugu hiztungoaren komunitatearekiko erlazio organikoan pentsatzen? Bai beti geldituko da linguistentzako azterketa objektu beharrezkoa baita zientzia sozial guztientzako oinarrizko kontzeptua ere. Baina ez ote da laburregi guretako?
    Euskal komunitatea existitzen denetik etsaien tratu txar eta inposaturiko zatiketa politiko guzien gatik eta gure eskas guziengatik egundaino biziraun du baleki bale. Baina gaur bere azkenetan dago. Alta aukera emaiten zaionean berpizten da Nevadako bortietan bezala. Beti eta edonun, Euskal komunitatea defenditzea estrategiaren lehen urratsa ez ote da? Ba ote dugu beste aukerarik?
    Pentsatuko duzue borta idekiak bortxatzen ditudala?
    Halere, segur naiz, normal denez, batzuek pentsatuko dute esentzialistegia eta baztertzailea dela. Alta hautatu beharko dugu.

  • Ondo dinozu, Benat. Komunitatearen kontzeptua berebizikoa dirudit. Kontua da komunitate horren batasuna eta horretarako kontzientzia nondik hasi indartzen, zeren eta beharko ditugu horretarako tresnak, ekonomikoak (merkatu nazionalaren indartzea, kontsumo taldeekin edo), ideologikoak (hezkuntza sistema nazionala), politikoak eta abar eta abar… 7ak 1 kontsigna hori indarge dugu eta berrezarri beharreko zerbait da, ahalik eta lasterren.
    Zer da euskal nazioa gaur? Zerk ahalbidetzen gaitu batzuk oraindik nazio berekoak garela mugaren gainetik? Oso eztabaida polita daukagu hor lantzekoa, eta argumentu zibikoak etnikokulturalei oposatuko zaizkie gogor eztabaida hori plazaratzen denean (hiritartasuna vs herritartasuna).
    Ez dituzu zuk borta idekiak bortxatzen, baizik eta borta idekiek bortxatzen gaituztela gu. Bada borroka bat, berebizikoa, kanpoko kultura eta bertako kulturaren artekoa. Eta horiek masa komunikabideak dira. Gure gazteen hezkuntzarekin oso apal gabiltza eta teknologia berriek ematen dieten askatasunarekin (askatasuna deitu badaiteke) sare sozialek dakarten kanpoko zaborra irensten dute kritikotasun zipitzik gabe. Bada kultura kontsumoaren arloan borroka bat laster taxutu beharko duguna, kultura kontsumoak identitate bati atxikitzeko bidea erraztu edo zailtzen baitu. Baina noski, horretarako gogor jokatu beharko, eta egun gogor jokatzeko beldur handia dago zuzentasun politikoaren zama dela eta.
    Aspaldi beste artikulu bateko iruzkin batean idatzi nuen, identitatea baztertzailea da derrigorrez, bestela etiketek ez lukete ezertarako balioko. Eztabaida andana izan ditut bizitzan egun euskaldun edo euskotar izatea zer ote denaren inguruan, batez ere euskaldun izateaz harropuztu eta erdara ahotan zerabiltenekin. Kasu gehienetan jendea haserretu egin da, baina, zortez, baten batek hausnarketa horri ekingo zionaren esperantza daukat.
    Ez dakit bizi ditugun garaiak ote diren baina badaukat jendea geldiegi dagoenaren susmoa eta asmatu beharko dugu jendea nola akuilatu euskal bizitza publikora berriz engaiatu daitezen, dagokigun lan hau ez baita hauteskundeetan bozkatutakoaren bidez gauzatuko.

  • Benat Castorene 2021-01-31 12:52

    Eskerrik asko diozunarengatik, Otsaburu, gauza asko berdin sentitzen ditugula jakiteak animatzen nau eta.
    “asmatu beharko dugu jendea nola akuilatu euskal bizitza publikora berriz engaiatu daitezen…” hau borroka politiko guzien premia da.
    Sentitzen dugun egia jorratu eta adierazi behar dugu lehenik baztertzailetzat joak izan beldurrik gabe. Onestatea da eta ezinbestekoa da bestenaz elgarren konfiantzia ezin da oinarritu.
    Hasian hasi, urrengoan, borta idekiak bortxatzeko arriskua berriro hartuz, defendatu behar baldin badugu, entseiatuko naiz formulatzen nola ikusten dutan komunitatearen (ene?) ideia.
    Anartean, pasazu igande on bat.

  • Euskerara jendea (jende gehiago) erakartzea lortu nahi badugu, kulturgintzari ekin beharko diogu berriz ere.
    Hau da, euskeraren historia, pentsaera edo antropologia, literatur ekoizpena… eta abar ezagutzera ematea gaur egungo gizarteari. Euskal hizkuntzara motibatzeko, euskeraren balioa eman behar da ezagutzera, hau da, geure hizkuntzari buruz EZ eskoletan, EZ Institutuan, EZ unibertsitatean erakutsi EZ diguten guztia.
    Zelan eman ezagutzera. Pako Aristiren artikulua dela eta (Euskeraren bigarren heriotza), proposamen bat egin nuen, baina hor gelditu zen.
    Hau da, euskadunen nukleo eranginkor bat osatu, lehenbizi. Aski hutsala dakusat kexu eta mitinetan geratzea.
    Lantalde bat osatzea lortu behar dugu herrialde bakoitzean, kulturgintzari ekin ahal izateko. Hiru-lau pertsonako lantaldeak.
    Lantalde horiek osatzea lortzen badugu (hizkuntza, antropologia, historia, literaturan… adituak), bizirik eta aktibo diren Kultur Etxeei programa zehatz bat eskainiko genieke, eta uste dut aise onartuko luketela. Hortik hasi.

    Edota eskola-irakasleetatik has gaitezke (ez dakit nik)
    , hor ematen baita lehen porrota, hots, euskeraren eta euskaldunen historia EZ dela irakasten ikastoletan ere.
    Hor ere ANAYA eta halako editorialetako programak erabiltzen dituzte (euskera berantiarra eta abar)

    Gauza da nonondik mugitzen hastea. Zein plataforma erabili hastapen horretarako? Hauxe adibidez: ZUZEU, INDEPENDENTEA.